Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauteriak bizitzeko modu ezberdinak

Dokumentuaren akzioak

Inauteriak bizitzeko modu ezberdinak

'Mozorrotzea ez da disfrazatzea' hitzaldia eman du Oier Araolaza antropologoak Lemoako Kotxepin Kultur Etxean
Egilea
El Correo
Komunikabidea
El Correo
Mota
Albistea
Data
2021/05/16
Lotura
El Correo
«Sinbologia handia aurkitu daiteke festa hauetan eta honen inguruan hausnartu behar da»./mireya López

 

 

«Sinbologia handia aurkitu daiteke festa hauetan eta honen inguruan hausnartu behar da». / mireya López

 

Osasun egoerak bi urtez jarraian bertan behera uztera behartu duen arren, inauteriak neguko momentu berezienetakoak dira. Mundu osoko kaleak pirata, indio, polizia, marrazki bizidunak, aktoreak eta beste hainbat janzkeraz betetzen dira, jai giroa dela nagusi. Ospakizunak mota askotakoak direla, tradizio luze bat dutela gogoratu beharra dago, eta egiteko honetan dabil Oier Araolaza, 'Mozorrotzea ez da disfrazatzea' hitzaldia eman zuena Lemoako Kotxepin Kultur Etxean. Dantzari eta antropologoa, aditu hau inauterien eta neguko festen inguruan aritu zen Udalak antolatutako Kultura eta Memoria Astearen barnean ospatutako saioan.

Araolazak azaltzen duenez, inauteriak ospatzera bultzatzen duten hainbat elementu antzeman daitezke tradizionalki eta historikoki. «Sinbologia handia aurkitu daiteke festa hauen atzean eta honen inguruan hausnartzea garrantzitsua da», adierazten du. Halaber, «asko dira ospakizun hauei eman zaizkien azalpenak, bilatu zaizkien erantzunak. Askotan, aldi berean arrazoi bat baino gehiago eman daiteke inauteriak antolatzeko», gehietzen du adituak. Eta ez bakarrik hauek, baizik eta neguko festa guztiak: «Inauteriak tradizionalki bost egun horiek bezala dira ezagunak, baina beste hainbat izan behar dira kontuan, izan ere, neguko beste hainbat festekin, Halloween edo Olentzero esaterako, elementu asko dituzte komunean, eta ezin dira ahaztu». Horregatik, bi alor hartzen dira ardatz moduan azterketa egitean: kuestazioa eta mozorrotzea.

Azken honetan jartzen du atentzioa adituak hitzaldiaren tituluak dioen moduan, «mozorrotzea ez delako disfrazatzea». «Inauteriak bizitzeko oso modu diferenteak ikusi daitezke bien bitartez, hiztegian haien arteko ezberdintasuna jasotzen ez den arren».

Mozorroen inguruan aritzen garenean, «gure burua izkutatzea da helburua». «Identitatea desagertzen da, gurearen ordez beste bat agertuz. Eta zein da azaleratzen dena? Mozorroa bera, gure norbanakoaren parte egiten dena. Jada ez dakigu nor dagoen janzkera horren atzean», adierazten du adituak.

Disfrazatzeaz hitz egiten dugunean ordea, kontrakoa gertatzen da. Lagun talde batek egunerokotik at dagoen zerbait konkretuaz janztea erabakitzen duenean, animaliak, telesaileko pertsonaiak, marrazki bizidunak, kirolariak... momentu horretan ari dira disfraza jartzen. Identitatea galtzen ez dugunean. Mikel, Ane, Andoni edo Iker jarraitzen izaten dute, hegoak edo ezpata bat eskuan eraman arren. «Bakoitza gu geu izaten jarraitzen dugu baina jendaurrean modu berezi batean aurkezten gara», azaltzen du antropologoak.

«Identitatea desagertzen da, gurearen ordez beste bat agertuz. Ez dakigu nor dagoen atzean» mozorrotzea

«Bakoitza gu geu izaten jarraitzen dugu baina jendaurrean modu berezi batean aurkezten gara» disfrazatzea

Bilakaera

Azken modu hau gailentzen da herrialde askotan, muturreraino eramaten dela batzuetan. Brasil izan daiteke adibide argia. Herrialde horretan inauteriak era oso berezian bizi dira, ospakizunak erraldoiak direla. Janzkerari adituz ordea, garbi ikusi daiteke gainean elementu gutxi eramatea dela nagusi. «Bakoitzaren erakusleiho bihurtzen da disfrazatzea. Kentzen dugun arropa jartzen duguna baino gehiago da kasu honetan. Erabiltzen diren osagaiak gorputza ederrago ikusteko baino ez dira».

Eta ez bakarrik Brasilen, baizik eta Europa osoan zabaltzen ari den modua da hau. Gero eta garrantzia gehiago ematen ari zaio gorputzaren kultuari, eta «inauteriek gizartearen parte diren heinean, aldaketa berdinak sufritzen dituzte». Interneten adibidez Danimarkako karnabalak bilatuz gero, Rio de Jaineroko argazkiak direla dirudi. «Ez du zentzu askorik klima hotza dela kontuan hartuta», dio Araolazak barrezka. Baina, «tradizioek bilakaera handiak sufritzen ditu urtez urte». 

Dokumentuaren akzioak