Dokumentuaren akzioak
Inauteriak urtez urte eraberrituz
Hartzarok sorkuntzari toki berezia eskainiko dio hamargarren ekitaldian
Gaur hasi eta astearte gizen egunean bururatzekoa dela aurtengoa, orotara 200 bat artista amateur zein profesional biltzekoak dira. Belaunaldi guztiak nahasirik, etorkizunari so dagoen jaialdia izatea nahi dute antolatzaileek: «Folkloretik urrun, kultura errotik bizitzeko eta gozatzeko gisan», esplikatu du Pierre Haira Errobiko Kaskarotak jaialdiaren antolatzailea den elkarteko kideak. «Hastapenetik erritual eta tradizioei buruzko gogoetak eramatea garrantzitsua izan da guretzat, kulturaren adierazpenak eguneroko bizitzari egokitua izaten segi dezan», gehitu du Hairak. Jakinez, halere, badutela nondik edan. Izan ere, Uztaritzeren eta inauterien arteko istorioa ez da gaurkoa. 350 bat urteko tradizioa du herriak. Kaskarotak, etxez etxe eskean ibiltzen diren gazte dantzariak, esate baterako, aspalditik eta etenik gabe ibili dira Uztaritzen.
Aurten, gaitari interesatuko da bereziki jaialdia, gaur arratsean lehen aldiz aurkeztuko duten Betiko gaita ikuskizunarekin. Uztaritzeko gaiteroen elkartea eta Akizeko La Nehe harmoniaren elkarlanaren fruitua da hori. 80 musikarik Mañolo Espelett eta Remy Gachis bi konpositore baxenabartar gazteek moldatu hainbat aire partekaraziko dituzte, gaitaren errepertorioa uste baino zabalagoa dela erakutsiz. Jazz eta erritmo latinoak erantsi dizkiete aire herrikoiei. Hortik disko bat ateratzekoa dute.
Gaitaren ondoan, txistua ere izan dute gogoan antolatzaileek. 1932tik txistulariak baldin baditu herriak eta 1970etik irakasten bada, azken urte hauetan desagertuz doa horren praktika, bai Uztaritzen eta baita, oro har, Ipar Euskal Herrian. Instrumentu horrenganako gustua berpizteko asmoz jaialdiak ikastaldi bat eskainiko die 40 bat gazteri bihar, ondotik, kontzertu batekin bururatuko dena Lapurdi gelan. Karia horretara Gipuzkoatik eta Nafarroatik zenbait etortzekoak dira. Funtsean, mugaz gaindiko harremanak ukanen du beste oihartzun bat bihar, Donostiako Danborradakoak gomitatuak baitituzte.
Dantza berriak 'Hartza Iguzki'-n
Beste sorkuntza bat aipatzekotan bihar arratseko Hartza Iguzki aipa daiteke. Musika eta dantza nahasiz, orotara 100 dantzari, soinulari eta antzerkilari biltzen ditu lan horrek. Jadanik aurkeztua izan badute aitzineko urteetan, franko berria da halere. 1985etik herriko dantza taldeak asmatu dantzetan oinarritzen da: Azken dantza, Zirtzilen soka, Maia dantza, Tirabiran, Su jauzia eta Burrunka sorkuntzen artetik, zirtzil baten gorabeherak dituzte aipagai, hartzaren iratzartzetik abiaturik.
Horiek horrela, behin-behineko ekitaldiak baino gehiago ere bada Hartzaro. Karriketan gaindiko animazioek leku handia hartzen dute, izan dadin txerri hiltze, bazkari, txaranga eta bestelakoak, besta osatzeko ezinbestekoak direnak horiek oro.
Egitaraua
GAUR
21:00: Betiko gaita ikusgarria elizan.
23:00: Okabe musika taldea Ttirritta ostatuan.
BIHAR
09:00: Txerri hiltze, bertsolari, gaitero eta trikitilariak. Plazan mozorro lehiaketa.
11:30: Mutxikoak pilota plazan.
17:30: Donostiako Inauteriak ikusgarria Hiribehereko plazan. Haritzak tanborrada, Inudeak eta artzainak, Donostiako Kaldereroak eta Uztaritzeko Burrunka.
21:00: Oldarra abesbatzaren Azken oihua ikuskizuna eta ondotik Hartza Iguzki Kiroleta ezker paretan.
OTSAILAREN 26A, IGANDEA:Goizetik Kaskarotak.
18:30: Pantzo Hirigarairen Pantshow.
OTSAILAREN 28A, ASTEARTE GIZEN:
19:30: Zanpantzarraren auzia eta erretzea.
Dokumentuaren akzioak