Dokumentuaren akzioak
«Inauterietan badago euskal tradizio bat pentsatu eta gorpuzteko nahi eta behar bat»
‘Herri inauteriak, iragana ate joka’ podcasteko lehen atalean Aitzpea Leizaola antropologoak inauteriek Euskal Herrian izan duten garapena azaldu du. Frankismo garaiko debekuetatik gaur egungo berreskurapenera.
Azken urteetan inauteri berriak sortu edo berreskuratu dira Euskal Herrian: libertimenduak Añorgan, Iruñean eta Baiguran, herri inauteriak Arabako hainbat herritan, Lizarran, atorrak eta laminak mundakan... Horietara bidaia gidatu bat da Mediabaskek eta NAIZ Irratiak elkarlanean osatu duten ‘Herri inauteriak, iragana ate joka’ podcasta (astearte eta ostegunetan 14.05ean eta podcast plataformetan) eta lehen atalean izan da Aitzpea Leizaola antropologoa.
Maiz agertu da inauterian akaberaren eta berpiztearen auzia ezta?
Bai, hala da. Azken batean, inauteriak irudikatzen duen hori bera erreproduzitu dugu ikerlariok ere. Inauteriek irudikatzen dute ziklo baten amaiera, nolabait ere urte baten bukaera eta garai berri baten hasiera. Amaiera eta berpiztea, biak agertzen zaizkigu eta ikerlariok ere horri heldu diogu; batzuk, argudiatzeko bere garaian desagertu egin zirela eta hor Caro Barojaren lanak aipatzekoak dira. Eta beste batzuk, Caro Barojaren lanetatik 20 urte beranduago erreparatu zioten, eta diogu, berpiztearen fenomenoari.
«Inauteria betiko hilda», esan zuen Caro Barojak...
Bai, berak egin zuen oso lan esanguratsu bat eta eta gakoa dena inauteriak ulertzeko Europako testuinguruan eta, tartean, Euskal Herriko hainbat inauteri aipatzen ditu. Berak argudiatzen zuen inauteriak bereak egin zuela, nolabait ere zentzua galdu zuenaren argudiotik. Kontuan hartzekoa da frankismo garaian argitaratu zuela liburua eta ez diola erreferentziarik egiten frankismoari, hori bera ere esanguratsua da, ze frankismoak esplizituki debekatu zuen inauteriak ospatzea.
Frankismoaren aurretik inauteriek izan zituzten beste debeku batzuk?
Primo de Riverak ere debekatu zuen, baina denbora laburra izan zen. Beste alde batetik, Elizak beti jazarri duen zerbait da, baina aldi berean ere kristautasunak, Elizak duen sinkretismo horregatik, oso goiz txertatu zuen inauteria bere ospakizun egutegian; ez gorazarre moduan, baizik eta toleratzen zuen logika baten barruan.
Frankismoan izan zen debekuak etena eragin zuen garaiko inauterietan?
Ofizialki bai, baina praktikan hainbat herritan mantendu egin zen eta hirigune batzuetan ere bai, Tolosak beti aldarrikatzen du harrotasun handiz gerra garaian bakarrik egon zela inauteriak ospatzeko eten. Hainbat lekutan mantendu ziren inauteriak, horietako askotan lortu zuten herrian oso errotuta zeudelako. Francoren aldeko edo Francok onartutako agintariek ere indar eginda, edo ez zutelako salatzen... edo inauteria bera mozorrotzen zutelako, udaberri festa bezala eskatuz baimena. Batzuetan modu ia klandestinoan mantendu ziren, mendialdeko baserri inguruetan edo egiten zirelako puska biltzeak eta abar.
«Frankismoak debekatu arren inauteriak hainbat lekutan mantendu egin ziren, tartean inauteria bera mozorrotzen zutelako»
70eko hamarkadan izan zen berreskuratzea?
Bai, 70eko hamarkadan loraldi handi bat dago, berpizte handi bat, berreskuratze eta sortze prozesu inportante bat. Diktaduraren amaierarekin bat egiten duen momentua da, bai eta kulturaren eta euskal kulturaren inguruan dagoen kezka eta indar egite baten ondorio ere. Baina Europa osoan gertatzen den fenomeno bat ere bada. Eta horregatik ere, Ipar eta Hego Euskal Herrian egoera politiko oso ezberdina bizi izan zuten arren, garai bertsuan gertatzen da antzerako fenomeno bat mugaren bi aldeetan.
Etena edo ahultze bat emana zen, beraz, Ipar Euskal Herrian ere?
Bai, hor arrazoiak bestelakoak dira. Alde batetik, biztanleriaren parte bat landa eremuetatik joaten da hiriguneetara edo Parisera. Badago halako populazioaren huste bat. Eta bestalde ere Elizak egin duen lanketa hori. Kritika dago eta Elizaren oso gustukoak ez ziren gauzak ere agertzen ziren eta badago bultzada bat saihesteko halako gauzak ospatzea. Hor, Caro Barojak aipatzen duen sekularizazio famatu horrek, ba gizartea ere «modernizatu» egiten denaren uste hori dago eta horrekin nolabait ohitura zaharrak baztertzearen ideia. Bigarren Mundu gerraren ostean, 70eko hamarkada arte, badago halako ahultze bat hainbat ospakizunei dagokionean.
Kontuan hartu behar da, gainera, garai horretan orokorrean mutil ezkongabeek ospatzen zituztela inauteriak eta biztanleriaren parte hori lanera kanpora doanean ba egitura aldetik hori ahuldu egiten da guztiz. 70eko hamarkadan berriz ere bada halako nahi bat, halako kezka bat, beste hainbat kultur fenomenorekin gertatu zen bezala, inauteriak berriz ere plazara edo herriko ospakizunetara eramateko.
Zergatik zen inauteria mutil ezkongabeena?
Gizartearen egituratze horretan inauteria mutilentzat helduarora iristearen seinale edo garai bat zen, hor hasten ziren ardurak hartzen bizitza sozialean eta ezkongabeak izan behar zuten jada ezkonduta zirenean beste estatus bat hartzen zutelako. Beraz, festa egiteko garaia zen. Baina ulertu daiteke landa eremuko gizarte tradizionalean heteroaraua zela norma, baita bikotea osatzeko ere.
Inauteri gehientsuenetan agertzen zaigu elementu bat klabea dena, etxez etxeko puska biltze edo errondak egitea. Hor komunitatea eraiki eta birproduzitu eta agerrarazten da. Baina, aldi berean ere belaunaldien elkar ezagutza bat ere gertatzen da. Gertatzen da ere halako etxetan, halako baserritan, zeintzuk dauden, zein diren adin antzerako edo hurbileko neska-mutilak... Eta hor badago horrelako galanteo edo cortejo mozorrotu moduko bat. Ez dira igual gauzarik samurrenak egiten direnak, ez dira gaur egungo parametrotan pentsatuko liratekeenak, oso zakarrak edo bortitzak izan zitezkeen... Baina logika horren baitan ere kokatzen ziren, «gu gara herri honetako gaztedia». Horregatik ere hainbatetan irudikatzen dira ihauteri garaietan ere liskarrak inguruko herrietako mutil taldeen artean.
Askotan azpimarratu da mutil ezkongabeen parte hartzea, baino gero ikusi dugu 70ek hamarkadan eta lehenago ere emakumezkoak, agian ez modu masiboan, baino mozorrotu egiten zirela eta parte hartzen zutela. Ikerketetan hainbestetan gertatzen den moduan badugu batetik ideala, nola uste dugun direla gauzak, eta errealitatea. Ideala da mutil ezkongabeak adin nagusitasunera iristen direla eta gizarte birproduzitzen dela. Baina, datuek esaten digute ezetz, emakumezkoak ere bazeudela tartean mozorrotuta. Gainera, mozorroak aurpegia estaltzen badizu, anonimotasuna dago. Inork ez daki nor dagoen atzean. Beraz, mozorroa ondo eginda baldin badago ezin jakin aldamenean duzuna neska edo mutila den.
Horrek garaiko inauterien inguruko berrikuspen orokor bat ere eskatuko du...
Hala da. Gero pentsatu behar da ere, gaur eguneko ikuspegitik gizon-emakume banaketari begiratzen diogula. Baina, logika ez da hori, gizon ezkon gabeak ditugu alde batean eta gainerako guztiak bestean. Horregatik, hainbat lekutan mutiltzar direnak ere, adinez nagusi izan arren, jarraitu ahal izan dute inauterietako festetan parte hartzen. Parte hartze hori ez da soilik mozorrotzea, eskean parte hartzea ere bada eta honen emaitza jasotzea; festa debalde egitea, alegia. Gaur egun agian ez, baina orduan garrantzitsua zen otorduak debalde egin ahal izatea.
«Batzuetan inauteria irudikatzen da haurren kontu bat bezala, baina inauteria indartsu dagoen tokietan umeak ez dira mozorrotu izan tradizionalki»
Gero aldaketa handi bat gertatu zen, zabaldu egin zen parte-hartzailearen profila, emakumezkoez gain, gizon ezkonduetara eta haurretara. Hainbat lekutan luzaz irudikatu zen inauteria galdu egin zen. Batzuetan inauteria irudikatzen da haurren kontu bat bezala, eskolan egiten da eta gero ia koskortzen direnean kanpora mozorroak. Inauteria indartsu dagoen tokietan, ordea, umeak ez dira mozorrotu izan tradizionalki. Gaur egun mozorro txikiak eta badaude, haurrek parte har dezaten, gaur egungo gizarteak beste modu batean irudikatzen dituelako adin tarte bakoitzari dagozkion ardurak.
Podcastaren izateko arrazoira etorrita, antzeman dugu hainbat herritan inauteriak berreskuratzeko gogo bat pizten ari dela, hainbat titular eman ditu azken urteetan kontuak. Hala da? Badago berreskuratze fenomeno berri bat?
Badago inauteriak eraberritzeko joera bat eta bi moldetan ari dira egiten. Batetik, bada berreskuratzearen logika, «beno, goazen arakatzera hemen eta bertako jende nagusiarekin hitz eginda gaztetan zer egiten zuten», hori berreskuratu eta gaurkotzeko, ze ez da berreskuratzea 1920ko hamarkadan egiten zena, gizartea aldatu egin delako eta orduan egiten ziren zenbait gauza gaur egun ez direlako onargarriak, edo ez dutelako zentzurik. Eta bada beste logika bat, «beno, guk dakigula ez dago bertako inauteririk, edo ez dugu topatu, baina inauterietan zerbait egin nahi dugu eta, gainera, zerbait propioa izatea nahi dugu».
«Tradizioak, zerbait baldin badira, duten moldatzeko gaitasuna dira, gauza berriak sortu eta gizarteak bere egiten dituenak, errepikakortasun zikliko batean baitan kokatzen diren fenomenoak dira»
Imajinazioa ere badago hor, ariketa interesgarria da, ze beti irudikatzen da tradizioa iraganetik datorren gauza aldaezin bat bezala eta tradizioak, zerbait baldin badira, duten moldatzeko gaitasuna dira, gauza berriak sortu eta gizarteak bere egiten dituenak, errepikakortasun zikliko batean baitan kokatzen diren fenomenoak dira. Inauterien inguruan hori bera gertatzen da eta horrek ematen dio fenomeno honi guztiari ikaragarrizko dinamikotasuna.
Izen asko dituzte inauteriek, eta pertsonaia eta erritu zerrenda luzea osa genezake... Horren anitza da ala uste baino antzekotasuna eta lotura gehiago topatu ditzakegu?
Badaude ezaugarri komunak dituzten pertsonaiak eta horiek dira nolabait zikloaren amaieraren ideiari jarraiki doazenak. Hor agertzen dira, adibidez, gaizkilearen figura irudikatzen duten pertsonaia desberdinak: Mielotxin izan edo Markitos edo Lizarran berreskuratu dutena: kondaira baten haritik edo jaso dute Aldabika pertsonaia, bidelapurrak edo gaizkile bat edo halakoak izaten dira, Zanpantzar Lapurdiko kostaldean berreskuratu zutena epaitu eta erre egiten da. Urte osoko txar guzti horiek desagerrarazten direnaren ideia nagusitzen da.
«Inauterietan dena zilegi da, baina gero gauzak bere onera itzultzen dira, autoerregulazio fenomeno bezala ere irakur daiteke»
Badira beste pertsonai batzuk bazterrak nahasten ibiltzen direnak, hor ere herri bakoitzak izen berezi bat asmatu du hauek deskribatzeko. Askotan dira onomatopeia modukoak, txatxoak, momotxorroak... Bazterrak nahasten aritzen dira, gaur egun espazio publikoan baina 70eko hamarkadan eta gerraurrean etxe barneetara ere sartzen ziren, bertakoen baimenik gabe. Imajinatu, 200-300 biztanleko herri batean gazte bat sukalderaino sartzen dela, mutu, ez dakizu nor den... zer zirrara, ezinegon sor dezakeen! Intentsitate handiko momentuak ziren.
Indarrean diren arau sozialak bertan behera uzten dira inauterietan?
Arau sozialak eten egiten dira, irauli egiten dira, hankaz gora jartzen dira eta inauteriak funtzionatzen du eskape balbula gisa. Egun jakin horietan dena da zilegi. Nolabait, behe mailan daudenek goi mailakoei kritika egiteko aukera plazaratzen da. Gehiegikerien garaia da: gehiegi jan, gehiegi edan, sexu desmasiak... arau sozialak markatzen dituen esparruak gainditu egiten ziren, eta dira oraindik ere, eta, noski; hori oso erakargarria da. Hala ere, badira beste irakurketa batzuk adituen aldetik, horrek bermatzen duela inauteriak amaitutakoan ordena soziala berriz ere berera itzultzea, ez du ekartzen gizartearen eraldatze bat, nolabait autoerregulazio fenomeno bezala ere irakurri daiteke.
Araua baieztatzen duen salbuespena?
Bai, da garai bat zeinetan dena zilegi den. Gero, berriro ere, gauzak bere onera itzultzen dira. Eta, noski, kristautasunak hor jartzen du Garizuma, dela garairik introspektiboena eta gabeziak markatutako garaia. Ez haragirik, ez ardorik, ez sexu-harremanik... 40 egunez garbitasunean aritzeko tartea, bai gorputzeko eta baita arimako garbitasuna ere. Inauteriak hartzen du hor nolabait indar handiago bat, kontra egiten dio horri, baina aldi berean hori da atzetik datorrena.
Mozorroen inguruan herri inauterietan ohikoa da norbere identitatea ezkutatzea, disfraz modernoetan rol bat hartzea ohikoagoa da...
Badago alde bat mozorroei dagokionez. Batetik anonimotasunaren alde egiten dutenak ditugu, mozorro isilak; aurpegia estali, gorputza deformatu, itxuraldatu, ibilera desberdin bat gorpuztu, gizona ala emakumea den ezkutatu... ez jakiteraino mozorropean dagoena nor den. Hori oso ohikoa da eta oraindik ere jarraitzen du izaten landa eremuko inauterietan, baina badira landa eremuan ere aurpegia estali gabe egiten diren inauterietako ekintzak: eske errondak Amezketan, Lizartzan... edo Aranon eta Goizetan dantzariak edo eskean ibiltzen direnak ez dira aurpegi estaliarekin aritzen. Denetik dago. Gero ere herri bakoitzak, esango nuke arautu egin duela zeintzuk diren mozorro jakin batzuk: zer jarri buruan edo soinean, adibidez, Lesakako zakuzaharrak edo bestelako mozorro batzuk; nola irudikatu behar diren eta horiek bihurtzen dira herri jakin bateko inauterietako pertsonaiak.
Beste alde batetik ditugu rolari lotutako mozorro horiek, gehienetan identifikatu ditugunak hiri inauteriarekin eta hor aipatzekoa da Euskal Herrian hiri ihauteriak ere baduela tradizio nahiko luzea. Ez bakarrik Tolosan, oso ezaguna dena, baizik eta Donostian ere badago XIX. mendeaz geroztik oso errotuta dagoen ihauteri urbano baten tradizio bat, konpartsa bidez, gremioek antolatutako... gehienetan aurpegi bistan egiten direnak, gehienetan ere taldeka mozorro bera errepikatzen dutenak, landa eremuan egin den bezala, baina beste molde batean, eta hiria ere bereganatzen dutenak, ibilbide bat egiten delako edo egiten zelako desfile itxuran. Oso indar handia zeukatenak bere garaian, Donostian behintzat. Badaude musika eta bertso sortak erakusten dutenak zenbaterainoko indarra zeukaten. Gero ia norbera gauza batez edo taldean mozorrotzea bada fenomeno bat irudikatzen dena gugandik gertuagokoa bezala. Spiderman, edo medikuz mozorrotzea edo apaizez...
Hiri inauteriekin du horrek lotura zuzena?
Bai, baina ez. Maskaradetan adibidez, baditugu ere pertsonai jakin batzuk beti errepikatu egiten direnak eta logika baten baitan kokatzen direnak. Badaude jaun eta anderea, medikua... Orduan hori ere badago, kasu horietan errepikatu egiten da rol jakin bat, bestea, aipatzen dugun hiri ihauteri kakotx artean modernoaren, ze besteak ere modernoak dira, hori ez da ematen. Kasu horretan norberak nahi duenaz edo okurritzen zaion horretaz mozorrotzen da eta gainera izan behar du ‘zertaz’ ze galdera izan ohi da zertaz mozorrotu zara. Zertaz? Ba mozorro bat da, nahi dudana da... Hor batzuetan badira tentsioak horren inguruan.
Esandakoak esanda hausnarketa eskatu nahi dizut, zertan da inauteria?
Euskal Herrian badago ihauteriak ospatzeko ohitura eta joera handi bat, historikoki esango nuke, baina baita gaur egungo begiradatik ere, hainbat herritan eta hiriguneetan indar handia hartu duen fenomenoa den heinean. Ez da Euskal Herrian gertatzen den fenomeno bat bakarrik, Europa osoan egon da halako berreskuratze prozesu bat.
Eta aipatu beharko bagenu euskal ihauteria baden ala ez, esango nuke hori dela XX. mende amaieran sortzen den kategoria edo etiketa bat, bilatzen duena halako tradizio propio bat, herri mailan norbere identitatea irudikatzeko, gorpuzteko, plazaratzeko behar batetik abiatzen dena. Landa eremuko inauteriei begiratzen badiegu ikusten dugu badaudela hainbat pertsonaia, hainbat gertakari, errito eta ekintza komunak direnak Europako beste zonalde batzuetan: Pirinioetan edo Gaztelan, edo Frantziako Alpeetan, Bulgarian, Grezian edo Italiako hainbat herritan ere agertzen direnak. Hor badago halako oinarri edo elementu partekatu bat... Baina, bai badago, gaur egungo ikuspegitik, euskal tradizio bat pentsatu eta gorpuztearen nahi eta behar bat.
Dokumentuaren akzioak