Dokumentuaren akzioak
Inauterietarako oihalen bila
Azkeneko bi urteetan ekitaldi asko ezin izan dira ospatu osasun larrialdia dela eta —iazko inauteriak, esaterako—. Eta Ane Colinasek eta haren kuadrillak ideia bat izan dute: COVID-19agatik bertan behera gelditu diren ekitaldietan oinarritzea mozorrotzeko. Colinas ezkongai jantziko da, amaren soinekoarekin, eta beloaren bila joan da Donostiako Kiloka Oihalak dendara. Gertu dira inauteriak. Oihal bila dabiltzan herritarren joan-etorria etengabekoa da dendan.
Estibaliz Mitxelena dendako jabeak azaldu duenez —1985ean zabaldu zuten, Gros auzoan—, giroa lasai zegoen, baina Tolosako (Gipuzkoa) inauteriak ospatuko direla jakinarazi zutenetik «mugimendu gehiago» dago. «Jende gehiago ari gara nabaritzen dendan. Horrez gain, ikastetxeetako gurasoak ere etortzen dira seme-alaben mozorroetarako oihal bila». Izan ere, ikastetxe gehienetan iaz ez zituzten inauteriak ospatu.
Ainhoa Faria, adibidez, alabarentzat txaleko bat egitekotan da, Txantxo pertsonaiaren mozorrorako. «Asko eskertzen dut horrelako dendak egotea», esan du. «Gomendio onak ematen dituzte». Duela egun gutxi, denda berean egon zen, semearentzat kaldereroetarako oihala erosten. Mitxelenak dio horretarako daudela: «Saiatzen gara gomendioak ematen. Eredu batzuk ematen dizkiegu bezeroei».
Amona bat iritsi da, bilobarentzako filtro baten bila. Beste emakume bat, semearen trapujale jantziarentzat tirak erostera. Momentu batzuetan, denda erabat beteta dago. Osagarri bila doaz asko. Errenteriatik (Gipuzkoa) joandako ama-alaba batzuk ere hala dabiltza, oihal bila: Olinpiar Jokoetako sarien mozorroak egitekoak dira herri horretan, eta gazteak azaldu du kuadrilla osoa jantziko dela Olinpiar Jokoez.
Donostiako beste emakume bat 14 urteko alabarekin joan da dendara. Oihal beltza behar zuten, Harry Potter pertsonaiaren mozorrorako. Alabak nabarmendu du bere inguruan «gogo handiz» daudela inauteriak ospatzeko. Hala dabil Alejandra Cantos ere: lagunekin batera, katuz jantziko da hurrengo asteburuan. «Begi mozorro batzuen bila etorri naiz. Oso animatuta gaude aurten inauteriei begira».
Maddi Barrena dendaren jabearen alaba da, han egiten du lan, eta nabarmendu du herritarrak «gogotsu» daudela. «Donostian haurrak izaten dira gehien mozorrotzen direnak, baina jende heldua animatzen ari dela ikusten ari gara. Gazteak ere bai, azken unean». Txaro Aristi dendako langileak, dena den, ohartarazi du aurtengo giroa ez dela pandemiaren aurreko urteetakoa. «Hori bai, guraso asko datoz haurrentzako mozorroak prestatzera». Amonak ere bai.
Azken-azken unera arte
Euskaraz fin egiten dute Kiloka dendakoek. Euskaldunak dira bezeroetako asko ere. Dendakoek azaldu dutenez, kaldereroetan «dezente mugitu da jendea». Badira, halaber, Gros auzoko beste zenbait bezero, inauterietarako ez diren oihalak erostera joan direnak. Izan ere, askotariko eskaintza dute dendan. Secundino Esnaola kalean dago, eta klasiko bat da auzoan.
Bezero batzuk presaka dabiltza, beste batzuk lasaiago. Hiru seme-alaba txikiekin da ama euskaldun bat —ez du izena eman—, haientzat oihal bila, eta ihardetsi du kontu polita dela inauterietakoa, «prestaketaz gozatzen baldin bada».
Badira inauterietako mozorroarena azken momenturako utziko dutenak. Argi du hori Mitxelenak, dendako jabeak: «Datorren astean jende asko etorriko da oihal bila. Jendeak azken-azken unerako uzten du». Edonola ere, baziren aurten inauteririk egongo ez zirela pentsatzen zutenak. Alde horretatik, Mitxelenak zera uste du: «Pasatu ditugun azkeneko bi urteen ostean, herritarrek inauteriak ospatu nahi dituzte: festa nahi dute, ospatu».
Lau egun barru izango da Ostegun gizena. Gaur, berriz, Kresalako inude eta artzainak ariko dira dantzan, 12:00etan hasita, Donostiako Parte Zaharrean.
Dokumentuaren akzioak