Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterietarako prestatzen

Dokumentuaren akzioak

Inauterietarako prestatzen

Astebete pasa geratzen da inauterietarako, eta herri askotan, mozorroak eta pertsonaiak prestatzen ari dira. Tolosan, jantziak josten ari dira; Lantzen, pertsonaiak prestatzen; eta Iturgoienen, joaldunen joareak egiten.
Egilea
Irene Arrizurieta - Araitz Muguruza
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2014/02/19
Lotura
Berria

Joaldun taldeak Europa osoan dira ezagun, baina Euskal Herrian, urte askoan Ituren eta Zubietan baizik ez da gorde ohitura hori. Urtarrilaren azken astean entzun ziren haien doinuak bi herriek urtero elkarri egiten dioten bisitan. Beste zintzarri mota batzuk ere entzunen dira hurrengo egunetan beste hainbat herritako inauterietan: Lantzeko txatxoek, Unanuko mamuxorroek, Altsasuko momotxorroek eta hango eta hemengo hartzek eramaten dituztenak, hain zuzen. Natura esnatzeko eta izpiritu txarrak uxatzeko erabili ei dira joareak inauterietan, babeserako elementu gisa.

Lurrari lotutako gizartean du jatorria nekazari inauteriak, eta giro horretan, abeltzainek animaliei jartzeko erabiltzen dituzten joareek zeresan handia dute. Baina inauterietan bakarrik ez, abeltzainentzat ezinbesteko elementu dira aberea non dagoen eta nondik nora mugitzen den jakiteko baliagarri direlako.

Gutxi baina oraindik badira joare egileak Euskal Herrian; hiru bakarrik gelditzen dira, guztiak ere Nafarroan. Horietako bat da Jose Antonio Lazkano. 52 urte ditu, eta 15 urte zituenetik dabil joareak egiten. Iturgoienen du lantokia; Lizarraga mendikatea ikusten da handik, eta inguruko belazeetan bazkatzen dabiltzan ardien eta behien joare soinuak entzuten dira. Familian hirugarren belaunaldia da joareak egiten. Aitak, Epifanio Lazkanok, erakutsi dio ofizioa. 89 urte beteak, erretiroa aspaldi hartu zuen, baina oraindik joareak gozatzen laguntzen dio semeari. Bestela, bakarrik aritzen da semea. Joare onak egiteko mailuarekin abilezia handia behar dela azpimarratu du Jose Antonio Lazkanok. «Makinaz egiten ditugula uste izaten du jendeak, baina dena eskuz egiten da, joare bakoitza neurrira egina dagoelako. Maiz pasatu behar da eskutik, eta horrek denbora eskatzen du».

Bi metro luze eta bat zabal den burnizko txapa zizailarekin moztuz hasten du joarea egiteko lana. Mozketa joare mota bakoitzak duen ereduari jarraituz egiten du. Hurrengo pausoa forma ematea da. Ingudean jarri, eta mailuarekin kolpeak emanez lortzen da nahi den forma. Behin forma emanda, joareari heldulekua eta mihia eustekoa jartzen zaizkio. Eginkizun hori bukatuta, pieza bakoitza letoizko txirbilarekin biltzen da.

Izan ere, letoiak ematen dio bereizten duen kolorea. Buztinarekin estaltzen da ondoren. Behin buztina lehortuta, labean sartzen da joarea. Lantoki ondoko etxabean du propanoko labea Lazkanok. 1.200-1.300 gradutan ordu eskas edukitzen ditu. Tamainaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago egoten dira labean: «Garai batean, ikatzarekin pizten genuen. Labea ez dut astero pizten, baina pizten dudanean, egun osoa piezak laberatzen ematen dut». Pieza labetik ateratzen denean, eta hozteko uretan sartu aurretik, horretarako prestatua duen makina berezi batekin itzuliak ematen zaizkio piezari, letoia ongi zabal dadin. Hurrengo pausoa moldea hautsi eta pieza leuntzea da.

Joarearen forma bezain garrantzitsua da hark egiten duen soinua. Mihia jarri aurretik, joarea findu egin behar da, eta ez da lan erraza izaten. «Labetik ateratzean, tonu askoko joarea dugu. Desafinatua ateratzen da, eta soinua ateratzearekin batera, min hartzen duzu belarrian».

Banan-banan, doinu egokiaren bila kolpeak ematen zaizkio piezaren ahoan joare bakoitzari. «Batzuetan, bi kolperekin nahikoa izaten da, eta, beste batzuetan, 30-40 behar izaten dira. Joare eredu bakoitzak eskalaren tonu bakoitzarekin egokitua izan behar du», zehaztu du Epifanio Lazkanok. Nahiz eta tamaina bera izan, eredua ezberdina bada, soinua aldatu egiten da.

Kalaxkak, borobilak, ardientzako ohiko dunbak, edota joaldunentzako dunba handiak, mila aldaera baino gehiago egiten ditu Lazkanok lantokian. Joare garestiena joaldunek erabiltzen dutena da: 160 euro balio du. Merkeena, berriz, bi euroan saltzen du, oilagorretarako erabiltzen diren zakurrei jartzen zaien txintxarria da. Bezeroak ere ez zaizkio falta. Denetarik du: burdindegiak, azokaz azoka saltzen ibiltzen direnak, inauterietarako nahi dituztenak edo herrian joaldun taldea eratu duten sailak. «Tradizioa Zubieta eta Iturendik dator, baina orain Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroako beste herri askotan daude joaldunak. Duela gutxi Larragatik etorri zitzaizkidan joaldun talderako joare eske». Pozik da egiten duen lanarekin. Krisia zertxobait nabaritu duen arren, lana ez zaio falta. Eskaeren arabera lan egiten du. «Baditugu aspaldiko oso bezero onak. Etxera etortzen zaizkit eskaera egitera; ez naiz etxetik mugitzen». Urtean zenbat joare egiten dituen galdetuta, ez daki erantzuten. Ereduaren arabera da. «Hilabete batean, labealdi bakarrean, 500 egin ditzaket, eta beste batean, 200».

Ofizioarekin jarraituko duenik ez du. Bi alaba ditu, eta ez dute interesik aitaren lanean.

Miel Otxinen jantziak

Martxoaren 2an, 3an eta 4an ospatuko dituzten inauteriak prestatzen hasiak dira Lantzen (Nafarroa). Herri txikia izanik, inauterien prestaketa lana herritar guztien artean egiten da. Urtero zozketa bidez aukeratzen diren maiordomoak arduratzen dira nork zer egin behar duen zehazteaz.

Horiek arduratzen dira ere martxoaren 4an herriko plazan erreko duten Miel Otxin panpinaren jantzia eta betetze lana egiteko materiala erosteaz. Duela zazpi urte arte Bernardina Oieregi herriko jostunak egiten zuen Miel Otxinen jantzia, baina adinean aurrera zihoanez, Isabel Baleztenari pasatu zion lekukoa. Harrezkero, bera arduratzen da Miel Otxinen galtzak eta alkandora josteaz. «Behar dudan oihala ekartzen didate maiordomoek, eta etxean josten dut». Igande arratsaldeko Miel Otxin txikiaren jantziak ere berak egiten ditu.

Lan horretan ari da egunotan Baleztena, eta inauteriak hasi baino astebete lehenago joanen zaizkio maiordomoak jantziaren bila. Jantzia ez eze, buruan jartzen zaion ttuntturroa ere egiten ari dira egunotan herriko beste bi emakume. Bitori Eugik eta Margarita Zigak dute ardura hori. Kartoi gogorrez egindako kapela konikoari, kolore biziko eta askotariko paper zerrendak itsasten ari zaizkio.

Miel Otxin behar bezala prestatzeko, inauteri aurreko astean hitzordua egiten dute herritarrek Lantzeko ostatuan. Heldu den ostegunean, hilaren 27an izanen da hori. «Oso etxekoa da ekitaldia, herrikoak bakarrik egoten gara», azpimarratu du Baleztenak. Hiru metro inguru duen panpina kolore biziko alkandorarekin eta galtza urdinekin jantzi, belarrez beteko dute, ondoren buruan kapela jartzeko. Astearte arratsaldean, plazan zortzikoa dantzatu ondoren, galtzak eta alkandora urratuko zaizkio labanarekin. Erreko dira jantzia eta barruan duen belarra, baina egitura gorde eginen da. Horregatik prestatzen dute urtero jantzia. Txanoa ere baztertuko dute erre baino lehen, baina paper zerrendak asko izorratzen direnez, urtero berritu egiten zaizkio.

Lantzeko inauterietako beste pertsonaiak —Ziripot, txatxoak eta Zaldikoa— astearteko kalejira baino lehen prestatzen dira. Otorduaren ondoren, herritarrak ostatuko ganbarara igo eta janzten dira.

Mozorroak erdi prest, Tolosan

Inauteriak zenbat eta gertuago orduan eta jostun gehiago izaten dela esaten dute Tolosan. Pili Lasa urte osoan aritzen da josten, kaleko jantziak egiteko eskaerak egiten baitizkiote, batez ere ezkontzetarakoak. Aurten mozorro asko ari dela egiten zehaztu du: «Izan da hemen mozorro asko eskatu ez den garaia». Ez da aurtengoaren kasua, mordoxka bat egiten aritu eta egiten ari baitira. Eta horietako asko dagoeneko jabeen etxean daude.

Mozorroak egin nahi dutenak ideia finko batekin joaten dira Lasarengana. «Askoz hobeto horrela», hura eredu hartuta egiten baitute jantzia ondoren jostunek. «Gaur egun etortzen diren guztiek ekartzen dute nahi duten jantziaren eredu bat; hura kopiatuta ateratzen dugu jantzia guk». Lehen aldizkariak eta erosten aritzen zen Lasa, bezeroaren asmoei irudi bat jartzeko, baina ohitura hori galdua dutela gaineratu du. Behin egin nahi duten mozorroa zein den zehaztuta, bezeroari neurriak hartzen dizkio Lasak, eta beharrezko oihalak lortu ondotik hasten da lanean.

Patroia egin, eta oihala haren arabera moztu, eta gero josten hasi. Jantzi bat egiteko eskatu duenak jarraipen bat egin behar izaten du; mozorroekin ere protokolo bera jarraitzea gustatzen zaio Lasari. Horregatik, erabat bukatu aurretik proba bat egiten dio bezeroari. «Badaezpada». Izan ere, moldaketak eta egiteko tartea ematen zaio jostunari proben bitartez: «Inauterietako jantziak izanagatik, ongi egindakoak izan behar dute nire iritziz».

Lantegian badauzka jantzi batzuk, zintzilik, entregatzeko pronto. Ez ordea, asko; gehienak eman dituelako dagoeneko. Lan erdiak eginak ditu, hortaz. «Azkar mugitzen dira, oro har, tolosarrak, batez ere karrozetan eta atera behar dutenak. Kuadrilla handiak izaten dira, eta ongi dakite azkar mugitu behar dutela». Eguberrien aurretik egiten dute eskaera goiztiarrenek. Baina azken orduko despistaturik ere bada. «Talde oso txikia izaten da horiena, asko jota hiruzpalau lagunena».

Betiko mozorroek, arrakasta

Hiru egunetan mozorrotzen dira Tolosan, eta zenbaitzuek egun bakoitzean mozorro bat janzten dute, berri-berriak sarri. «Urte batzuetan etortzen zaizkigu bezeroak egun bakoitzerako mozorro bana egitea nahi izaten dutenak». Kuadrillan ateratzeko, familian ateratzeko... norekin atera, hura janzteko joera dago Tolosan. «Hemen jendea oso karnabaleroa da», gaineratu du irribarrez. Bihar zortzi txilaba soinean dutela irtengo dira kuadrillak kalera. Horiek ere egiten ditu Lasak. Normalean baino gutxiagotan berritzen den jantzia izaten dela zehaztu du: «Gutxi dira sarritan txilaba berria egiten dutenak».

Era askotako mozorroak egiten dituzte Lasaren lantegian, baina arrakastarik handiena betikoek dutela dio jostunak. Hippyak eta pailazoak izan dira aipatu dituen lehenengotarikoak. Animaliaz janztea hautatzen dutenak ere asko direla zehaztu du. «Animalien mozorroak asko egin ditugu aurten ere». Eguraldiaz fio ez direnen hautaketa izaten da sarri, baita familia osoa berdin jantzita irteteko modua ere.

Ez du gogoan azken hilabeteetan egin dituen mozorroen kopurua: «Ni jartzen naiz josten, eta zenbat egiten ditudan ez dut kontuan hartzen; hori bai, mordoxka bat izango dira». Egin dituen mozorroen kopurua, mozorroak egiten zenbat denboran aritzen den izaten du gogoan: «Eguberrien jiratik hona ari gara josten». Inauteriak gainean diren arren, Lasak betiko lanorduak egiten ditu: «Egun osoa ematen dut hemen: goizeko bederatzietatik iluntzeko bederatzietara; alde horretatik, ez dago aldaketarik».

Josten ikasteko eskolak ematen ditu goizez eta arratsaldez —duela 38 urte hasi zen irakasten—, eta guztira, hamar bat ikasle ditu. Ikasleetako askok euren mozorroa egiteko aprobetxatzen dituzte eskolak. «Nik mozten diet oihala; jostea, berriz, euren esku. Bukatzen dutenean, gainera, inguruko lagunena ere egiten hasten dira». Gelditu gabe aritzen direla dio.

Pili Lasa Tolosako jostunak ia prest ditu inauterietarako jantzi guztiak. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS


Herritarrak arduratzen dira Miel Otxin prestatzeaz. / JON URBE / ARGAZKI PRESS


Jose Antonio Lazkano Iturgoienen duen lantokian joareak egiten. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak