Dokumentuaren akzioak
Inauteriak, karnabalak, aratuzteak... herri bat, mozorro aunitz
Urtarrilaren azken egunak eta otsailaren hasierak inauteri usaina dakar Euskal Herrira; algara izango da urtero moduan gure artean
Inauterien algara dator bulunbaka
Abian dira dagoeneko aurtengo inauteriak; Sunbilla, Ituren edo Zubieta izan dira mozorroen festa gozatzeko aukera izan duten lehenengoak
Urtarrilaren azkenak eta otsailaren hasierak urtero dakar jai giro usaina. Neguak oraindik ez ditu bere azkenak eman, baina beroa nabari da dagoeneko, inauteriek (aratuzte edo karnabal ere esaten zaie) dakarten bero gozoa. Euskal Herriko hiri eta herri askotan egun handia inauteri martitzena izango bada ere otsailak 24, zenbait herrik dagoeneko hasiak dira dastatzen inauterien zaporea: Sunbilla, Ituren edo Zubieta dira horren adibiderik esanguratsuenak. Azken biak dira, hain zuzen ere, Euskal Herriak inauterien inguruan duen tradizio aberatsaren eredu. Urtero-urtero joaldunek hartzen dute herri batetik bestera doan errepidea eta bi herriak festa giroan murgiltzen dira.
Inauteriak, ordea, ez dira hor, Iturengo eta Zubietako joaldunen bulunban, bukatzen. Otsaila osoan zehar, batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago, ospatzen joango dira beste hainbat herrietan. Bakoitzak bere usadioari eutsiz. Horrela, Miel Otxin, Ziripot edota Zaldiko bera protagonista izango dira aurten ere Lantzeko inauteri ospetsuetan eta Momotxorroak Altsasuko lagunak izutzen ariko dira kalean gora eta kalean behera beste behin ere. Denak, aldiz, helburu berberaren izenean: zorigaiztoa uxatu eta algara, zoriona zabaldu.
Ituren eta zubieta Bi herrietako joaldunen joan-etorria
Joan den urtarrilaren 26an Zubietako joaldunak Iturenera bidea egin zuten. Hurrengo egunean Iturengoak izan ziren Zubietan. Iturenek eta Zubietak batera ospatzen dituzte inauteriak. Urtero horrela egiten dute: astelehenean iturendarrek egiten diete harrera zubietarrei, Aurtitzen. Auzo horretan hasten da desfilea, berrogei edo berrogeita hamar bat joaldun, Latsagako auzoan igaro eta Iturengora ailegatzen dira. Han herri guztian barrena ibili eta plazan bukatzen da. Biharamunean, asteartea, Iturengoek joaten dira Zubietara. Ihauterietako esannahi mitologikoa hiritar askorentzat galdua den arren, bai Ituren eta baita Zubietako aratuzteek sona handia dute eta Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildutako lagunak biltzen dira bertan egunotan.
Zalduondo Markitos, gaitz guztien errudun
Arabako landa inguruneko inauteri ospetsuenak dira. Protagonista behartua Markitos da, gaitz eta pena guztiak ordezkatzen dituen panpina. Miel Otxinen antzerako papera betetzen du. Markitos asto gainean doa eta denek dute iraintzeko aukera. Maskarada bat eginez, Markitos denen aurrean akusatzen dute, eta memento berean epaitu, kondenatu, zutoinean sartu eta erre. Ekitaldia aurrera eraman ahal izateko traje beltzez janzten duten panpina da Markitos; izan ere, zaila bailitzateke estuasun guzti horietatik iragan gura duen herritarra aurkitzea. Eta, jakina, festara doazenak nahi duten erara dibertitzen dira, ondo lan egiten duen jendea. 30 bat pertsonaik osatzen dute Zalduondoko herrian ospatzen den inauteria.
Altsasu Momotxorroak dira benetako protagonistak
Bi egunetan ospatzen dituzte aratuzte edo inauteriak Altsasun. Lehenengoa hausterre asteazkenaren aurreko asteartean. Inauteri herrikoia da honakoa. Era berean, aste horretako larunbatean bertan piñata karnabala deritzona ospatu egiten dute. Bietan ospetsuena edo behintzat tradizionalena lehenengoa da. Momotxorroak dira antolatzen den jai erraldoien protagonista nagusiak. Gainera, egun horretan mozorroak oso tradizionalak izaten dira. Piñata karnabalean, berriz, herriko lagunak kuadriletan antolatu eta bakoitzak mozorro bat aukeratzen du.
Ondarroa Gauza txarrak uxatu eta ederrak eskatu
Inauteri larunbata iluntzean Lantzoia ateratzen da, euren buruak jauntxotzat dituztenei barre egiteko eta lantzoia deitu aurpegira. Era berean, inauteri asteartean herriko ume guztiak ateratzen dira kalejiran eta herri osoa zeharkatzen dute. Gau horretan bertan, Akularen enterrua izaten da, ostean Zubi Zaharretik behera botatzeko. Uretara bota baino lehen, obispoak letaniak irakurtzen ditu: gauza txarrak eroan eta ederrak ekartzeko eskatzen zaio Akulari.
Lantz Miel Otxin bidelapur famatua, heriotz zigorrera kondenatua
Anue bailarako hiribildua da Lantz. Inauteri asteartean ospatzen dira bertan inauteriak. Ikusgarritasunak janzten ditu egun horretan Lantzeko kaleak. Miel Otxin bidelapur famatuaren harrapaketa, epaiketa eta zigorra antzezten dute. Egunetan zehar gaizkia eta ongia gerla sinbolikoan izaten dira aurrez aurre. Antzezpen berezi horren pertsonaia nagusia Miel Otxin da. Besoak zabalik daramatzan panpina da Miel Otxin. Inauteri astearte gauen bidelapur gaiztoa epaitu eta heriotz zigorra ezartzen diote. Ez da Miel Otxin, ordea, Lantzen gora eta behera bazterrak nahastuz doan pertsonaia bakarra. Berarekin batera doaz, Ziripot, Zaldiko, Arotzak edo Txatxoak. Bisitari ugari joan ohi da urtero Euskal tradizioaren ikur bilakatu diren Lantzeko inauterietara. Bai Ituren eta baita Zubietako inauteriak ere ezagunak eta famatuak dira oso Euskal Herrian zehar. 1964. urtean Pio eta Julio Caro Barojak dokumental bat grabatzeko aitzakiaz berreskuratu zituen 1937. urteko otsailaren 3tik ospatu gabe zeuden Lantzeko inauteriak.
Mundaka Kantari herriko kaleetatik
Otsailaren 22an, inauteri aurreko igande egunean ospatzen dira Mundakako aratuzteak. Goizean egiten dute ospakizuna. Historian zehar aldaketa ugari izan dituzte Mundakako inauteriak, batez ere, Francoren diktadurapean izandako debekuak medio. Atorraren Egunean zuriz jantzita irteten dira Mundakako bizilagunak musika bandako zuzendaria salbu. honek praka eta kapela beltza janzten baititu. Herriko bazterrak zeharkatzen dituzte kantuka. Portura arte jarraitzen dute abesten eta bertan jende uholdearen aurrean egiten dute euren azkeneko saioa. Festa, ordea, ez da hor bukatzen; izan ere, portuko saioaren ostean tabernaz taberna ibiltzen baitira atorrak, Mundakako herritarrentzat egun handia dena ospatzeko.
T0losa. Etenik izan ez duten inauteri bakarrak
Ezaugarri berezi asko ditu Tolosak, baina horietako bat da frankismoaren garaian aitzakia bati edo besteri helduz inauteriak ospatzeari eutsi zion herri bakarra izana. Horrela, gaur egun ere sona handiko inauteriak dira Tolosakoak eta lagun ugari biltzen dira bertan jai giroan gozatzeko asmoz. Ia aste osoan irauten duten inauteriak dira eta ospakizun handia da herritarrentzat.
Sunbilla Opariz jositako karroza desfilea
Urtarrileko azken astebukaeran ospatzen dira Sunbillan inauteriak. Euskal Herri osoko lagun ugari biltzen dira bertan eta nahiz eta historia oso luzea ez izan, fama handia hartu dute azken urteotan. Herri osoa gurutzatzen duten karroza disdiratsuak dira ospakizunaren protagonistak. Horiek gainera, herriko kuadrilak diseinatu eta egindakoak dira. Karrozak diseinatzeko garaian egunerokotasunarekin harremana duten ideiak baliatzen dituzte. Orokorrean, umorea izaten da hizkuntzarik erabiliena eta horrekin herriko bazterretan biltzen den jendea animatzea lortzen dute. Era berean, beste karroza batzuetan baserriko produktuak banatzen dituzte: ardoa, tortilla, gazta, txistorra...
Iturengo joaldunak eta Rio de Janeiroko Kama Sutra
Munduan zehar badira inauteri entzutesuak, baina guzti horietan sona gehien dutenak Brasilgo Rio de Janeirokoak dira
Euskal Herriko inauterien xarma eta disdira ezbaian jartzerik ez dago. Usadioak ematen dio ukitu berezi hori. Hala ere, mundua zabala da oso eta inauterien tradizioa planeta urdinaren eremu guztietara zabaltzen da. Inauterien jatorria asmatzerik ez dago, behintzat denborari dagokionean, baina sorrera oso aintzina kokatu beharra dagoela apostu egiten dute ikerlari askok eta askok. Horren adierazgarri nagusia? munduan zehar urtero-urtero egiten diren inauteriek antzekotasun asko gordetzen dituztela. Batek baino gehiagok, ordea, esango du, edo behintzat pentsatuko du, Ituren edo Lantz lurralde hotsetan egiten diren inauteriak eta han, beroaren besoetan, Brasilen egiten direnak ezer gutxi dutela pareko. Eta horrela gerta dakioke edonori, baina funtsean inauteri guztien xedea da zorigaiztoa uxatu eta zorionari ongi etorria ematea.
Rio de Janeiro, Kadiz, Venezia, Tenerife... asko dira munduan fama handia daukaten inauteriak eta guztietan dira jai giroa, poztasuna, ikusgarritasuna eta, nola ez, mozorroa nagusi eta protagonista.
Egia da. Izan badira ñabardurak. Aurtengo Rio de Janeiroko inauterietan prestatuta dutena ikustea besterik ez dago. Berez bero egiten du Brasilgo hiri horretan eta are bero gehiago inauterietan prestatzen duten desfilean bai emakumeek eta baita gizonek ere eramaten dituzten mozorroak ikusita asko ez dute xahutzen jantzia prestatzen, erabilitako tela puska txikiei so eginda. Aurtengoak, ordea, marka guztiak gaindituko ditu. Rioko inauterietako sexu edukia handiagoa izango da aurten; izan ere, bertako sanba eskola batek Kama Sutra osoa antzeztuko baitu desfilean zehar.
Eskola zuzendaritza taldeko kide baten esanetan, gai hori eszenaratzeko arrazoia izan da gaia bera polemikoa bezain originala dela. «Gure ideia Ihes-aren arazo serioa eta inauterien algara bateratzea da», baieztatu dute.
Era berean, euren asmoa aurrera eramatea debekatzeko asmorik egongo balitz «zentsura saiakera hori ekintza nazi bat balitz moduan hartuko dugu», adierazi dute sanba taldekoek.
Dokumentuaren akzioak