Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterien iragarleak

Dokumentuaren akzioak

Inauterien iragarleak

Zartagin eta eltzeak joz, mozorrotzeko garaia iritsi dela iragarriko dute kaldereroek gaur. Bihar, inudeak eta artzainak animatuko dira festara

Egilea
Nagore Etxeberria
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/01/30
Lotura
Berria

artagin hots eta oihu artean inauteriak hemen direla iragarriko dituzte kaldereroek gaur, besteak beste, Donostian eta Tolosan (Gipuzkoa). Egun gutxi geratzen dira ostegun gizenerako, eta, ohi bezala, inauterien atarian, koloretako arropak soinean eta eltze, lapiko eta zartaginak eskuan irtengo dira kaldereroak kalera. Inauteriak hemen direla iragartzea da Hungariako kaldereroen zeregin nagusia.

Euskal Herriko herri askotan ibiltzen dira kaldereroak kalez kale. Tolosa da haietako bat. Han, 19:00etan irtengo da kaldereroen konpartsa, Plaza Zaharretik. Inauteriak ate-joka direla iragarriko dute herriko bazterretatik. 23:30etik aurrera, Incansables txarangaren doinuak kaldereroen eltze soinuekin nahastuko dira.

Donostian, iluntzean zabalduko dira zartagin doinuak kaleetan. 21:30etik aurrera, Musika Eskolako banda jotzen hasiko da Konstituzio plazan. 22:15ean, kanpamentua ezarriko dute kaldereroek han. 22:00etan irtengo da Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala, eta Parte Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu. Raimundo Sarriegi musikariaren doinuen erritmora, eltze eta zartaginak astintzen ariko dira.

Denera, hemeretzi tribuk osatzen dute Donostiako kaldereroen konpartsa tradizionala, ia laurehun partaidek. Pertsonaia ugarik osatzen dute konpartsa; haien artean dira: erregina, damak, zuzendaria, zuzendariaren laguntzaileak, hartza, hartz kumea eta hartz kumearen hezitzailea.

1884ko otsailaren 2an irten zen kaldereroen konpartsa, lehenengoz. Aldi hartan, Union Artesana eta Fraternal herri elkarteek antolatu zuten festa. Urteetan, gorabehera handiak izan zituen kaldereroen jaiak Donostian. 1972an, susperralditxoa izan zuten kaldereroek, herri elkarteei eta herritar taldeei esker, eta Kultur eta Turismo Ekintzetxearen laguntzarekin. Orduz geroztik, urtero-urtero atera dira kaldereroak kalera, inauteriak iritsi direla iragartzera.

Inudeak eta artzainak

Kaldereroak ez dira izango, baina, asteburuko protagonista bakarrak. Bihar, inudez eta artzainez beteko baitira Donostiako kaleak. Urteroko desfilea egingo dute hiriko kaleetan barna.

12:00etan irtengo da Kresala elkarteko Inude eta Artzainen konpartsa, Euskal Herria kaletik. Eta hiriko kale nagusiak zeharkatuko ditu. Bidean, Konstituzio plazan geldialdia egingo dute, antzezpena egiteko.

Garai batean, artzainak hirira jaisten zirenean, artzainen eta inudeen artean izaten ziren gorteatzeak irudikatzen dira desfilean. Raimundo Sarriegiren musikaren doinuan dantzan, inudeen eguneroko lana eta artzainek hirira egindako bisita irudikatzen dituzte.

Orotara, artzain eta inudez osaturiko 30 bat bikotek, 60 danbor jolek eta beste hainbat pertsonaiak hartzen dituzte Donostiako kaleak. Garai bateko pertsonaien artean dira, besteak beste: alkatea eta haren emaztea, idazkaria, gotzaina, meza mutila, mikeleteak eta olata-saltzailea.

1885eko otsailaren 2an irten zen Inude eta Artzainen lehen konpartsa. 1912an desagertu zen. 1977an, baina, Kresala elkarteak ohitura berreskuratu zuen.

Kaldereroak eta Inude eta Artzainak

Gaur, 22:00etan Donostian eta 19:00etan Tolosan (Gipuzkoa), kaldereroak. Bihar, 12:00etan, Inude eta Artzainak, Donostian.

Donostiako Konstituzio plazatik abiatu, eta Parte Zaharreko kaleetan ibiliko dira kaldereroak.

Donostiako Konstituzio plazatik abiatu, eta Parte Zaharreko kaleetan ibiliko dira kaldereroak. LIDE FERREIRA / IRUTXULOKO HITZA

Dokumentuaren akzioak