Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterien lehendabiziko txanpa

Dokumentuaren akzioak

Inauterien lehendabiziko txanpa

Ituren eta Zubietako joaldunek edota Ilarduiako lastozko gizonak emango diete hasiera inauteriei

Egilea
Anakoz Amenabar
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2008/01/24

Joaldunak izango dira goiztiarrenak. Gaur bertan egingo dute puxka biltzea eta afaria Nafarroako Aurtitz, Ituren eta Zubietan. Larunbatean ere afaria eta dantzaldia izango dute. Jantziak paratuta, lehenengo ibilaldia egingo dute joaldunek kalez kale, baina astelehen eta asteartean egingo dituzte ibilaldi nagusiak.

Astelehenean Zubietako joaldunek aurtiztarrei bisita egingo diete. Herriari bira eman eta salda hartu ostean, Iturenera joango dira. Bertan, joaldunek hamaiketakoa egin bitartean herriko plazan karroza bakoitzak bere ikuskizuna eskainiko du. Eguerdian, 15:30ak aldera, bakoitza bere herrira itzuli eta bazkaria izango dute elkarteetan. Ohiturari jarraituta, natura ernatu eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ibilaldia asteartean errepikatuko dute joaldunek Iturendik Zubietara. Inauteriekin amaitzeko, hurrengo asteburuan ospatuko dute Kontuen eguna.

INAUTERIAK ARABAN. Arabako Ilarduia, Okina eta Andoinen ere bertako inauteri tradizionala berreskuratzeko asmoz jaia egingo dute larunbatean. Orain dela laurogei bat urte desagertu ziren Asparrena inguru horretan inauteriak, eta orduko jantzi eta antzezpenak nolakoak izan ziren ikertu ostean, iaz egin zuten lehendabiziko saiakera arrakasta handiarekin. Hiru herrietako lagunek batera ospatzen dute jaia.

Udaberriaren ongietorria irudikatzeko jaia izaten da bertakoa, eta hainbat pertsonaiak parte hartzen dute festa handian. Besteak beste, lastozko gizona, ezkongaiak edo apaiza gerturatuko dira. Etxerik etxe erronda egin ostean, eta inguru ezberdinak bisitatuta, musika eta dantza lagun, jaia Andoinen amaituko da sutearekin. Sabela betetzeko, txokolatea eta torrijak izango dira guztientzat amaieran. Antolatzaileek eskatu moduan, bisitariek baserritarrez jantzita joan beharko dute jaiaz gozatzera.

Uztaritzen bihar ekingo diote inauteriari Hartzaro aurre-festibalarekin. 14:00etatik aurrera, Heraitzeko guraso eta haurrek, eskolako haurrekin batera mozorroturik joango dira herriko parkera, San Pantzarren epaiketa gertutik jarraitzera. Larunbatean, mozorroekin batera, musika izango da nagusi herriko bazterretan. Santa Katarina kaperara, esaterako, Hego Amerikako soinuak ekarriko ditu Mochicas taldeak Jean Garinen zuzendaritzapean. Eta kontzertuaren ondotik, txokolate beroa ez da faltako. Igandean pilota plazan hasiko da jaia goizetik. 11:00etan Kaskaroten ongi etorriaren ondoren, hamaiketakoa eta Mutxikoak arituko dira Erdizka taldearen laguntzarekin.

KALDEREROAK DONOSTIAN. Normalean otsailaren hasieran ospatzen dira kaldereroak, baina aurten inauteriak oso goiz direnez, kaldereroak asteburu honetan egingo dituzte konpartsa askok Donostian. Hainbat konpartsa aterako dira asteburuan, gehienak larunbatean.

Zer: Inauteriak; kaldereroak; iñude eta artzainak.
Noiz: Asteburu osoan.

Iñude eta Artzainak igandean

Inauterien aurreko asteburuan aterako dira iñude eta artzaien konpartsak, Irunen, Hernanin (Gipuzkoa) eta Donostian, besteak beste. Beran (Nafarroa), bestalde, otsailaren 3an egingo dute ekitaldia. Donostian, Parte Zaharrean eta Grosen ibiliko dira, Parte Zaharreko konpartsa Kresala taldeak antolatzen du. Euskal Herria kaletik abiatuko dira eta ondoren Parte Zaharreko kaleak zeharkatuko dituzte. 150 lagunek osatuko dute konpartsa, 1977an errekuperatu zuten. Grosen 11:30ean aterako dira Txofre kaletik.

Irunen, Eraiki taldeak antolatu du ekitaldia. 12:00etan abiatuko da Pio XII plazatik iñude, artzain, apaiza, monagilo, barkilero, alkate eta abarrek osatutako konpartsa. Eguraldiak laguntzen badu, Iraultza Dantza Taldekoak izango dituzte ondoan, XIX. eta XX. mendeko jantzi dotoreak soinean. Ordu bata aldera San Juan plazara iritsiko dira, eta han, Irungo Musika Fundazioko Bandak lagunduta Sarriegiren doinuez baliatuta, Iñudeen Sarrera eta beste zenbait dantza eskainiko dituzte.

Hernanin, urtero bezala, Urumea ikastolak antolatutako Iñude eta Artzainen konpartsa aterako da. 12:00etan hasiko da. Ekitaldi nagusia Gudarien Plazan egingo dute: iñudeek eramango dituzten haurrei txertoa jarri eta Udal agintariei aurkeztuko dizkiete, haien izenak erregistroan idatzirik geratzeko. Konpartsan, 183 ikaslek parte hartuko dute. Urumea ikastolak konpartsa antolatzen duen 15. aldia da.

Dokumentuaren akzioak