Dokumentuaren akzioak
In Fraganti: Jean-Mixel Bedaxagar
Has gaitezen oroitzapen batekin. Badira urte mordoxka bat. Pagolako alkatearen etxera iritsi ginen bizikletan. Apaizaren etxean lo egin behar genuen eta honek, Fabian apaizak, Urdiñarbera joan behar zuela esan zigun, Jean-Mixel Bedaxagarren etxera. Izenez baizik ez genuen ezagutzen kantari eta txirularia. Ezkontzekotan zen orduan. Mahai baten inguruan erabaki zituzten Fabianek eta Jean Mixelek eztei eguneko zertzeladak. Ondo jan eta hobeto edan genuen eta eztabaidan hasi ziren. Ez zen izan kirolari buruzko konturik, ez politikari buruzkorik ere. Dantzan egiten zuten pauso bati buruz ari ziren bero-bero. Halako batean Fabian apaiza mahaitik altxatu zen eta pauso arin batzuk eman zituen sukaldearen erdian. Jean-Mixel ez zetorren bat. Hura ere altxatu egin zen eta beste pauso batzuk eman zituen, guretzako berdin-berdinak, baina haientzako arras bestelakoak zirenak. Urte asko pasatu dira. Artean zamaltzain on izatea garrantzitsua zen Zuberoan. Egun garrantzia gehiago omen du errugbilari on izateak. Baina, Zuberoak, berezia izaten jarraitzen du.
Hiru eguneko ezteiak egin zituen Jean Mixel Bedaxagarrek. Guk ez genuen egun bat baizik pasatu berarekin. Geroztik mirespenez jarraitu dugu bere ibilbidea, egin dituen agerraldiak, eman dituen kantaldiak. Donostiako Aste Nagusian izan zen uda honetan eta Donostiako Txistulari Bandak lagunduta jo zuen txirula. Urdiñaberko bere lantegian atzeman genuen lanean. Eta gaztetan zuen suhartasun berarekin mintzatu zitzaigun hartaz eta huntaz.
Aita eta aitona
Urdiñarbeko Garraibi auzoan jaio zen
Jean-Mixel Bedaxagar, 1953an. Aita eta aitona nekazariak zituen eta
errementariak, arotzak. «Oso dantzari onak ziren aita eta aitaren
familiakoak. Maskaradetako dantzariak ziren, baina edozein festetan ere
hartzen zuten parte. Orain dela gutxi arte Zuberoan dantzari on izateak
itzala zuen. Orain beste balore batzuk nagusitu dira, baina geratzen da
zerbait. Aita entseinaria zen eta osaba kantiniersa. Oldarra dantza
taldean ibili zen Europan barrena», hasi zitzaigun haurtzaroko
oroitzapenak jaulkitzen.
Hiru anai-arreba ziren, bi anaia eta arreba bat. Bera zen zaharrena. Ez
zuen aita etxean dantzan ikusten, baina bai bazkalondoetan edo elizako
festetan. «Herriko plazan jendeak dantza egiten zuen, baltsak edo
zernahi dantza mota. Aitari asko gustatzen zitzaion Lagabota dantza
ematea. Herriko festetan askotan ematen zuen. Gogoratzen naiz ni umea
nintzela aita eta bere lagun bat Lagabota ematen hasten zirelarik mundu
guzti-guztia gelditzen zela; musika eta dantzariak gelditu eta plazaren
erdian dantzan aritzen ziren, 200 bat lagun begira zituztela», jarraitu
zuen.
Garai horretan gizonek bakarrik egiten zituzten dantza horiek. «Ez da
gaurko egoeratik dena juzkatu behar. Mutilak ehizara, artzain, marinel
edo gerlara joaten ziren. Maskaradak ziren gure Olinpiar Jokoak eta
gure Olinpo Ahuzki mendia zen. Hegoaldean, Iturenen, mutilak dira
joaldunak. Orain neskak hasi dira, baina hori absurdoa da, joaldunek
gizonaren barrabilak irudikatzen dituzte. Nire ustez, tradizioa bere
horretan mantendu behar da eta sorkuntza lanetan gizonak eta emakumeak
sartu», esan zuen.
Autoan txirula jotzen
Aita, osaba eta aitona ikusi zituen
dantzan Jean-Mixel umeak eta berak ere dantzan ikasi zuen lehenik. «Nik
izugarri maite nuen txirula entzutea eta aitonari galdetzen nion ea
lortuko zidan txirula bat; oso zaila zela erantzuten zidan. Hamazortzi
urterekin lanean hasi eta lehen soldatarekin erosi nuen. Baina ez nuen
etxean jotzen, autoan baizik. Fabian apaiza dut lekuko. Berak
kontatzen du gaueko ordu bietan behin pixa egitera atera zela etxeko
atarira eta ni pasatu nintzela txirula joaz autoan. Gure aitari kontatu
zion eta harrituta geratu zen. Eskuin eskuarekin jotzen dut eta
ezkerrarekin eramaten nuen bolantea», kontatu zigun Jean-Mixelek.
Bedaxagarrek ez du musikarik irakurtzen. Erretiroa hartzen duenerako
utzia du lan hori. «Izugarrizko muga da. Aurten Donostiako Aste
Nagusian izan naiz Txistulari Bandak lagunduta txirula jotzen eta oso
gaizki pasatu nuen. Besteak ikusten nituen partiturak irakurtzen eta
nik ez nuen ezer ulertzen. Musika irakurtzen ikasi nahi dut, baina nire
jotzeko modua aldatu gabe. Nik, noski, maisuak izan ditut txirula
jotzen ikasteko, baina dena belarriz ikasi dut. Etxahun-Iruri, Copain
mauletarra, Agerret eta Garat izan nituen maisu. 25 urte honetan aiduru
egon naiz eta oraintxe lortu ditut jende horrek Parisen grabatutako
kasete batzuk; hala, beste behin ohartu naiz zer-nolako musikariak
ziren. Beste garai bat zen, naturatik oso hurbil bizi ziren. Bazekiten
txoriei entzuten. Zuek ezagutzen duzue Maurizio Elizalde txistularia.
Jartzen duzu Maurizio 100 txistulariren artean eta denen artetik
agertuko da, ez du jotzen besteak bezala. Badu pieza bat birigarroaren
kanta imitatzen duena. Pieza hori entzuten ohartzen zara txori baten
kantua ari zarela entzuten. Hori unibertsala da. Berdin da Afrikan edo
Andeetan; txirulak txoriak imitatzen ditu. Badut pasadizo bat hori
frogatzen duena. Errumaniako txirula bat eman zidaten opari eta goiz
batean etxeko garajean jotzen hasi nintzelarik, une batez isildu
nintzen eta ainara batek erantzun zidan. Hori ez dut behin ere
ahaztuko», jarraitu zuen.
Hiru disko ditu Jean-Mixelek kalean eta laugarren bat prestatzen ari da
Elkar etxearentzat. «Merkatua txikia da, krisia gainean dugu eta ez da
batere erraza disko bat kaleratzea. Anjel Valdesekin harremanetan nago
eta ea datorren urtean ateratzen dugun. Kantua eta txirula izango ditu.
Geroago nahi nuke txirularekin bakarrik beste lan bat egin. Ni lehenik
dantzaria naiz, txirula-jotzailea ondoren eta kantaria gero. Zorionekoa
izan naiz Zuberoako kantari handiak ezagutzeko aukera ere izan
dudalako. Etxekopar, Pette Napoleon, Pagola, Attuli, Etxeber eta beste
Santa Graziko kantariak ezagutu nituen oso gaztea nintzela. Asko maite
ninduten eta asko ikasi nuen. 23 urte nituela hasi nintzen kantari.
Ostatuetan kantatzen nuen hasieran eta kantaldiak etorri ziren gero»,
jarraitu zuen gogoratzen.
Aurten 150 urte bete dira Agustin Xaho hil zela. Bedaxagarrek idatzi
zuen Xahori eskainitako pastorala eta bera izan zen sujeta ere.
«Otsalderi buruzko pastoral bat idazten ari nintzela ohartu nintzen
interesgarriagoa zela Xahoren bizitza. Baionako poeta batek gaskoiz
idatzitako Xahori buruzko poema bat irakurri nuen –gaskoiz errezitatzen
du–. Poemak dioenez, batzuek eroa zela esaten zuten, besteek poeta zela
eta beste batzuek profeta zela. Gizon hori nire antzekoa zela erabaki
nuen eta pastoral bat egiteko adina emango zidala bere bizitzak.
Familia onekoa zen. Parisera joan zen 20 urte zituela eta han ‘Azti
begia’ obra idatzi zuen euskaraz eta masoien inprimategi batean
inprimatu zuen. Xaho errepublikazalea eta abertzaleen aitzindari izan
zen. Mila alderdi ezkutu dituen gizona da», adierazi zuen.
Nahas-mahas
Bere lantegiko bulegoan ari gara hizketan. Gauzak nahas-mahas desgobernu izugarrian daude mahaiaren gainean edo lurrean barreiaturik. Ba omen du koinatu bat izugarri ordenatua. Jean-Mixel Bedaxagarri grazia egiten dio eta haren kontu batzuk kontatzen dizkigu. Horman bere maisu eta adiskideen argazkiak daude. Tartean bera alaba Maider ageri da kantuan. Amaren Alabak taldeko kidea da. «Kantu zaletasuna eman diegu. Euskal Filologia egin du Baionan eta Gasteizen. Gazteak dira eta beren bidea aurkitu behar dute kantuan ere», esan zuen.
Ea Jean-Mixel Bedaxagarrek zenbat denbora eman dezakeen atsedenik hartu gabe kantuan galdetu genion. «Zuberoan egin omen zen desafio bat urteko gaurik laburrena, eguzkia gordetzen denetik agertzen den arte, baietz kantuan aritu. Nik neuk ere egingo nukeela iruditzen zait balentria hori. Esateko modu bat da. Zaletasun izugarria dut eta memoria ere ona», erantzun zuen.
Ez du gordetzen etxean 18 urterekin erosi zuen txirula hura, baina, hala ere, baditu beste bi. «Bi bakarrik ditut, baina bat oso ona da. Lagun batek egina da; 32 urte ditu», esan zuen.
Ez du Bedaxagarrek kantu eskolarik sortu. «38 urte dira dagoeneko lanean hasi nintzela eta azken urteetarako dudan ametsa horixe da. Badut pastoralaren historia, txirularen historia... dozena bat historia idazteko gogoa. Eta badut jendearen aurrean txirula jo edo kantuan jarraitzeko gogoa ere. Baina ez dakit noiz hartuko dugun erretiroa ere!», esan zuen.
Ea lanean ari den bitartean tarteka dantzarik egiten duen galdetu genion eta baietz erantzun zuen, oso gutxitan baina egiten duela. Ea gipuzkoar batek inoiz zuberotar batek bezala kanta dezakeen galdetu genion azkenik. «Kantatu ez, baina dantzan egin bai. Argia taldeko dantzariak, adibidez, gureak baino hobeak dira; hala ere, xehetasunetan azkar antzematen zaie ez direla zuberotarrak. Kantatzea ez, kantatzea zailagoa da», jarraitu zuen.
Soinu txikiak beste instrumentu guztiak baztertzen omen ditu. «Instrumentu ederra da, baina erregistro mugatuak ditu: inguruko instrumentuak plegatzera behartzen ditu eta baztertu egiten ditu; azken finean, ezabatu egiten ditu. Kantatzeko moduak ere urritu egin ditu», esan zuen Jean-Mixelek. Eta berriketan jarraitu zuen. •
Dokumentuaren akzioak