Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Inauterietatik gehien gustatzen zaidana herri guztiaren partzehartzea da»

Dokumentuaren akzioak

«Inauterietatik gehien gustatzen zaidana herri guztiaren partzehartzea da»

Ane Bereau Etxeberria, Arantzako Mozorro Zuria

«Neska herrikoia, alaia eta bertzeei laguntzeko prest dagoena». Halaxe aurkeztu digu Ane Bereau Etxeberriak (Arantza, 2000) bere burua. Musika du zaletasun haundiena eta kontatu digunez, «ttikitatik trikitixa jotzen dut eta geroztik bertze musika-tresna pare bat jotzen ikasi dut».
Egilea
Ttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/02/12
Lotura
Erran

Maite du bere herria, baina azken boladan etxetik urruti dabil. Non eta Madrilen, Terapia Okupazionala ikasten. «Nahiko pertsona enpatikoa naiz eta nire ikasketen bitartez gizarteari ahal den neurrian laguntzen saiatu nahi nuen eta ikasketa politak iruditu zitzaizkidan». Erran beharrik ez dago «aldaketa haundia» izan dela Arantzatik Madrilera joatea, eta hala baieztatu digu berak ere: «Madrilen jendea lasterka bizi da, ondokoari zer gertatzen zaion ohartu gabe».

Besta bereziak

Sorterritik 500 bat kilometrotara badago ere, distantzia ez da oztopo izaten etxera bisitan etortzeko. «Hilabetaen behin gutti goiti-beheiti Arantzara etortzen naiz». Ate joka diren herriko inauterietan ere ez du hutsik eginen, bereziak direlako beretzat. «Ttiki-ttikitatik inauteri giroan haziak gara. Haur Hezkuntzatik inauterietako ohiturak jarraitu ditugu eta oroitzapen hoberenak inauteriak hasten ziren momentuak dira, Mozorro Zuriak eskolara etortzen zirenekoak».

Arantzako eskolan zebilela, eskean ibiltzen zen, etxez etxe eta baserriz baserri, trikitixa hartuta. «Urteko egun berezienak ziren», dio. «Bi egun oso lagunartean pasatzen genituen eta giro hagitz polita sortzen zen bai lagunekin baita herriko jendearekin ere». Herriko eskolatik atera zenean, ordea, inauteriak bertze modu batera ospatzen zituen. «Inauteriak ospatzeko larunbata bakarrik genuen eta nahiko motz egiten zitzaigun». Orain, ordea, inauteriak gehiago aprobetxatzeko alderdia egiten du, ttikia zela miresten zituen pertsonaia haietako bat baita orain bera: Mozorro Zuria.

«Inauterietatik gehien gustatzen zaidana herri guztiaren partzehartzea da»
Hirugarren urtez Mozorro Zuri aterako da Ane Bereau aranztarra.

 

Hirugarrenez Mozorro Zuri

«Aurten hirugarren urtea» izanen du Mozorro Zuri eta «hagitz esperientzia ona» dela onartu digu: «adina alde batera utzita, denak batera egoten gara». Bere hitzetan, Mozorro Zuri atera ala ez, inauteriak «aunitz» aldatzen dira. Eta gaineratu digunez, «inauteriak ongi aprobetxatzen dituztenak puxka-puxka ibiltzen diren haurrak eta Mozorro Zuriak dira. Tarte horretan inauteriak ez dira berdin bizitzen».

Mozorro Zurientzat «egunik bereziena ortzeguna» dela adierazi digu Bereauk: «inauteriak orduan hasten direlako eta baserriz baserri ibiltzen garelako». Hala ere, inauterietatik «gehien» gustatzen zaiona «herri guztiaren partehartzea» omen da: «denoi esker, inauteriak gozatzeko aukera dugu».

Inauteriak ortzegunetik larunbatera izaten dira Arantzan, baina ez dira hiru egunetara mugatzen Mozorro Zuriak. «Inauterien ondotik kontuen afaria eta bertze hainbat afera izaten dira Mozorro Zurien artean. Beraz, aste pare batez luzatzen dugu ospakizuna». Baina gero gerokoak. Orain egutegian gorriz seinalatua izanen duen otsailaren 14a noiz ailegatuko esperoan egonen da Bereau, eta bera bezala, aranztar gehienak ere bai. Arantzako gaztearen irudiko, «galdu ezin den plana delako».

Dokumentuaren akzioak