Dokumentuaren akzioak
Inauterien tradizioa eta sorkuntza elkartuak Uztaritzeko Hartzaro jaialdian
Datorren ostiralean hasi eta martxoaren 4a arte izango da, eta egunez egun mota guztietako ikusgarriak agertuko dituzte
1985ean berpiztu ziren Uztaritzeko inauteriak, bi helburu nagusirekin: batetik, Lapurdiko inauterien tradizioari eustea, eta, bestetik, sorkuntza bultzatzea.
Hori lortu nahian, Uztaritzeko Errobiko Kastarotak deitu elkarteak Hartzaro jaialdia bultzatu zuen, eta aurten, berriz ere, inauteri garai honetan, «hartzaren iratzartzean» oinarritzen den ekitaldi hau antolatu dute.
«Bi urtean behin agertzen dugu sorkuntza berezi bat. Beraz, iaz hartzaren iratzartzeari buruzko obra bat sortu genuenez, aurten ez da sorkuntzarik izanen», argitu zuten antolatzaileek.
Hala ere, berrehun bat aktore, dantzari, musikari, antzezle eta tradizioko pertsonaia bilduko ditu hurrengo otsailaren 28tik martxoaren 4a arte iraunen duen jaialdiaren 7. edizioak.
«Gure helburua tradizioa atxikitzea da, baina beste ardatz batzuk gehituz, hau da, sorkuntza, mugimendua eta beste. Hori dela-eta, hartzaren iratzartzearekin hasi, eta erakusketak, hitzaldiak, filmak, mintzaldiak eta Zanpantzarraren auzia agertuko dira ondoren, egunez egun», esan zuten.
Beraz, 7. edizio honek berriz ere elementu horiek guztiak bilduko ditu bost egunez, eta mota guztietako artistak elkartuko.
Hain zuzen ere, bertan izango dira Petit Theatre de Pain Larresoroko antzerki taldeko aktoreak, Aire Ahizpak, Kolonbiako Antonio Rivas abeslaria, eta Oskorri taldea. Ikuskizunei dagokienez, berriz, Beñat Amorenak sortutako "Jo Ta Kurri" ikusgarria, herri animazioak bertako dantzari eta musikariekin, «Hartza Iguzki»ren bigarren emanaldia eta beste ekitaldi ugari.
Ikusgarri horren ondotik, jaialdiak aurten ere gonbit berezi bat izango du: Kolonbiako Antonio Rivas abeslaria hain zuzen ere. Martxoaren lehenean, berriz, eguna zerri hiltzearekin hasiko da, eta bertsolariek alaiturik. Egunean zehar, "Merkatuko inauteria", Uztaritzeko "Kabalkada", "Haritza Danborrada" eta Mutxikoak agertuz joanen dira. Arratsaldean, berriz, "Inauteriak" deitu ikusgarria azalduko dute. Haritza Danborradarekin hasi, eta Beñat Amorenaren "Jo Ta Kurri" perkusio sorkuntzak eta "Hartza Iguzki" ikuskizunak osatuko dute arratsaldea.
"Hartza Iguzki" 2002ko Hartzaro jaialdiko sorkuntza da, eta musikari, dantzari eta aktoreak biltzen ditu. Mizel Theret koreografoa da ikusgarriaren sortzailea, Remi Gachis musikaria eta Petit Theatre de Pain antzerki taldearekin batera.
Gauean, berriz, omenaldia eginen diote Minaberriri, Oskorri taldearekin.
Martxoaren 2an Kaskarotak izango dira. «Uztaritzen Kaskaroten tradizioa hiru mendekoa da. Garai luze honetan tradizio honi eutsi zaio herri honetan», esan zuten antolatzaileek.
Aurten Izartxo dantza taldeak bere 35. urteurrena ospatzen duela-eta, belaunaldi guztietako ehun bat dantzari eta musikari bilduko dira elizaren aitzinean, eguerdian, dantzan egiteko. Martxoaren 4an, azkenik, Zanpantzarren auzia eginen dute arratseko bederatzietan.
Orotara, berrehun bat lagunek parte hartuko dute Zanpantzarraren ekitaldi horretan. «Sortzaile anitzek parte hartu dute ikusgarri honetan, eta gaur egun Lapurdin aurkitzen den mota honetako emanaldi ederrenetarikoa bilakarazi dute», nabarmendu dute.
Marie Jeanne Minaberri ipuin idazlea omenduko dute
A.B.
UZTARITZE
Martxoaren lehenean Oskorri taldeak, Aire Ahizpak kantariekin batera, musika emanaldi bat egingo du herriko elizan, eta, musika talde honen kontzertua aitzakiatzat hartuz, Marie Jeanne Minaberri ipuin idazleari omenaldi bat egitea erabaki du Errobiko Kaskarotak elkarteak.
Marie Jeanne Minaberri Bankan sortua bada ere, Uztaritzen bizi da gaur egun, eta elkarteak Oskorri taldea gonbidatu nahi izan du idazlearen lana omentzeko.
Elizan iraganen den kontzertu honen lehen zatian, "Marijan Kanta Zan" diskoko abestiak eskainiko dituzte, Uztaritzeko haurrek lagundurik. Eta bigarren partean, berriz, Oskorriren kantu berriak izango dira nagusi. Kontzertu honez gainera, egunero jarraituko du Hartzaro jaialdiak omenaldi honekin.
Jaialdiaren lehen egunean, Petit Theatre de Pain taldeak haurrekin sortutako ikusgarri berezi bat emanen du, eta emanaldi hau berriz ere egingo dute martxoaren 3an.
Marie Jeanne Minaberriren ipuinak Petit Theatre de Pain taldeak antzeztuak izateaz gain, musikatuak ere izango dira, Jean Christian Irigoien akordeoilariari esker.
Bestalde, egun horretan berean, "Marie Jeanne Minaberri: euskarazko idazlea" izenburua duen hitzaldi bat egingo dute Lapurdi gelan.
Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin antolatua da, eta, omenaldi honen bidez, urtean zehar Uztaritzen euskal kulturaren inguruan egiten duten lanari jarraipena eman nahi diote jaialdi honetan. Antonio Rivas Trikitilaria Lapurdi gelan
Antonio Rivas trikitilari edo akordeoilaria izango da Hartzaro jaialdiak aurten egingo duen gonbit nagusia. Jaialdi honen antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, «Kolonbiako trikitilari hau nazioartean onenetariko bat denez, aurtengo jaialdian gonbidatzea erabaki dugu». Martxoaren 28an agertuko da Antonio Rivas y sus vallenatos. Horrez gainera, Uztaritze, Hendaia, Azkaine, Ezpeleta eta Baionako Trikiti eskolak ere deitu dituzte kontzertuan parte hartzera.
Dokumentuaren akzioak