Dokumentuaren akzioak
Inauteri garaia hasiko da gaur
Beskoitzeko gazteak etxe kurri ariko dira gaur inauteriak ospatzeko; Euskal Herriko lehenak dira
Beskoitzen gaur hasiko dutena herriko etxeen itzulia
da, preseski. Horretarako Hartza lagun izanen dute Oinak Arin taldeko
neskak eta mutilak. Kaskarotaren jantzia mutilek bakarrik soinean
ematen bazuten garaian, Beskoitzen 1983tik inauterien parte dira
neskak. Izan ere, Lehen Mundu Gerraz geroztik galdu zen inauteria
herrian, eta 1983an berriz abiarazi zuten. Eta hasia hasi, neskak
naturalki sartu ziren taldean, taldeko Jean-Raymond Mailharraincinek
erranik. Uztaritzen, konparazione, gaur egun oraino mutilak bakarrik
dira kaskarotak. 300 urteko etenik gabeko tradizioa dela argudiatzen
dute.
Etxez etxe egin itzuliak hiru asteburu iraunen die
beskoiztarrei. Astearte gizen egunaren araberan kalkulatzen dituzten
asteak. Baina usaian baino goizago abiarazi dute, aurten, haatik.
Etxeen itzulia otsailaren 7an bururatuko dute, plazan ikusgarri oso bat
emanez. Ondoko asteburua libre nahi zuten batzuek Parisen iragaitekoa
den errugbi partida batetara joateko gisan. Tarte horretan dagoen
urtarrilaren 30 eta 31ko asteburuan ez dute etxe kurririk izanen,
Bixintxoak ospatuko baitituzte herrian.
Otsailak 11, Ostegun Gizen
Urtero bezala, udaberriko lehen ilargi betea duen igandeak
zehaztuko ditu inauteriak, orokorrean, Euskal Herrian. Pazko Igandea
izaten da egun hori kristautasunaren egutegian, eta egun hori baino 40
egun lehenago (igandeak ez dira zenbatzen) Hausterre eguna izaten da.
Egun horrek ezartzen du inauterien amaiera, eta horrekin batera
Garizuma hasten da kristauentzat.
Aurten otsailaren 17a izango da Hausterre eguna, eta Ostegun
Gizena otsailaren 11 izango da. Egun horretan hasiko dira auzo, herri
eta hirietan inauterietako egun klasikoak, ohitura zaharrak eta berriak
nahasten dituztenak. Nekazari giroko inauteriak, ordea, lehenago hasiko
dira, Beskoitzen eta beste hainbat lekutan. Zubietan eta Iturenen
urtarrileko azken asteburuaren ondoren ospatzen dituzte, eta
kaldereroak eta inude eta artzainak Donostian Kandelaria egunaren
(otsailak 2) ondorengo lehen asteburuan.
Inauterien jatorriaren inguruan teoria bat baino gehiago
daude. Altsasun momotxorroek lurra esnatu eta udaberriari deitzeko
lurra jotzen dutela esaten da, eta Ituren eta Zubietako joaldunek euren
zanpantzarrekin espiritu txarrak uxatzen dituztela. Juan Antonio
Urbeltz folklorean adituak, ordea, intsektu izurrien kontrako konjurua
direla dio. Haren hitzetan, inauterietan gizakiek zomorroen rola
hartzen dute, eta hortik dator zomorro eta mozorro
hitzen arteko antzekotasuna. Zomorro bihurtuta eta horien ordainekoa
jasoz, zomorroak ez bueltatzea bilatzen zutela dio Urbeltzek, nekazari
gizartean horiek eragiten zituzten kalteak izugarriak izaten zirelako.
Euskal dantzak eta San Joan sua pizteko usadioa konjuru horrekin ere
lotzen ditu Urbeltzek, eta berak ikertutakoaren arabera, Europa osoan
egiten diren errituak dira.
Inauterietako egutegia
Urtarrilak 9.
Kaskarotak, Beskoitzen.
Urtarrilak 17.
Larrainen hasiko dira Maskaradak.
Otsailak 1.
Zubietako joaldunak Iturenera joanen dira.
Otsailak 2.
Iturengo joaldunak Zubietara joanen dira.
Otsailak 5.
Santibate, Donibane Garazin.
Otsailak 6.
Kaldereroak Donostian eta Tolosan; puska biltzea Lizartzan; koko-eskea eta koko-dantzak Eibarren.
Otsailak 7.
Inude eta artzainak Donostian; Libertimendua Donapaleun.
Otsailak 11, Ostegun Gizena.
Inauteriak Tolosan.
Otsailak 12, Ostiral Mehea.
Kaldereroak Eibarren.
Otsailak 13, Inaute larunbata.
Leziagako sorgina, Laudion; zarramuskeroak, Cintruenigon; porreroa eta sorgina,Agurainen.
Otsailak 14, Inaute igandea.
Markitos Zalduondon; mamuxarroak Unanuan; zarramuskeroak Cintruenigon; inauteak Luzaiden; txantxoak Abaltzisketan; talaik Amezketan; atorrak Mundakan; Libertimendua Donibane Garazin; Atorrak Mundakan; inude eta artzainak Beran; zaku zaharrak Lesakan; txino dantza Aretxabaletan.
Otsailak 15, Astelenita.
Talaik Amezketan; zingar arrautze eskea Beran.
Otsailak 16, Asteartita.
Miel Otxin Lantzen; Altsasun momotxorroak; mamuxarroak Unanuan; Kaskaboboak eta maskaritak Agoitzen; Hartza Uztaritzen eta Arizkunen; Estudiantina Lekeition; Toribio Kanpezun.
Otsailak 17, Hausterre eguna.
Sardina erretzea Tolosan.
Dokumentuaren akzioak