Inauterien abiapuntuan dago egun batzuez dena hankaz gora jartzea. Hori egiteko modu klasikoa izan da mozorrotzea, askotan, maskara baten atzean. Eta aurtengo hitzordua bide beretik datorren arren, kuriosoa da ikustea nola maskara kentzea izango den bizi izandakoari buelta emateko keinuetako bat. Askoren nahian egongo da ere azken bi urteetan nozitutakoa erretzeko gogoa. Funtsean, horixe baita inauterien abiapuntua: neguari aurre egitea, bizitza berriro ere loratu dadin. Eta, zer arraio, bidean ere ongi pasatzea, inork gutxik baitaki noizko izango duen zain sega luze bat eskutan duen pertsonaia madarikatu hori, gorputz baten miraria osatzen duten 30 bilioi zelula lur zulo ziztrin batean sartzeko irrikan.
Festa horiek guztiak antolatzeko ardura dutenek, baina, zuhurtziarekin jokatu nahi dute, pandemia garaian jende gehiegi pilatzea oso komenigarria ez den jakitun. Are gehiago hirigune handietan: inork ez du nahi historiara pasa zazpigarren olatuaren abiarazle gisa.
Gasteizen kasuan, adibidez, berri onak emateko gogoaren eta osasun arazo bat ez berpizteko nahiaren arteko oreka horretan ibili behar izan da Kultura zinegotzi Estibaliz Canto. "Urtebetez ospatu ahal izan gabe, gasteiztarrak ihauterietako jaiak ospatzeko irrikan daude", esan zuen aurtengo programa aurkezteko ekitaldian. Jarraian erantsi zuen, ordea, udalaren "lehentasuna" zela desfileetan parte hartuko duten lagunen segurtasuna bermatzea. Ez da lan erraza izango: 23 konpartsatan banatutako 4.734 lagun desfilatuko dira aurten hiriburuko kaleetan zehar.
Bigarren hirigunerik populatuenenean ere antzeko zuhurtziarekin ibili dira. Gehiegizko jende pilaketak saihesteko, programa desberdina izango dutela aurreratu dute Laudion, ekitaldi ibiltariekin. Kasurako, ohiko mozorro lehiaketa mantendu duten arren, saridun bakoitzarekin modu pribatuan egingo dute sari banaketa, eta ondoren internet bitartez emango dute horren berri. Gainerakoan, otsailaren 26an desfilea egingo dute, eta, ohitura eta garai berrien adierazle, martxoaren 1ean Lezeagako sorginak gaiztakeria guztiak sutara botako du.
Adi, Toribio
Aitzitik, errebisionismo historikoak ez ditu salbatuko Arabako beste zenbait pertsonaia sutetik edo bestelako jukutrietatik. Adibidez, Kanpezun hasi dira katxiruloak prestatzen, martxoaren 3an Toribio ibaira botatzeko. Ilarduia, Egino eta Andoinen ere hasi dituzte prestakizunak –web berria eta guzti– , eta aurreratu dute hilaren 19an lastozko gizona epaitzeko "arrazoi sobera" dituztela aurten. Ez zaie arrazoi falta.
Badira ere aurten badaezpada ere ospakizuna ez egitea erabaki duten herriak. Salcedon edota Kuartangon, esaterako, ez dute inauteririk egingo. Beste zenbait lekutan, pandemian zehar ondutako ohitura berri bati ekin diote: ospakizuna formatu txikian egingo dute, herriko jendearen eta gertuenekoen artean, jende pilaketak saihestu aldera. 2023ra itxaron beharko da horietan parte hartzeko.