Dokumentuaren akzioak
Ilargipeko amama dantzariak
Koronabirusa dela-eta Euskadin egon arren, Zhuhain (Txina) igaro ditut bi urte pasatxo. Aretxabaletako bizimodua egoera honekin asko aldatu dela ikusita, han ere gauzak zeharo aldatuko zirela sinisten hasia naiz. Ordutik, ez dut galdetzeari utzi: nola ibiliko ote diren txinatarrak? Bertara itzuli beharko dut galdera honi erantzuna aurkitzeko.
Udaberria ia joan zaigu, udan sartzera goaz eta eguzkia bilatzen ari gara, itxialdiko eguzki falta konpentsatzeko, euskaldunoi kolore pixka bat hartzea ere gustatzen zaigu eta. Txinatarrek, ordea, azala zuri izatea dute gustuko, euren edertasunaren kanonak ez dira gureak bezalakoak. Azala zuri izatea edertasunarekin lotzeaz gain, estatus kontua ere bada, atzamar txikiko azazkal luzearekin gertatzen den bezalaxe, eskuekin ez dutela lan egiten erakusteko.
Txina hegoaldean bero ikaragarria egiten du ia urte guztian zehar, klima heze eta eguzkitsuaren eraginez. Egunez, oihalekin estalita edota aterkiarekin ere badabil jendea kalean, gazte zein nagusi, euren azala babesteko. Eta, eguzkia gorde eta giroa freskatzean, jendea kalera irteten da aktibitate desberdinak egitera: korrika, dantza, ping-ponga, badmintona, saskibaloia, paseoak eta beste hainbeste.
Dantzaren artea, plazetan
Aktibitate hauen artean, interesgarriena dantza iruditzen zait. Parke eta plazatxo desberdinetan talde handietan elkartzen dira, eta gehienak emakume nagusiak izaten dira, 60 urtetik gorakoak.
Talde hauek lider bat edo batzuk izaten dituzte, bozgorailuekin musika erreproduzitzen dute eta denek egiten dute dantza. Bizipoza, zoriontasuna eta adiskidetasuna transmititzen didaten arren, ziur naiz euren tirabirak izango dituztela hainbeste pertsonaren artean musika, janzkera eta mugimenduekin ados jartzeko. Denetarik ikus daiteke: denak berdin jantzita, talde handiak, talde txikiak, musika tradizionala, musika internazionala, kontaktuko dantza edo banaka,
koreografiekin, eta abar. Aukera asko daudenez, zure estiloarekin bat datorren taldea aurkitu dezakezu. Batzuek ez dute parte hartzen eta inguruan biltzen dira, begira, zoriontasun sentsazio honek erakarrita. Egia esan, harrigarria da amona batzuen erritmoa. Niri ere gustatuko litzaidake horrelako erritmo eta bizi grina izatea 40 edo 50 urte barru.
Orokorrean, oso musika alaia izaten da. Edozein joan daiteke eta eurekin dantzan jarri; agian, ni ere animatuko naiz egunen batean. Egunero irteten dira, ordutegi desberdinetan. Uste dut terapia eta kirol moduan oso ariketa osasuntsua dela. Honetaz gain, talde bateko kide sentitzen dira eta lagunak egiteko aukera ematen die. Kontuan izan behar da Txinan hiri berri asko daudela eta migrazio maila oso altua dela. Txinako leku desberdinetan gertatzen den fenomenoa da, baina ez dakit leku guztietan gertatzen ote den.
Orain, koronabirusaren egoera dela eta, ez dakit zein etorkizun izango duen ohitura honek, parte hartzaile gehienak arrisku taldekoak baitira, eta taldeetan elkartzen...
Espero dut dantzari osasuntsu hauek modu berean jarraituko dutela etorkizunean ere eta pandemia honek ez duela hilko ohitura zahar hau. Txinara bueltatzen naizenean kontatuko dizuet nola dabiltzan ilargipeko amama dantzari alai hauek.
Dokumentuaren akzioak