Dokumentuaren akzioak
Ilusioen eztanda.
Bihar hasiko dira ospatzen inauteriak Euskal Herriko hiri eta herrietan; asteartera bitartean, algaraz, dantzaz eta musikaz beteko dira kaleak.
Donostia Momo erregearekin hasiko dira inauteriak
Momo erregea bihar iritsiko da hirira -aurten Jose Mari Arrieta
izango da, Altza auzokoa-, eta hark emango die hasiera inauteriei. 80
ekitaldi inguru izango dira datozen egunetan, baina zalantzarik gabe,
egun handiak larunbata eta igandea izango dira. 2.000 lagun elkartuko
dira karrozen desfilean, larunbat eta igande arratsaldean (17:00). 25
karrozak parte hartuko dute. Bulebarrean hasi eta Hernani,
Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa
plaza eta Legazpi kaleak zeharkatuko dituzte, berriro ere Bulebarrera
itzultzeko. Horretaz gain, beste hainbat ekitaldi egingo dituzte
astelehenean sardina erre aurretik. Bihar bertan, euskal inauteria
izango da Konstituzio plazan, Eskola, Goizaldi, Trebeska eta Arkaitz
dantza taldeekin. Horiek ekitaldi batzuk baino ez dira, musika,
batukada, Donostiako inauteriak, bigarren eskuko merkatuak eta beste
hainbat ekitaldi ere prestatu baitituzte Donostian.
Bilbo Kalea konkistatzeko sei egun
Aratusteetako lehen egunari trapu zaharrena deitzen diote
Bilbon, haiek aldean jantzita irteten direlako. Bihar, 19:30ean
abiatuko dira, bada, kalejiran, Arriaga plazatik. Ibilbidean txorizoa
banatuko dute konpartsetako kideek. Ostiral goizean eskoletako umeak
ibiliko dira kalez kale. 20:00etan egingo da Farolin eta Zaranbolasen
epaiketa, Zabalgune eraikinean. Larunbat arratsaldea ekitaldiz beteta
etorriko da. 17:30ean hasiko da karrozen jaitsiera Hurtado Ametzagatik
Areatzaraino. Erraldoiak, Ibon Koteron, Pirritx, Porrotx eta Mari
Motots, Txan magoa, El menton de Fogarty, Gatillazo eta bilbotar
mordoak parte hartuko dute. 21:30ean hasiko dira kontzertuak, eta
bukaeran sari banaketa egingo dute.
Udalak antolatuta, bestalde, Karrikaldia egingo da Kale
Nagusian (18:30). Ondoren Aratustodromoa egongo da inguru horretan
jarriko dituzten hiru agertokietan. Konpartsek asteartean bukatuko dute
inauteria, sardina erretzearekin batera. 19:00etan hasiko da erritua,
Plaza Barrian.
Gasteiz 4.000 lagun desfilean
Gasteizen bihar hasiko badira ere inauteriak ospatzen,
asteburuan izango dira ekitaldi garrantzitsuenak; larunbatean,
19:00etan, 17 konpartsek desfilea egingo dute, Legutianoko Atea kaletik
abiatuta. Aurreko urteetan baino lagun gehiagok hartuko dute parte
aurten, 4.000 lagun inguru mozorroak jantzi eta karrozekin kalera
irtengo baitira. Hurrengo egunean konpartsek berriro egingo dute
desfilea, 12:00etatik aurrera. Baina asteburua baino lehenago, ostegun
eta ostiralean, musikari eskainiko diote tartea; izan ere, ostegunean,
hiriko haurren koruak kaleetan zehar ibiliko dira kantuan, 17:30etik
aurrera. Ostiralean, berriz, Inauterietako VI. kontzertua izango da
Principal antzokian. Gasteiztarrek asteartean emango diote amaiera
inauteriei; 19:30ean konpartsei oroigarriak emango dizkiete, eta,
ondoren, sardina erreko dute Espainia plazan, 20:00etan.
Iruñea Euskal inauterietako pertsonaiak Donibane auzoan
Iruñean, Donibane auzoan, eta Alde Zaharrean ospatuko dituzte
inauteriak. Donibane auzoan, Euskal Herri osoko pertsonaiak elkartuko
dira larunbat arratsaldean (18:30): Lamia, zezengorri, ahari,
basurde... Kalejira egingo dute guztiek batera, Oskiako Andre Maria
plazatik abiatuta. Aurretik, baina, eskaera egingo dute goizean, eta
goiz osoan Donibanen barna ibiliko dira. Eguerdian bazkaria egingo dute
Donibane peñan, kalejiran atera aurretik. Eta eguna bukatzeko, afaria
egingo dute. Ostiralean , sagardo festa, eta pintxo afaria egingo
dituzte. Alde Zaharrean, berriz, Mari Trapuren pregoiarekin emango
diete hasiera inauteriei, ostiral arratsaldean, 19:00etan. Ondoren,
kalejira egingo dute Iruña Taldeko fanfarrearekin, Altsasuko
momotxorroekin eta Auzoeneako trikitilariekin. Gauean, Muthiko Alaiak
peñaren aurrean Eskoziako Strating Sister taldearen emanaldia izango
da. Larunbat goizean, haurrentzako puska-biltzea egingo dute. Herri
bazkariaren ondoren, arratsaldean, kalejira egingo dute auzoko kaleetan
barrena. 20:30ean, inauterietako dantzaldia izango da DJ Mister
Trufarekin, eta ondoren, dantzaldia Unika peñan.
Baiona Astebete geroago
Beste hirietan baino geroago ospatuko dituzte inauteriak
Baionan. Hilaren 18tik 20ra bitarteko asteburuan, hain zuzen.
Ostiralean Baionako ikastetxeetako haurrek euren emanaldiak egingo
dituzte. Egun berean, elkarteen etxean bazkaria izango dute
erretiratuek. Larunbatean izango da egun handia, hainbat ekitaldi
prestatu dituzte: ikasleen olinpiadak, Inauteriak Kantuz, kontzertuak,
kabalkadak eta haurrentzako hainbat ekintza.
Tolosan karrozak, kalejirak eta danborradak nonahi eta noiznahi
Kabi Alai elkartekoek kalean pregoia irakurriko dute, eta haren ondoren, 12:00etan, hasiko dira ofizialki bihar inauteriak Tolosan; ohikoa den moduan, Plaza Zaharrean suziria botako dute, jaien hasiera iragartzeko. Txarangen laguntzarekin lehertuko dira jaiak orduan, eta asteartera arte herritarrek ez dute aspertzeko betarik izango; 16:30ean xexen festa egingo dute zezen-plazan, eta gauean, Aurrera kirol elkarteak danborrada egingo du, 23:00etatik aurrera. Etzi, Ostiral Meheko danborrada egingo dute, 20:00etan, eta ondoren, jaialdia izango da Leidor aretoan. Larunbatean ere haurren eta helduen danborradek girotuko dituzte kaleak. Zaldunita egunean eta asteartean, berriz, 11:00etan 200 inguru karrozak desfilea egingo dute herrian, eta astelehenean haurren txanda izango da. Hiru egun horietan, zezenak ere izango dira.
Landa giroko inauteriak
Otsailak 11, ostegun gizena.
Inauteriak Tolosan; Errenterian, Azeri dantza.
Otsailak 12, ostiral mehea.
Kaldereroak Eibarren; hartzaren esnatzea Seguran.
Otsailak 13, inaute larunbata.
Leziagako sorgina Laudion; zarramuskeroak Cintruenigon; porreroa eta sorgina Agurainen; surrandiak Durangon.
Otsailak 14, inaute igandea.
Markitos Zalduondon; mamuxarroak Unanun; zarramuskeroak Cintruenigon; inauteak Luzaiden; txantxoak Abaltzisketan; txantxoak Amezketan; talaik Amezketan; antzara jokoa, Markinan; Libertimendua Donibane Garazin; Atorrak Mundakan; inude eta artzainak Beran; zaku zaharrak Lesakan; txino dantza Aretxabaletan; Elegante eguna Azpeitian; Errobiko kaskarotak Uztari-tzen.
Otsailak 15, astelenita.
Talaik Amezketan; zingar-arrautze eskea Beran.
Otsailak 16, asteartita.
Miel Otxin Lantzen; Altsasun momotxorroak; mamuxarroak Unanun; kaskaboboak eta maskaritak Agoitzen; hartza Uztaritzen eta Arizkunen; zanpantzarrak Uztaritzen. Estudiantina Lekeition; Toribio Kanpezun; kukumarro Eskoriatzan.
Otsailak 17, Hausterre eguna.
Sardina erretzea Tolosan.
Dokumentuaren akzioak