Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Indar kosmikoa

Dokumentuaren akzioak

Indar kosmikoa

Les Ballets-Jazz de Montreal

Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Data: Martxoak 12.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/03/15
Lotura
Berria

Donostiako Viktoria Eugenia antzokia beteta zegoela eta Iparraldeko ikusle askoren presentziarekin aurkeztu du bere distira Quebeceko Ballets-Jazz de Montreal konpainiak.
Gaualdiak hiru koreograforen pieza bana eduki du, eta haietariko lehena Itzik Galiliren Mono Lisa izan da. Zazpi minutuko lan berezi honetan pas de deux moduko bat garatu du eszenako bikoteak, idazmakina batzuen zarata mekanikoekin egindako soinu-bandak lagunduta. Bai emakumeak bai gizonak agerian izan dituzte hankak, izterretatik oinetaraino baina ballet-zapatilak jantzita, eta beren eboluzio zatikatuen artean atseden laburrak hartu dituzte, hurrengo abiapuntura ibilera lasaian joanez. Kontraste bitxi hori mugimenduaren diseinu deseraikian ere nabarmendu da, gimnastika eta akrobazia ederki uztartu baitira ballet klasikoko jarrera eta pauso nagusiekin.

Hasierako lan labur horren ostean, Andonis Foniadakisen Kosmos etorri da, Julien Tarrideren musika berezian bilduta. Greziar koreografoak gaurko mundu kaletarra jaso nahi izan du lan honetan, bertan sortzen diren deskonpasak eta ausazko elkarketa laburrak konbinatuz. Beltza izan da dantzarien jantzietako kolore bakarra eta ez da bereizketarik egin gizon eta emakumeen artean, gorputz bakoitzari egindako moldaketetan izan ezik. Aldiz, diseinu gogor horrek eta argiztapen tristeak nabarmen oztopatu dute dantzarien eta hondo beltzaren arteko kontrastea, eta nolabaiteko gristasunez kutsatu dute dantzaren diseinua.

Hasiera batean, dantzariek mugimendu segida erritmikoak garatu dituzte, esku eta oinen erritmoan bat eginik baina gorputzen mugimenduetan elkarren arteko desberdintasunak bilatuz. Une askotan iruditu zaigu koreografoak ez zuela ezer eraiki nahi, dantzariak musikaren eta erritmoen aginduak betetzera mugatu baitira, energia askorekin baina emozio gutxirekin, hiri-bizitzan bezalaxe. Osterantzean, soinu industrialak nagusitu ahala, indartsuagoa bihurtu da koreografia bikoteen arabesko konplikatuak tarteko. Beranduagoko pas de deux futurista eta asaldatu baten ostean perkusioa eduki du dantzak atzean, eta amaiera aldera elur erauntsi batean erdian agertu dira dantzariak, izpiritu isil bihurtuta, elurra izaten delako hiri-erritmo zoroa gelditu ahal duen indar kosmiko bakarra.

Azken atala —Harry— orain urtebete pasatxo ikusi genuen Bilboko Arriaga antzokian, konpainia honen beste egitarau batean. Eltzearen estalkia deitu zen orduko kritika, Harry izeneko protagonistak bere neska maitea bilatzen duelako eltze batekin, ea nork daukan kazolarako estalki egokia. Errauskineren ipuin eraberritu honek West Side Story-ko estetika dauka oinarrian eta era askotako musikak ditu lagun, swing estiloko abesti edulkoratuak eta Mediterraneoko folklore garaikidea nagusiki. Barak Marshall estatubatuarrak koreografia fresko eta alaia diseinatu du, eta talde osoko eszena dantzatuen artean umorezko pasarte antzeztuak tartekatu dira, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez, pantomima kutsuko amaiera gozoa emanez quebectar konpainiaren bisita honi.

Les Ballets-Jazz de Monreal konpainiaren <em>Mono Lisa</em> obra.

Les Ballets-Jazz de Monreal konpainiaren Mono Lisa obra. Z / EZEZAGUNA

Dokumentuaren akzioak