Dokumentuaren akzioak
Inauteriak, memoriatik kalera
Egino, Ilarduia eta Andoinen 36ko gerraz geroztik egiten ez ziren landa giroko inauteriak berpiztu dituzte
2000. urtean hasi zuten desagertutako inauteri haien bilaketa Abetto
Oribe eta beste zenbait lagunek. «Beti entzuten genien herriko zaharrei
garai batean inauteriak egiten zituztela eta oso ongi pasatzen zutela,
eta informazioa biltzen hasi ginen». Inauteri haien lekuko
izandakoengana jo zuten, gogoratzen zutena biltzera. Juan Garmendia
Larrañaga ikerlariaren lanean ere aurkitu zuten Eginoko inauteriei
buruzko aipamen labur bat.
Ilarduia, Egino eta Andoingo inauterien artean hainbat
antzekotasun zeudela ohartu ziren bilketa lan hartan, eta 2005ean, hiru
herriotako kidez osatutako Ilegan kultur elkartea sortu zuten.
Inauteriak memoriatik kalera eramatea zen asmoa, eta 2007an lortu zuten
lehenengoz, 70 urteko etenaldiaren ondoren.
Garai bateko inauteriak ahalik eta zintzoen errespetatzen
saiatu dira, Oribek dioenez, baina oraindik ere guztiz itxi gabe daude.
«Beti dago xehetasunen bat galdetu beharra, eta zehaztu beharra».
Oraingoz, hamalau dira berreskuratu eta inauterietan aterako dituzten pertsonaiak. Lasto gizona izenekoa
da denetan garrantzitsuena, haren inguruan baitabiltza gainontzeko
guztiak. Lanzko inauterietako Mielotxinen pareko bat da, nolabait ere.
«Urtean zehar izandako gaitz guztien sortzailea da lasto gizona, eta
epaiketa egin, errudun dela adostu, eta su ematen diogu azkenean».
Leherketa eta guzti, gainera, panpinak bolbora pakete bat baitarama
hanka artean.
Pertsonaia nagusi horrekin batera joango dira atsoa,
senargai-andregaiak, latorrigileak, apaiza eta elizmutilak, kinkalaria,
ardi larruz eta makila batez lagunduta doazen zamarrak, soineko eta
aurpegi beltzdun farfailak, haurrak odolez izutzen dituen odoltsua izenekoa, koloretakoak deiturikoak, harakina, adar eta ardi larruz jantzitako idiak, hautsariak eta gorputz nabarmeneko gizenak ere.
Aspalditik datoz, Oriberen ustez, Ilarduia, Egino eta Andoingo
inauteriak. «Naturarekiko lotura, antzinakotasuna eta mende askoz
indarrean izandako sinesmenak; denak daude batuta inauteriotan». Ahalik
eta fidelen jokatzen saiatu dira; horregatik, baina berrikuntzak ere
egin dituzte. Hiru herrietako inauteriak batzea izan da horietako bat.
Herriz herriko ibilaldia egiten da egun inauterietan, eta hala
egingo dute bihar ere. Eskean arituko dira herritarrak eta porreroak
lehen herrian, eta lapurtutako asto gainean eramango dute lasto gizona.
Bigarren herrian ere, eskean ariko dira, baina gurdi batean jarriko
dute lasto gizona, idiak deituriko pertsonaiek eraman
dezaten. Hirugarren herrian, berriz, epaitu egingo dute panpina, eta
baita erretzera kondenatu ere. Dantzarik ez da faltako, gainera,
batetik bestera dabiltzala.
Asmoa ez da inauteria berreskuratzea soilik izan, inauteria
biziberritzea baizik, eta, horregatik, herritarrak arduratzen dira beti
antolaketa lanez. Izan ere, garrantzitsua da herriak inauteriak bere
egitea. Transmisioa gauzatzea, alegia.
Kasu honetan, gainera, bikoitza behar du transmisio horrek.
Garai bateko inauteriak ezagutu zituztenak bereganatu behar ditu,
batetik, eta baita inauteri haiek ezagutu ez zituztenak ere. Bi sektore
horien erantzuna «oso ona» izan dela dio Oribek, eta pasadizo bat
aipatu du horren frogatzat. «1921. eta 1929. urte inguruetan jaiotakoak
dira herriotan garai bateko inauteri haiek ezagutu zituzten lekuko
gehienak, eta ilusio handiz eta poz handiz ikusi dute berreskuratze
prozesua. Haietako batzuk mozorrotu egiten dira orain ere, eta
ikaragarria da inauterietarako erakusten duten sena».
Berreskuratze lana azaltzen duen webgune bat ari dira
prestatzen orain Ilegan kultur elkarteko kideak, eta DVD bat eta
zenbait gida didaktiko ere prestatu dituzte.
Dokumentuaren akzioak