Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterien izaeran sakontzeko lana, Mediabask eta NAIZ Irratiaren eskutik

Dokumentuaren akzioak

Inauterien izaeran sakontzeko lana, Mediabask eta NAIZ Irratiaren eskutik

Iraganean errotutako ospakizuna da inauteria, baina, aldi berean, etengabe aldatzen ari dena. NAIZ Irratiaren eta Mediabask aldizkariaren arteko elkarlanaren barruan, inauterietako hamalau pertsonaiaren izaeran sakontzeko lan berezia osatu dute Aitzpea Leizaola antropologoak eta Amaia Carrere ilustratzaileak.
Egilea
Ion Telleria
Komunikabidea
Gaur8
Mota
Albistea
Data
2026/02/14
Lotura
Gaur8

 

INAUTERIA, NOR DA NOR

Inauterien izaeran sakontzeko lana, Mediabask eta NAIZ Irratiaren eskutik

Iraganean errotutako ospakizuna da inauteria, baina, aldi berean, etengabe aldatzen ari dena. NAIZ Irratiaren eta Mediabask aldizkariaren arteko elkarlanaren barruan, inauterietako hamalau pertsonaiaren izaeran sakontzeko lan berezia osatu dute Aitzpea Leizaola antropologoak eta Amaia Carrere ilustratzaileak.

Aitzpea Leizaola eta Amaia Carrere, lan bereziaren bilana egiteko NAIZ Irratian egindako topaketan.
Aitzpea Leizaola eta Amaia Carrere, lan bereziaren bilana egiteko NAIZ Irratian egindako topaketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Inauteriak ezagutzeko lan berezia ondu zuten iaz Mediabaskek eta NAIZ Irratiak elkarlanean, Euroeskualdearen finantzaketarekin. Aurtengoa helburu bera duen bigarren kolpea da; oraingoan, inauteria ezaugarritzen duten hamalau pertsonaia dira gidari, ospakizunaren izaera eta jendartean duen eragina erakusteko balio duen lagina osatzen dutenak.

«Oso zaila jarri didazue» esanez abiatu du azalpena Aitzpea Leizaola antropologoak. Hamalauko pertsonaiako mugara moldatu behar izan du hautaketa Leizaolak: «Batzuk plazara atera ditugu eta beste batzuk ezkutuan gelditu dira. Zaila izan da, inauterien panorama zabala, oparoa, anitza eta aberatsa delako». Ez daude diren denak, baina daudenak badira; «saiatu gara hautatzen euren burua irudikatzetik harago kontzeptu, gertaera edo ekintza zabalago bati erreferentzia egin diezaioketenak». Antropologoak nabarmendu du pertsonaiak ez direla «ezeren ordezkari gisa hartu behar, hori bai, inauteriaren funtzio sozialaz eta egun duen egitekoaz hausnartzeko bidea ematen dute».

Bide profesional luze eta oparoa darama Leizaolak inauterien ikerketan; «bizi-bizi ditugun fenomenoak» direla nabarmendu du egindako lanaz hausnartzeko NAIZ Irratian egindako topaketan. «Gizarte garaikidearen parte dira inauteriak egun ere; garai batean bezala komunitatea gorpuztu, egikaritu eta plazara ekartzen dute. Iraganeko gauza bera eskatzen zaio inauteriari egun, eta, hain justu, horrek azal dezake zergatik dagoen hain bizi une honetan», azaldu du.

«Zein da inauterien esentzia?», galdetu diogu Leizaolari. Negu garaiari lotzen zaion gertakaria dela gogoratuz abiatu du erantzuna, komunitatea ehuntzeko balio duela eta landa eta hiri eremuen artean aldeak daudela. Azpimarratu du «abagune bat» ere badirela inauteriak, «herrian gertatutakoak kritikatzeko, mahai gainean jartzeko, salaketak egiteko...».

Ilustrazioak Amaia Carrere lapurtarrak egin ditu. Askotariko lanetan du esperientzia, baina bere egiteko moduan euskal kultura eta mitologian arreta berezia jartzen duela dio, «ondare biziki berezia dugu Euskal Herrian, interes handia dut, gure ondarea baita eta oraindik bizi baita eguneroko bizian, inauterietan, gure istorioetan eta hizkuntzan ere bai».

Euskal mitologiako pertsonaiak hartu eta bere egitea gustatzen zaiola dio Carrerek, «errespetuz, baina nire eginez, irringarriagoak bilakaraziz, berriz interpretatuz… Inauterian badira aldaketak aldi oro, eta horregatik bizi da. Euskal mitologian ere gauza bera gertatzen ahal da, ez baitira istorio zaharrak, egungoak baizik, eta egungo begiradatik landu ahal dira». Galdetu diogu, «aske sentitzen zara interpretazio propio horiek egiteko?», eta «bai, bai, bai...», erantzun du berehala. «Inauterien izpiritua ere hori da!», berretsi dugu mahai bueltan ginen hiruok.

ALDAKETAK DENBORAN

Zer elementu da pertsonaiaren izaeraren erabateko adierazle eta zer tokian toki garapen propioa duena? Pertsonaia askoren kasuan herritik herrira aldaketak daude, garaitik garaira ere bai. Leizaolak Zalduondoko Markitos jarri du adibide: «Hamahiru arrautza oskolez osatutako lepokoa du. Zenbakia ez da kasualitatea, kristautasunaren iruditerian madarikatu moduan irudikatzen den zenbakia baita. Aldi berean, baina, euskal kulturan gerora bestelako interpretazio bat ere izan du, Ez dok Amairuren bidez, adibidez. Hamahiruko kopuru hori mantendu egiten da Markitosen lepokoan, baina azken hamarkadetan kolore batzuk agertu dira, eta horiek ere ez dira kasualitatea: zuria, gorria eta berdea dira. Dinamika bat ikusten dugu, badira gauza batzuk mantendu egiten direnak eta beste elementu batzuk egokitu egiten dira».

Hautatutako hamalau pertsonaien artean Euskal Herriko zazpi herrialdeetakoak daude eta horien eskutik egungo euskal inauterien izaera eta izateko arrazoia ezagutuko ditu irakurleak. GAUR8n (euskaraz) eta Mediabasken (frantsesez) elkarrekiko jokoan kokatu dituzte egileek pertsonaiak, bakoitzaren izaera eta funtzio soziala nabarmentzeko asmoz.

ANABASA, BIHURRIKERIA

Pitxu eta zirtzilak, hasteko. «Biek irudikatzen dute ezin hobeto inauteriaren anabasa, kaosa, kritika… ». Bi pertsonaiok «bihurrikeria eta gaiztakeria izpiritu hori» erakusten dute. Zirtzilen kasuan bi ezberdin marraztu ditu Carrerek; azaldu du zirtzil denek ez dutela sekulako jantzi landua, ia edozer jantzita egin daitekeela zirtzilarena, «interesgarria atzematen nuen biak sartzea, biak zirtzilak baitira».

NATURA MENDEAN HARTU NAHIA

Zamaltzaina eta hartza datoz ondoren. «Biak animaliak dira eta inauteriek duten iragan pagano horri egiten diote erreferentzia; inauterietan hainbat herritan irudikatzen da natura mendean hartzea», Leizaolak nabarmendu duenez. Zamaltzainaren kasuan ferratu eta zikiratu egiten dute. Hartza, berriz, kate motzean lotuta dago. «Gizakiak natura mendean hartzeko duen gogo hori erakusten dute».

ZURI ALA BELTZ?

Aretxabaletako txinoak eta Mundakako laminak datoz gero, zuriz jantzita lehenak, beltzez bigarrenak. Frankismo garaian inauteriak debekatu egin zituzten arren, Mundakan eutsi egin zioten ohiturari, atorren eskutik; gizonak dira guztiak eta zuriz ateratzen dira. 1970eko hamarkadaren amaieran sortu ziren laminak: «Emakume talde batek erabaki zuen beraiek ere inauterietan parte hartu nahi zutela eta laminen pertsonaia sortu zuten. Oso arrakastatsua izan da». Leizaolaren esanetan tradizioaren garapenaren erakusle ere bada, zer dinamikoa den denboraren joana; «beren rola hartu dute laminek. Modu osagarrian pentsatutako pertsonaia da, kontraste bezala funtzionatzen duena, eta, gaur egun, berdin luke nork gorpuzten duen, gizon ala emakume edo genero markarik gabeko pertsona den, bakoitzak baduelako bere egitekoa, rola eta lekua».

INAUTERIA BERRESKURATZEKO LANA

Momotxorroa eta Markitos elkarren ondoan datoz, «biak dira landa eremuko inauteriaren eredu eta biak dira inauterien berreskuratze prozesuaren adibide, herritik sortutakoak eta atzetik errotze bat ekarri dutenak». Espainiako diktadura amaitu ostean berreskuratu zituzten Zalduondo eta Altsasuko inauteriak, eta urteak pasata bertakoen eta kanpokoen arreta izugarria erakarri dute.

ORDENA ERE AGERI DA

Inauterietan ez da dena kaosa, txukun-txukun ilara perfektuan jarduten baitute joaldunek eta kaskarotek. Leizaolak gogoratu du bien kasuan ez direla euren inauterietako pertsonaia bakarrak: «Ituren eta Zubietan joaldunekin batera mozorroak ateratzen dira eta sekulako anabasa sortzen dute. Lapurdin kaskarotekin batera zirtzilak ateratzen dira. Beraz, beti bada kontraste hori, ordenaren eta anabasaren artean».

LANDA EREMUA ETA HIRIA

Ziripoten ostean datoz Tolosako txilabak. Hiriko erako inauteria da Tolosakoa, landa eremukoa ziripotek aterpe hartzen duen Lantzekoa. Kontraste horretan egin nahi zuen azpimarra Leizaolak, «askotan begirada jarri ohi dugu landa eremuko inauterietan, nolabait ‘autentikoagoa’ edo iruditzen zaigulako… Baina hirietan ere bada tradizio zahar bat, mantendu egin dena, eraldatu egin dena… Askotan pentsatzen dugu kanpotik etorritako ereduak direla, baina bertakoak dira eta jendeak oso modu bizian sentitzen ditu».

OSPETSUAK ETA EZEZAGUNAK

Unanuko mamuxarroak eta Abaltzisketako txantxoak datoz lan berezia ixtera. Oso ezagun egin dira lehenak azken urtean, «beldurgarriak dira, jendearen atzetik ibiltzen dira makila luze batekin hanketan joz… ». Kontrastean, badira herrian oso garrantzitsuak izan arren kanpoan horren ezagunak ez direnak, Abaltzisketako txantxoak kasu: «etxez etxeko puska biltze logika horrekin herria saretu egiten da». Leizaolaren esanetan, «ekintza bera da» kasu honetan azpimarratzekoa. Txantxoak etxez etxe eskean aritzen dira. «Herrikoak nor diren, zer berri dagoen, nor hil den, gazteak nor diren...» ezagutzeko balio du, herriaren errolda edo argazki modukoa berritzeko, datorren uda berriaren atarian.

Dokumentuaren akzioak