Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauteri dantzak, soka eten ez dadin

Dokumentuaren akzioak

Inauteri dantzak, soka eten ez dadin

Lizartzako inauterien esentzia mozorro eta jai girotik harago, inaute dantza eta doinu propioetan dago. Atzera begira jarri da ‘Ataria’ Jose Manuel Etxeberria, Juan Jose Garmendia eta Josune Zubeldiaren laguntzarekin.
Egilea
Rebeka Calvo
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Tokia
Lizartza
Mota
Albistea
Data
2018/02/02
Lotura
Tolosaldeko Ataria

Lizartzako inauteri dantzak edo Lizartzako dantzak gaur egunera iritsi badira, herritar batzuren lanari esker izan da. 25 urte betetzen dira aurten, inauteriak berreskuratu zituztela, baina dantzak askoz zaharragoak dira, «inauteriak gaur egungo moldearekin, duela 25 urte hasi ziren ospatzen, baina lehenago ere zerbait egiten zen», gogoratu dute Jose Manuel Etxeberria eta Juan Jose Garmendia lizartzarrek. 1928. urteko argazkiak daude, non txuri-gorriz jantzitako eta mantoi koloretsuekin apaindutako dantzariak ageri diren, bi ilaratan lerrokatuta, sarjentu eta kapitaina aurrean eta bi espenseroak atzean dituztela. Argazki hori ez da urtero errepikatu, molde horretan ez behintzat. Inauteri dantzak ez dira galdu, dantzari gutxiago edo gehiagorekin, baina belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ez delako eten. Baina inauteri dantzak urte askotan, herriko festetan egin izan dira. Dantzak, dena den, ez dira aldatu; hamar dira, Paseo dantzarekin hasten dira eta gero egiten dituzte Lehenengoa, Bigarrena, Seigarrena, Ostiko dantza, Etxe dantza, Lau ostiko, Makil dantza, Bloke edo Pala dantza eta bukatzeko Paseo dantza. Jantziak ere ez dira aldatu, horiek jartzeko errituala aldatu bada ere; lehen mutilak bakarrik ateratzen ziren dantzan eta andregaiak edo etxeko beste emakumeren batek janzten zituen.

Sokari heldu diote lizartzarrek, modu batera edo bestera, beraz. Hori esan diote Ataria-ri Jose Manuel Etxeberria Maiz eta Juan Jose Garmendia lizartzarrek. Mutil kozkorrak zirela jaso zuten etxean usadioa, eta eutsi diote. Lizartzarrek Josune Zubeldia herrikidea izan dute lagun solasaldian, Iñaki Zubeldiaren alaba, hain justu, inauteri dantzak erakusten aritu zen Iñaki Zubeldia 1956. urtetik 2012a arte, zendu zen arte.

Inauteri dantza eta doinu propioek puska biltzearekin dute lotura. Garai batean Tolosako inauteriekin batera, Zaldunita, Astelenita eta Asteartitan, ateratzen ziren baserriz baserri puska biltzera. 36ko Gerrarekin, beste hainbat herritan bezala, Lizartzan ere inauteriak ospatzeari utzi zioten, «1934. urtean edo utzi zen dantzak egiteari», gogoratu du Etxeberriak. Baina gerora usadioa berreskuratu zuten, Etxeberria eta Garmendia tartean zirela. «1956 urtean izango zen, gurasoak bildu eta mutil kozkorrak bilduta berriz ere atera ginen baserriz baserri puska bildu eta dantzatzera. Kalean ere egiten genituen dantzak», gogoratu du Jose Manuel Etxeberriak. Etxetik jaso zuen Etxeberriak ohiturei eusteko grina. 1928ko argazki horretan azaltzen dira bere aita, Inazio Etxeberria, eta baita aitona ere. 1956an kokatzen dute lehen berreskuratze lan hori, zehazterik ez badute ere. «Izozte urtea izan zen. Hilabeteko izoztea izan zen. Urte hartan berreskuratu ziren lehen aldiz, izoztearen urtean. Hiru eguneko inauteriak egin ziren, Sutegin egin genituen otordu guztiak. Puska biltzen ibili ginen herrian eta bildutakoekin eta ekarritako beste kontu batzuekin egin genituen otorduak. Puska biltzen ibili ginen baserrietan», esan du Juan Jose Garmendiak. Etxeberriak kontakizuna borobildu du: «Oro har, Goitxikitik gora hasten ginen, han egiten zen hamaiketakoa. Gerokoa da Etxe-Zaharrekoek ematea hamaiketakoa. Lehen bueltan izaten zen Etxe-Zaharreko geldialdia. Eguerdirako baserri guztiak pasata izaten genituen. Orduan ez genuen gaur egun egiten den ibilbide bera egiten, alderantziz egiten genuen. Gure garaian ere ospela lehenago egiten zen, baina orain ermitara jaisten dira, eta orduan Goitxikitik Basaitzaldera hartu, Asureta, Olatza, Ipintza, Eguzkiar eta Zalakain pasatzen genituen. Bazterretatik etorri, hamaiketakoa egin, eta berriz ere, egutera egiten genuen». Igandez behealdeko baserrietan ibili ziren, eta astelehenez, baserrietara joan ziren.

Izotzaldiaren urtea zela gogoratzen dute behorrarekin pasadizoa ere izan zutelako: «Sutegiko inauterietan Astunetik behera gindoazela, behorra ipurdi gainean jarrita irristaka jaitsi zen, izotzaldia dela eta. Behorraren saskia arrautzez beteta zegoen eta goitik behera etorri zen. Sutegira joan, arropak erantzi eta su baxuan jarri genituen lehortzen», gogoratu du Garmendiak. Otorduak egin zituzten Sutegin, gogoan dute Mariak eta Emilik jarri zizkietela otorduak eta 25 bat izango zirela. Garmendiak ere aitarengandik jaso zituen dantzak eta puska biltzera joateko ohitura, 1928ko argazki horretan ere ageri da Antonio Garmendia.

Puska biltzea, bi aldiz gutxienez

Gerra ondotik beraz, gutxienez bi urtez aritu ziren baserriz baserri puska bildu eta inauteri dantzak egiten. «Baserriz baserri puska biltzen aritu ginen urte batzuetan. Dantzari bezala bi urtetan behintzat bai. Dantzak, oro har, zinegotzien eta alkatearen etxeetan egiten ziren, larunbatez eskean joaten ginen garaian dantza egiten genuen etxe horietan», gogoratu du Etxeberriak

Lizartzako inauteriak gaur egun, bitan banatzen dira. Lehen asteburua txekorrarena izaten da, hau da, parodiaren, inauterietarako izendatzen dituzten udal agintari berezien eta gibel jatearen asteburua izaten da hori. Garai bateko ohituran oinarritzen dira ekitaldiak. Lehen txekor koskorra hiltzen zuten, puska biltzen eta dantzan ateratzen ziren mutikoen otorduetarako. Gerora ohitura hori galdu egin zen eta Etxeberriak eta Garmendiak ere ez dute oroitzen horrelakorik. «Guk ez dugu txekorrik-eta ibili. Ostatuan egiten omen zuten otordua, eta sukaldari eta zerbitzariak ere aurrez izendatzen zituzten. Guk ez dugu hori ezagutu. Gaur egun bi asteburutan banatzen ditugu inauteriak, baina garai batean hiru egunez egiten ziren, segidan. Tolosarekin bat ez egiteko aldatu ziren egunak, azken 25 urte hauetako kontua da hori», esan du Garmendiak. Etxeberriak gehitu du puska biltzea lehen astelehenetan egiten zela, baina gerora egun horretan egiteari utzi ziotela. «Gu atera ginenean, 1956an, jada ez genuen horrela egiten. Zakarko txistularia, Sastinberriko Miel... beraiek hasi ziren urte hartan ohitura berreskuratzen. Gehien sartu zena Sagastimendiko Migel izan zen, eta gerora Zubeldia, Angelito, Juamlaundiko Rafael, Asintsio, Enrike Goikoetxeaundia... Horiek hasi ziren jendea biltzen».

Garai bateko usadioak beraz, bi geldialdi izan ditu. 1954. urte ingurukoa, izotzaldiaren urtean Etxeberria eta Garmendia tartean zirela egindako baserriz baserriko puska biltze eta dantzena, eta azken aroa, gero, azken 25 urte hauetakoa. 

Puska biltzeak beraz, etenaldia izan du, inauteriek ez ordea. «Inauteriak beti egin dira, kaleko mozorroak eta egon dira, galdu zena inauteri dantzak inauterietan egitearena izan zen, eta puskak biltzea. Urteetan inauteri dantzak festetan egin izan dira», esan du Zubeldiak.

Inauteri dantzak gaur egun arte iritsi badira, herritar askoren lanari esker izan dela gogoratu dute hiru elkarrizketatuek, baina bi izen ere nabarmendu dituzte. Batetik, Mikel Zuazabeitia eta bestetik Iñaki Zubeldia, doinuak eta dantzak, batera baitoaz.

Dantzak erakutsiz, bidea eginez

Inauteri dantzetako partiturak Mikel Zuazabeitia zenak idatzi zituen, 1957. urtean. «Berarengatik ez balitz ez litzateke ezer geratuko. Berak berreskuratu zituen inauteri dantzetako doinuak. Ordura arte ez zegoen notarik idatzita, txistulariek dena buruz egiten zuten, gurasoengandik ikasita. Hil baino lehenaxeago idatzi zituen», gogoratu du Garmendiak.

Iñaki Zubeldia ere aipatu dute. Berak irakatsi zizkien dantzak herriko gazte guztiei, 1956tik 2012ra arte. «1956. urtetik aurrera hartu zuen gure aitak dantzak erakusteko ardura. Beti ezagutu izan dut dantzak erakusteko grina horrekin. Berari erakutsi zizkiotela, bere aurrekoei ere erakutsi zizkietela, eta berak ere erakutsi behar zituela, hori esaten zuen. Etxetik jaso zituen. Beti oso zorrotza izan zen dantzak erakusteko orduan. Zorrotza eta pazientzia handikoa zen», esan du alabak. 

Dantzak bere horretan erakutsi beharraz aritzen zen Zubeldia, galdu ez zitezen. «Beti esaten zuen diren bezala erakutsi behar direla eta blokean, ez duela balio dantza hartu eta bakarka dantzatzea, osorik egin behar direla, 10 dantzak jarraian eta gutxienez 12 dantzarik osatutako taldea behar dela. Launaka joan behar da, gero, taldea handitzen, kruzeak eta egiteko», gogoratu du Josune Zubeldiak. 

Garmendia eta Etxeberria ere ados daude horrekin, eta dantzak ez direla ia aldatu esan dute. «Zer edo zer badute aldatuta, ezkerreko hankarekin hasi beharrean, eskuinekoarekin hasten direla, baina gainontzean ez dira aldatu», esan du Etxeberriak. Dantzek badute berezitasunik eta Zubeldiak baserriko lanarekin lotzen ditu keinu berezi horiek: «Baserriko lanarekin zerikusia duten keinuak dituztela esango nuke nik, egiten diren bueltak eta lanarekin lotuta daudela pentsatzen dut».

Galdakao eta Santurtzi

Inauteri dantzak beti egin izan dira beraz, baina festetan; mutilek egiten zuten garai batean, baina hamar bat urte izango dira emakumeek ere egiten dutela. «1985. urtean Galdakaora (Bizkaia) joan ziren dantzariak, bertan inauteri dantzak erakusteko», gogoratu du Zubeldiak. Santurtzin ere piztu zuten interesa. «Santurtziko (Bizkaia) Mendialde dantza taldea duela 35 urte edo gehiago, Lizartzara etortzen hasi zen, dantzak ikastera. Gure aita eta baita aitona zena ere, ibili ziren horretan. Gure amak esaten du jende horri dantzak erakusten aritu zirela eta Santurtzi-Lizartza bidea askotan egin behar izan zutela. Etorri pausoak ikasi eta hara bueltatzen ziren han erakustera, baina pausoren bat ahaztuz gero edo, berriz ere itzultzen ziren Lizartzara, berriz ere ikastera», gaineratu du Zubeldiak.

Iñaki Zubeldiaren alabak badu beste pasarterik ere: «2012an aita umeekin entsegu batean zegoela, ekainean edo, Argia dantza taldeko kide bat azaldu zen, izan ere, uztailean Idahora (AEB) joan behar zuen bertako unibertsitatean Lizartzako inauteri dantzak erakustera. Aitarengana joan zen Ostiko dantzaren pausoa errepasatzera, berehala hartu zuen pausoa buruan. Dantzari hori Jexux Larrea zen».

Inauteri dantzek, beraz, hainbat gorabehera izan dituzte, baina arrakasta gehiago edo gutxiagorekin belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, baina oraindik ez daude salbu eta Zubeldiak, Garmendiak eta Etxeberriak altxorra gorde beharraz ere hitz egin dute. «Inauteri dantzak kolokan egon dira, eta baita galtzear ere. Jendeak ez zuen kasu egiten, lehen etxeetan ikasten ziren dantzak, baina usadio hori galdu da. 2000. urtetik beherakada egon dela esango nuke nik, dantzarekiko jendearen estimazioa jaitsi zen. Ea ez den berriz ere horrelakorik gertatzen. Gure aitak beti esaten zuen dantzak bideoan grabatuta daudenez, galdu ez direla betirako galduko, inoiz berreskuratu ahal izango direla, baina ea ez den beharrezkoa, eta gazteek eta usadioari eusten dioten», esan du Zubeldiak.

Inauteri dantzak, soka eten ez dadin

Juan Jose Garmendiak eta Jose Manuel Etxeberriak gogoan dute 1955 inguruan baserriz baserri puska bildu eta inaute dantzak eskaintzera joan zirenekoa

Dokumentuaren akzioak