Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauteri goiztiarrenak

Dokumentuaren akzioak

Inauteri goiztiarrenak

Atzo ospatu zituzten inauteriak Baztango Orabidea auzuneko herritarrek, urtea hasi eta hirugarren egunean, erregeak oraindik heldu gabe direnean.

Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2009/01/04

Errege egun inguruan ospatu ohi dituzte gehienetan, baina jaiak aurreratzea erabaki zuten aurten. «Ikasle batzuk badaude Orabidean, eta ostegunean hasten dira berriz eskolekin, horregatik egin ditugu apur bat goizago aurten, haiek ere etortzeko». Joxe Angel Elizalde soinu jotzailearen hitzak dira. Orabideakoa da sortzez, orain Elizondon bizi arren, eta bera aritu zen atzokoan Kristian Bordarekin batera musikari lanetan. Hamabosgarren urtea izango zuen atzokoa lan horretan.

Goiz ospatu bai, baina ez goiz erabakitzeagatik. «Ostegunean jakin genuen atzo ospatu behar genituela», zioen Mikel Argarete Etxebertzeko borda jatetxeko semeak. Ez zen berriak sorpresaz hartu zuen bakarra. Lana eta egin beharrekoak zituzten batek baino gehiagok, eta huts egin zuten, horregatik, normalean inauterietan biltzen zirenetako batzuek.

«Beste urte batez ere suertatu zen inauteriak urte berria pasatu eta segituan ospatzea», gogoratzen du Dominika Arburuak. «Bi egun irauten zuten orain arte, ostirala eta larunbata, baina aurten larunbata baino ez da ospatu». Urtero prestatu izan du zer edo zer goizean baserriz baserri puskak biltzen ibiltzen direnentzat, ez aurten, ordea, ezin izan duelako.

12 bat etxetara joan ziren, halere. Goizetik ekin zioten hamar bat neska-mutilek puska biltzeari. Salaberri baserrian hasi ziren, hangoak baitira inauteria antolatzeko ardura hartzen dutenak. «Gosari ona prestatzen du, gainera, etxekoandreak», zioen Elizaldek.

Ohiturak dio, praka zuriak eta brusa beltza jantzita ibili behar dutela gazteek. Kafea, zizka-mizkak, ardoa, kopak... denetarik jaso zuten etxerik etxe, kanturen batzuen truke, baita diru pixka bat ere, borondatea, afaria eta gastuak ordaintzeko.

Gazteek ez omen dakite, ordea, garai batean adina kantu zahar. Hala zioten, behintzat, gazteak hartu zituzten hainbat etxetako emakumeek. «Liburuak badituzte kantuekin», zioen Josefa Bengoetxeak erdi txantxetan, «baina denborarik ez, haiek ikasteko».

Eguna atarietan joka pasatu, eta 40 bat lagun bildu ziren afaltzeko gero Etxebertzeko bordako jatetxean. Joxe Angelen soinuaren musika izan zuten afalondoa alaitzeko, eta goizeko ordu txikiak arte egon zen bat baino gehiago, orain kantuan, orain dantzan.

Denborak aldatzen du dena

Gune zabala da Orabidea. Legate eta Alkurruntz mendien magaletan dago eta hainbat herritakoak dira han dauden baserriak; Lekarotz, Arizkun, Azpilkueta, Arraioz, Zugarramurdi...

Ez da motza batetik bestera dagoen bidea, batzuetan, baina, halere oinez egiten zen garai batean etxetik etxerako eskea, Arburuak azaldu duenez. «Biderik ere ez zegoen orduan, eta oinez egin behar, nola ba?! Orain autoarekin joaten dira denak batetik bestera». Etxe gehiagotan bizi zen jendea lehen, halere, orain hutsik daude garai batean jendez beteta zeuden bordetako asko. «Gero eta gehiago», zioen Arburuak.

Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, mutilak baino ez ziren ibiltzen festan egun haietan. Etxean gelditu behar neskek, Arburuak gogoratzen duenez. «Astelehen eta asteartean ospatzen ziren orduan inauteriak, eta neskei txokolatea hartzera gonbidatzen gintuzten asteartean mutilek, baina aspaldiko kontuak dira horiek».

Lan munduak eraginda hasi ziren inauteriak asteburuetan ospatzen. Ez zen hori izan aldaketa bakarra. Garai batean bi ostatutan biltzen ziren mutilak ospakizunetarako; Eskisaroi izenekoan, eta Etxebertzeko bordakoan. Duela hiru hamarkada inguru itxi zen, ordea, Eskisaroi, eta bakarrean bildu behar izan zuten orduz geroztik.

Ez urtero, halere, hainbat denbora pasatu baitzuten Orabidean inauteririk ospatu gabe. Duela hamabost bat urte hartu zuten ohitura berritzeko erabakia Orabideako zenbait gaztek, eta orain urteroko ohitura bihurtu dute herritarrentzat.

 

Joxe Angel Elizalde - Soinu jotzailea

«Etxetik etxerako bidea, autoz egiten dugu orain»

I. Astiz



Orabidean jaiotakoa da Joxe Angel Elizalde, egun Elizondon bizi den arren. Bera izan zen duela hamabost bat urte inauteriak egiteko ohitura berreskuratzeaz arduratu zenetako bat, Salaberri baserrikoekin batera.

Nolatan egin dituzue hain goiz aurtengo inauteriak?

Goiz egiten ditugu beti, inoiz ere egin izan ditugu 3an. Aurten lehenengoz etorri diren gaztetxo batzuk ere badaude; orain libre daude, baina datorren astean klaseekin hasiko dira , eta horregatik egin ditugu gaur [atzo].

Duela hamabost bat urte hartu zenuten berriz inauteriak ospatzeko ohitura, ezta?

Gu haurrak ginela egiten zirela gogoratzen dut nik. Salaberriko bordako lagunak eta beste batzuk hasi ginen ohitura berreskuratzen. Txikiak ginela ikusia genuen egiten zirela, baina lau edo bost urtez egon ziren gero egin gabe; batzuk ezkondu egin ziren, eta gutxi gelditu ziren.Eten bat izan zen hor, eta gero guk bete genuen zulo hori.

Beti aritu izan zara zu soinu jotzaile.

Bai, ni eta Kristian Borda ere izaten dut lagun. Beti elkarrekin ibiltzen gara.

Egun bakarra egin duzue aurten.

Bai, bi egiten genituen orain arte, baina bat baino ez dugu dugu egin aurten. Hamar edo hamabi bat etxetara egingo dugu [atzo] bisita. Gehiago dira Orabideako etxeak, noski, baina hutsik daude haietako asko.

Eta nola egiten duzue bidea?

Kilometro bat izango da batetik bestera. Garai batean, bai, oinez egiten zen bidea, ezagutu dut nik hori, baina guk orain autoz egiten dugu. Lehen, gainera, bi koadrilak egiten zituzten inauteriak, bi eskualdetakoak, eta bi ostatutan, orain bakarrean biltzen gara denok.

 

 

 

Lanzko, Iturengo eta Zubietakoen garrantzia aitortzeko bidean

Jaiak Kultur Intereseko Ondare izendatzeko ekimena hartu du Nafarroako Gobernuak aste honetan

I.A.



Debekatuta egon ziren urteetan Lanzko inauteriak. Ahaztu eta Desagertzear, herritarren eta, besteak beste, Pio eta Julio Caro Barojaren lanari esker izango ez balitz. Iturengo eta Zubietako inauteriek ere herritarren ekimenari esker iraun dute bizirik urte eta urteetan. Euskal Herriko inauteri ezagunenetarikoak dira egun, bakoitza bere berezitasunekin, eta Kultur Intereseko Ondare izendatzeko ekimena hartu du Nafarroako Gobernuak orain.

Jatorri ezezaguneko bi tradizio

Jauregiak, gazteluak, antzokiak... hainbat eta hainbat dira Kultur Intereseko Ondare gisa izendatu diren eraikinak, eta ondare materialak. Ondare ukiezinek ere (ohiturek eta jaiek esaterako) lor dezakete izendapen hori, ordea. Asmoak aurrera eginez gero, babes hori lortuko luketen Nafarroako lehen festa herrikoiak bihurtuko lirateke inauteriok, eta beste kultur ekimen batzuk ere kontuan hartzeko bidea irekiko litzateke, gainera.

Parlamentuak 2005ean onartutako lege bat du oinarrian ekimenak. Lege haren arabera, Nafarroko Gobernuak beharrezko neurriak har litzake Kultur Intereseko Ondaretzat izendatutako horiek ikertu, dokumentatu, errejistratu eta beharrezko euskarriak erabiliz «transmisioa eta datozen belaunaldien estimua izango dutela ziurtatzeko».

Ez dago argi noiz hasi ziren Lanzko inauteriak ospatzen, noiz erre zuten lehenegoz Miel Otxin Lanzko plazan, edo noiz ferratu Zaldiko kaleetan. Gauza jakina da, ordea, hausterre eguna ospatu aurreko egunetan izaten dela jaia. Txatxuz, Zaldikoz, Ziripotez eta arotzez janzten dira egun horietan Lanzko herritarrak, eta zortzikoa dantzatzen dute bukaeran, erretzen ari den Miel Otxinen irudiaren inguruan.

Iturengo eta Zubietako inauterien jatorria ere ez dago argi, baina ohiturak, eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioak gorde du bizirik gaur egunera arte. Urtarrileko azken asteartean joaten dira Zubietako joaldunak Iturengoengana, eta asteazkenean Iturengoak Zubietakoengana. Herri bakoitza bere janzkiekin, eta bere joaleak jotzeko modu bereziarekin.

Debekuak saihestuz, urtero ospatu den ohitura izan da, gainera, inauteriak ospatzeko baimenik izan gabe ere, joaldunak ateratzeko baimena ematen baitzien Frankismo garaiko gobernadore zibilak herritarrei.

Dokumentuaren akzioak