Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ilusionismoa landu eta arte diziplina bezala gozatuko dute

Dokumentuaren akzioak

Ilusionismoa landu eta arte diziplina bezala gozatuko dute

Macarena Recuerda Sepherd artistarekin ilusionismo tailerrean batuko dira gaztetxoak barikuan, eta arte diziplina horri buruzko 'Cosa. Gorputz baten esku hartzea' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bizilagunek zapatuan.
Egilea
Ane Maruri Aransolo
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Tokia
Gernika-Lumo
Mota
Albistea
Data
2023/10/18
Lotura
Busturialdeko Hitza

Ikusleentzat harrigarriak diren efektuak sortzen dituen arte eszenikoa da ilusionismoa, trebezia eta asmamenean oinarrituta dagoena. Eta diziplina hori da Macarena Recuerda Sepherdekin barikuan [urriak 20] eta zapatuan [urriak 21] Gernika-Lumon jorratuko dutena. Cosa ilusionismo tailerrean batuko dira lehenengo, barikuan, 17:30ean udal liburutegian, eta Cosa. Gorputz baten esku hartzea ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute zapatuan, 19:00etan, Lizeo Antzokian.

Ilusionismo tailerra 7 eta 10 urte bitarteko gazteentzako tailerra izango da, eta gehienez 15 pertsonak parte har dezakete. Bertan, pertzepzio irudiak ikertuko dituzte eszenografiaren ikuspegitik, eta, horretarako, gorputza “beste material bat izango balitz bezala” landuko dute; hau da, atrezzo bihurtuko dute. “Irudi abstraktuak landuko ditugu eta ilusionismoaren artista batzuk ezagutuko ditugu, erreferenteen mapa bat osatzeko”, adierazi du artistak. Hala, jokoaren bidez eta eszenografia eta jantziak eraikiz, arte garaikidearen zenbait mugimendu diseinatu, pentsatu eta ezagutuko dituzte bertaratzen direnek.

Cosa. Gorputz batean esku hartzea ikuskizunean, berriz, ilusioari buruz hausnartzeko ikuskizuna eskainiko du artistak. Dioenez, ilusionismoari buruzko bere trilogia ixten duen ikerketa lanaren ondorioa da pieza. “Ikerketa horrek pentsarazi dit zerk lotzen dituen ilusioa eta antzerkia, baita eszenaren gaineko konbentzioa eta magia ere. Akzioa eta fikzioa azaltzen ditu”, dio artistak.

Zehaztu duenez, ikerketa horren ondorioa izan dira 2018an sortu zuen Ay! Bai! lana eta 2020an egindako The Watching Machine: “Ay! Bai! gorputzetik pentsatutako pertzepzio irudiei buruzko lanketa da, eta The Watching Machine, berriz, argitik, itzaletik eta islatik pentsatutako pertzepzio irudiei buruzko ikerketa”. Oraingo honetan, Cosa. Gorputz baten esku hartzea ikuskizunak irudi pertzeptiboak ikertzen ditu eszenografiatik: “Horretarako, gorputza beste material bat izango balitz bezala pentsatu dugu, atrezzo bihurtu arte. Cosa dantza pieza bat da, dantza gorputz objektibo batez osatua. Gauzen koreografia da”.

Dokumentuaren akzioak