Inauteetarako falta diren egunak ongi zenbatuak ditu William Andres Echeveste iturendarrak: «inautezalea naiz oso eta gogotsu egoten naiz esperoan. Urte batetik bertzerako tartea nahi baino luzeagoa izaten da». Inauteetan sortzen den giroa azpimarratu nahi izan du: «Giro sanoa izaten dugu herrian.
Gazteak zaharrekin eta zaharrak gazteekin elkartzen gara eta hori oso polita iruditzen zait». Aitortza txiki bat ere egin du: «Inauteen bueltan izaten diren momenturik hoberenetako batzuk, kuadrilla juntatu eta karroza eta mozorroak prestatzen ditugunean sortzen dira».
Ez da konformatzen inauteak azaletik bizita eta «ahalik eta gehien gozatzen» saiatzen da: «Besta goizean goiz hasi eta gorputzak irauten duen arte ibiltzen gara. Ordutegi zehatzik gabe, norberak hartzen dio neurria». Herriko ganbara izaten da egun horietan elkargunea: «bertan egiten ditugu eguneko otordu guztiak eta nahikoa dantza eta irri izaten da... Etxera joan, zertxobait deskantsatu, edozein mozorro edo trapu zahar paratu eta tira, berriz ere, bestara!». Horixe da, bere ustez, inauteen bereizgarrietako bat, «edozein ordutan dagoela ongi pasatzeko aukera».
Lehendabiziko larunbata da, bere ustez, inauteetako egunik politena: «Jendea gogotsu egoten da eta nabaritzen da hori». Inauteetako momenturik bereziena aipatzeko eskatutakoan, zalantzarik gabe dio: «Astelehenean, karrozak, mozorroak eta joaldunak plazan elkartzen diren momentua» dela politena. Joareak astinduz eta mozorroaren babesean ingurukoak zirikatzen, bietan aritu izan da Andres: «nahiz eta orain joareak pixka bat alde batera utziak ditudan».
Gogoan ditu umetako oroitzapenak: «joaldunak pila bat gustatzen zitzaizkidan». Oso gaztea zen lehenbizikoz joareak jantzi zituenean: «Kolonbiatik hiru urterekin etorri nintzen eta handik bi urtetara, lehenbiziko aldiz jantzi nituen. Oroitzen naiz etxean aitak jantzi eta sotoan bueltaka jo eta jo aritzen nintzela. Gero, pixkana hasi eta desfilean atera izan naiz behin baino gehiagotan». Orain, joaldun baino nahiago du mozorro atera: «umea nintzela hartza eta mozorroak ikusita, ikaratu egiten nintzen. Orain ni naiz saltsan sartuta, bertzeak zirikatzen ibiltzen dena. Bakarren bat ikaratuko da, akaso, gu ikusitakoan». Urtero mozorro desberdinak egiten dituzte eta ezin bakarra aukeratu: «denek badute bere grazia». Eta seguru, aurrez prestatutakoak bezainbertzeko xarma duela, bestondoa gainean, etxeko trapuekin azken orduan osatzen duen mozorroak: «Inprobisazioa ere bai baita, inauteen parte».



