Dokumentuaren akzioak
Iñaki Garmendia ‘Laja’ omenduko dute Aian, denboraldiko azken erromerian
Amaierara iristear da aurtengo Aiako Aristerrazuko erromeria denboraldia. Igandean azken saioa izango dute Andatza auzoko Aristerrazun. Laja eta Larrañaga trikitilariek girotuko dute erromerien ohiko plaza. 18:30ean igoko dira oholtza gainera, eta iluntzera bitarte dantzarako piezak joko dituzte trikitilariek.
Urtero bezala, urriaren erdialdean hasi zuten denboraldia, eta 30 emanaldi inguru antolatu ditu ordutik ia igandero Aiako Erromeria Elkarteak. Denboraldiak «arrakasta handia» izan duela uste dute: Hainbat tokitatik betiko jendea eta jende berria, gazteak, etorri dira Andatza Auzora erromeriarekin, trikitiarekin eta festarekin gozatzeko asmoz, eta gure ohiturak indartzeko gogoz. Eguraldi bihurri samarra egin arren, elkarteak balorazio positiboa egin duela azaldu du Juan Mari Azkue erromeria elkarteko kideak.
Garaiko trikitilari aipagarrienak izan dituzte Aian. Xabier eta Kristina Solano ere izan ditugu. Lehen etortzen ziren, baina urteak dira azken saioa eskaini zutela. Beraiek esan ziguten Aristerrazun zerbait egin nahi zutela, aitortu du Azkuek. Haren hitzetan, giro polita sortu zuten saioan. Igande bateko erromeria batera joan ostean, Asier Gozategiri ere Aristerrazun emanaldia eskaintzeko gogoa egin zitzaion: Julen Alonso herritarrarekin batera etorri zen Gozategi Aristerrazura. Egia esan, sorpresa batzuk izan ditugu aurten. Plazaz plaza gazte gutxi ibili arren, denboraldi denetan izaten dituzte nobedadeak, eta askotariko emanaldiak antolatzen saiatzen dira. Nolanahi ere, trikitilari gazteei Aiako erromerietan jotzeak izugarrizko errespetua ematen diela dio Azkuek. Aldez aurretik entseatzen ibiltzen denik ere badela dio: Beti, hurrengo urtean joko dutela esaten digute batzuek.
‘Laja’, «etxeko bat gehiago»
60 urtetik gora eman ditu Iñaki Garmendia Laja trikitilari azkoitiarrak. Urte horietan guztietan, maiz izan da azkoitiarra Aristerrazuko plazan: Nik txikia nintzenean ezagutu nuen. Mutil gaztea zen orduan. Azkuerentzat etxeko bat gehiago zen trikitilaria. Zubia izaten zenean, bizpahiru egun jarraian festan igarotzen zituzten, eta bertan geratzen ziren guztiak: Familiako bat balitz bezalaxe, hala hartzen zuten etxean nire amak eta amona zenak. Elkarrekin bazkaltzen genuen, eta hiru bat pieza jotzen zituen mahaiaren bueltan soinuarekin.
Aiako gazteek antolatzen zuten orduan erromeria, eta Lajak guztiekin harreman estua egin zuela ekarri du gogora Azkuek. Orain bikotean aritzen da, baina bakarrik etortzen zen orduan. Erromeriak amaitzean, antolatzaileekin batera afaltzen zuen trikitilariak, eta afalosteko bigarren saioari ekiten zioten gero. Azkueren hitzetan, ohitura horiek galdu egin dira urteen poderioz.
Orain arte erromeriak baliatu izan dituzte omenaldiak egiteko, eta elkarteko bilera batean otu zitzaien Lajaren urteetako ibilbideari aitortza bat egin eta esker ona adieraztea. Igandero bezala, 18:30ean hasiko da Laja eta Larrañaga bikotearen emanaldia, baina eten bat egingo dute saioaren erdian, Lajari merezitako aitortza egiteko.
Dokumentuaren akzioak