Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterietarako deia

Dokumentuaren akzioak

Inauterietarako deia

Zubietako eta Aurtitz auzoko joaldunen bisita jaso zuten atzo Iturenen, eta gaur alderantzizko bidea egingo dute; hasi dira inauteriak.

Egilea
Irune Lasa
Komunikabidea
Berria
Tokia
Ituren
Mota
Albistea
Data
2008/01/29

«Larunbatetik hona? Lau bat ordu». Lo gutxi egin du hamaiketakoan anisa edaten ari den mutil gazteak. Mozorrotuta aterako da eguerdian. Atzean, argazki eta telebista kamera artean, lanean ari da Jose Mari Fagoaga joaldunei janzten laguntzen, tartean hamar urteko Haritz eta 17 urteko Gorka semeak. Flashak pizten dira joareak lotzeko soka tiratzen duenean. 30 urtetan, 15 zituenetik, aritu da joaldun Fagoaga eta gaur ere ez du huts egingo. Sergio Iparragirrek zortzi urte daramatza joaldun izaten eta gaurko egunez, astelehenez, joarekin jarduten momentua da, «zalantzarik gabe», inauterietako unerik onena. «Barruan daramagun zerbait da. Sentitu egiten dugu».

Mutil eta neska abegitsuak. Duela hogei urte inauterietan joaldun lanetan jarduten ziren lehen emakumeak izan ziren Altsu ahizpak, Amaia eta Jone, Belen Azpiroz eta Arantza Zabala. «Arrautza frijiturik edo xerra edo pastelik nahi? Salda, kafea, ardoa?».

 

OKERREKO TOKIAN. Emakumea garrasika ari zaio (gazteleraz) irina bota dion mozorrotutako haurrari. «Zergatik egin duzu hori?». Plaza guztia ari begira gelditu da eta joan egin da. Okerreko tokian zegoen. Bisoizko beroki batek bere azken eguna Iturengo inauterietan bizi izan zuenekoa kontatzen hasten da norbait ondoan. Puskak biltzera joan diren joaldunak

Latsaga auzoan zain, Zubietako eta Aurtitz auzoko joaldunak noiz etorriko. «Badatoz!». Bat-batean urduri. Bi ilara luzetan bildu dira joaldun guztiak. Bertako 24 joaldunak eta hiru gaztetxo lehendabizi, Aurtizko zortziak ondoren, hartza erdian eta Zubietako 20 joaldun atzean. Lazaro Erregerenaren adarra eta joareen taupada bailara guztian entzuten dira.

Iturengo plaza. Eguzkiak ederki berotzen du orain. Abba-ren musika, txaranga eta joare hotsa. Karrozak eta mozorroak. Hesteak eta sardina zaharrak, irina... jaurtitzen ari dira; ez dute taloetarako ilara haustea lortu, baina trukatutako motor mozorrotuak ez du arazorik bidea egiteko. Aurten ez dago motozerradunik...

Atsedena eta mokadutxoa hartuta, abian dira joaldunak. Elkar agurtu eta talde bakoitza bere herrira itzultzen da. «Bihar arte!» Bihar (gaur ) Iturengoak joango dira Zubietara. Inauteriak dira.

Bi herri joareen taupadan bilduta

Zubieta eta Ituren arteko bidea zintzarri hotsez betetzen dute joaldunek, mendez mende, urtez urte errepikatu den erritualean.

Ohitura

Joaldunen ohitura noiztik datorren ez dakigu, baina gutxienez 500-600 urtean igaro dira inauteriak joare hotsean Iturenen eta Zubietan. Otsoa uxatzeko erabiltzen omen zituzten artzainek joareak, eta zeregin bera omen zuen Aurtizko (Iturengo auzoa) eta Iturengo joaldunekin agertzen den hartzak ere. Asmoa sorginak uxatzea izan zitekeela pentsatzen duenik ere bada, sorginak edo espiritu gaiztoak. Gaur egun, joarearen soinua festarako deia da gehienentzat.

Jantziak

Iturengo eta Aurtizko joaldunak. Galtzerdi zuriak, gomazko abarkak, mahoizko galtzak eta alkandora koadroduna; joareak pasatzen ariko direnak halaxe jantzita daude. Hamaiketakoaren ondoren jantziko dira, bi adiskideren laguntzarekin. Lehenengo, galtzen gainetik, saihetsetatik belaunetaraino azpiko gona luzea jartzen dute. Haren gainean ardi larrua doa gerriaren bueltan, gerriko batez lotua. Soka luze batekin joareak lotzen dira ondoren. Ondo lotu ere, oina joaldunaren aldakan jartzen baitu laguntzaileak sokatik tira behar bezala egiteko. Aurrena gerrira inguratuta, eta, ondoren, bigarren ardi larrua atorra moduan lotzen da soka eta bi zintzarri txiki ere zintzilikatzen dira, joareen gainean. Lepoko gorria jantzi eta ia prest daude. Hartu buruan ttunturroa, koloredun zinta eta lumekin hornitutako metro erdi inguruko txano konikoa, hartu eskuin eskuan behor buztanarekin (beltza izan behar du) egindako isipua eta prest da joalduna.

Zubietako joaldunak. Alkandora zuria daramate hauek, eta zapi urdin koadroduna lepoan. Arinago jantzita doaz, ardi larrua gerrikoan bakarrik eramaten baitute. Zintzarri txikirik ere ez dute.

Gaur egun, jantzi eta erantzi egiten dira joaldunak, baina garai batean egunak egiten zituzten ardi larruak eta joareak kendu gabe. Lo ahuspez egiten zuten. Azpiko gonak eta ttunturroak, dirudienez duela ehun urte inguru edo gehitu ziren joaldunen jantzira. Ordura arte, ardi larrua eta joareak bakarrik eraman ohi zituzten.

Joareak

Gaur egun ez dute San Kristobalik urtzen Iturenen joareak egiteko. Biarnon erosten dituzte, Oloruetik hurbil dagoen Nay herrian. Enkarguz egiten ditu han artisau batek, eta denbora puska baterako lana du, 20 joare enkargatuta baitaude Iturenen. Kobrezkoak dira joareak. 10 litro hartzen dituzte handiek, hiru bat kiloko pisuarekin, baina zortzi litro hartzen dituztenak ere badira (bi kilokoak). 600 euro inguru balio du joare handien pareak, eta 500 zortzi litrorekin osatutakoak.

Soinua

Joareak behar bezalako soinua izan dezan ahalegintzen da egilea, baina ez ei da horren erraza. Bautista Bereaut joaldunak azaldutakoaren arabera, duela bizpahiru urte Iturenera ekarritako 16 joareetatik hiru irten ziren «onak». Urrats edo jauzi bakoitzean zintzarria behin astintzen dute bai Zubietakoek bai Iturengoek. Aldiz, aurtiztarrek bi kolpe ematen dizkiete joareei. Dena den, guztiek bat egiten dutenean Aurtizko joaldunek ere kolpe bakarra egiten dute . Horrela, joare guztien soinu bateratuak taupada modukoa osatzen dute. Lehen lerroan doan joaldunetako batek adarra ere jotzen du, ilarak abiatu edo gelditzeko.

Egutegia

Urtarrileko azken asteburua dute Zubieta eta Iturenen inauterietarako erreferentzia. Francoren diktadurak inauteriak debekatu zituenean, diote Ituren eta Zubieta kontrolpean zituen agintari militarrak festa baimendu ziela bi herriei, egunak aldatzeko baldintzarekin. Gero, erdi ezkutuan ibiliz erdietsi zuten ohiturari eustea. Ordutik inauteriak ospatzen lehenak dira Malerrekako bi herriok. Ostegunean hasten dute festa, aratxea hil eta haren gibela jaten dute afaritan. Ostiralean atseden hartu, eta larunbatean ekiten diete inauteriei, gosari, puska biltze, hamaiketako, bazkari eta afariak bata bestearen atzetik lotuz asteazkeneraino. Astelehenean joaldunak Iturenera biltzen dira, eta asteartean Zubietara, beti Aurtitz auzotik igaro eta hango joaldunak jasota. Larunbatean bilduko dira gazteak, kontuak egiteko. Iturengo Elkarteak, esaterako, 15.000 euroko aurrekontua du aurten.

Ez kobrezko santurik, ez Erramun Joakinik ere

Iturenen, joare hotsez inguratuta, ezin saihestu arotzaren bertsoez gogoratzea. Herritarrek, abestia ezagutu bai baina ez dute gogoan Erramun Joakin izenekorik. Haren berri, ordea, jaso du norbaitek, eta informazioa Iturengo Udalaren webgunean ikus daiteke. 1755. urtean jaio zen Erramun Joakin Sunbil Telletxea, Berdabioa etxean. Joaregilea omen zen, eta, hain zuzen, joareak egiteko San Kristobalen kobrezko irudia urtu zuela leporatu zioten.

Dokumentuaren akzioak