Hori horrela, «garai batean egun bateko kontua zena, gaur egun, inauterietako astelehenera, Iturengo egun handira, luzatu du, mozo-rroa joareek ordezkatu dutelarik». Mozorroa jantzi duten urte horietan, «nire tokia aurkitu eta behar bezala gozatzea kostatzen zait, joareek, zentzu horretan, ez dute hutsik egiten». ‘Joaldun’ edo ‘joare’ hitzek «sentimendu asko» eragiten dizkiote: «soinuak, pausoak, herritarren artean sortzen den batasunak eta ikusleen miresmen aurpegiak irudikatze hutsak oilo ipurdia paratzen dit». Bereziki kanpora ateratzean «jendeak ikuskizuntzat hartzeak, eta ikuskizunaren erdigune gu izateak, barrena mugiarazten du». Edonola ere, joareak kenduta, ez dira inauteriak akitzen. «Kontzentrazioz» eta «serioki» hartu beharreko momentu horren atzetik, «inauterietan mahaiaren bueltan, gosari, bazkari eta afarietan; eta mahaitik altxatu ondotik, bizitako momentuek, ez dute preziorik». Herritarrak mugiarazteko, goizetan «trikitixa astinduz herriari buelta ematen» ere ibiltzen da zubietar gaztea. Inauteriak «egunez egun beharrean, ekitaldiz ekitaldi, momentuz momentu» bizitzen ditu. Hortaz, astearteko puska biltze momentuan ere ez du hutsik egiten, bezperako ajeari aurre eginez, «trikitixa eta joare soinuen elkartrukearekin aurpegiak alaitzen» hasten dira, eta «ongi gosalduta, guztiz indarberritzen gara». Herri bakoitzak berea izanagatik, Zubietaren kasuan «inauteriek herritarrengan duten izaera sakratuak, bizitzeko moduak» egi-ten ditu berezi, eta «euts diezaiogun horri!».