Dantzaria: Maria Pages. 'Cante'-a: Ana Ramon eta Cristina Pedrosa. Musikariak: Ruben Levaniegos, Sergio Menem, Maria Garcia del Saz, Antonio Rivero. Zuzendaritza: Maria Pages, El Arbi El Harti. Dramaturgia: El Arbi El Harti. Tokia: Viktoria Eugenia antzokia, Donostia. Eguna: Azaroaren 9a.
Dirudienez, Euskal Herria ez da oso flamenkozalea. Ez dugu kokatzen, antza, gure iruditeria kultural horren barnean. Edo beharbada ez dugu kokatu nahi, agerikoak diren arrazoiengatik. Aurreiritzi, ezjakintasun eta urruntasun horren antidoto izan nahi luke kritika honek; eta, horregatik, flamenkoa arrotz egiten zaionarentzat idatziko dut. Kasu honetan, Maria Pagesen flamenkoa eredu.
Flamenkoa gorputz lokaztu bat da. Aiene bat. Gizateriaren zaurgarritasunari egindako oda bat. Flamenkoa erritmo bat da; bihotz-taupaden, arnasaren joan-etorriari dantza egiten diona. Eta herri baten adierazteko beharretik sortzen den adierazpide purua izateak unibertsal egiten du.
Maria Pages dantzari eta koreografoa ezaguna da munduan. Sevillan jaioa den arren, jatorri katalana du, eta aspalditik Madrilen bizi da, bere konpainia duen tokian. Harekin elkarlan estua du El Arbi El Harti poeta, dramaturgo eta literatura hispanikoko katedradun marokoarrak, obra honetako dramaturgia eta zuzendaritza lanetan aritu denak. Senar-emazteak ere badira. Paraíso de los negros sorkuntzaren abiapuntua 2020ko pandemiak eragin zuen. Gertaera berezi hark gizakion barne eta kanpo harresien inguruko galderak sorrarazi zizkien, geure mugen eta askatasunaren inguruan hausnartzera, norberaren eta hurkoaren identitatearen bueltan pentsatzera, zoriontasunerako bidean aurkitzen ditugun oztopoak zenbatzera bultzatu. Horretarako, kronologia eta geografia ezberdinetako idazleen testuak landu dituzte, hala nola Fernando Pessoa, Charles Bukowski, Charles Baudelaire, Federico Garcia Lorca eta Nina Simone. Azken biek protagonismo berezia dute, askatasunaren eta belztasunaren kontzeptuen barruan.
Cante-an poesiari ematen zaio doinu, eta hitzari —erraietatik ateratako hitzei— gorputza jartzen dio Pagesek, sentsibilitate, grazia eta emozionalitate indartsu zein hunkigarri batekin. Abeslariek ez ezik, gitarra, biolina, txeloa eta perkusioa jotzen duten musikariek ere puntako kalitatea erakutsi dute, instrumentuak ezin hobeto menperatzen dituzten seinale. Eszenografiaren eta argien erabilera bereziki aipagarriak dira, modu sotil eta minimalista batean espazio hutsekin jolastu baitira, lengoaia poetikoaren berezko unibertso kontzeptual eta emozionalak zabalduz, airea emanez.
Taulan dantzari bakarra da Pages, baina ez du laguntzailerik behar, sei hamarkadak gainditu dituen arren. Haren presentziak eszenatoki guztia betetzen du adats luze, urdin horiekin agertzean. Dantza munduan ez da ohikoa adin horretako emakume batek horrelako ikusgarritasuna izatea. Momentu sutsuenetan, jirabiraka ikusi dizkiot ileak, soinekoa, besoak… eta sorgin bat ikusi dudalakoan nago, erratza gainean hegan.
Espero dut, puntu honetara iritsita, flamenkoa arrotza zaionak arte honen gaurkotasunaren berri jaso izana. Egon badagoelako literaturarekin solastatzen den flamenko bat, Lorcarena, El Hartirena, Pagesena; eta takoien hotsek tablao-ari eragiten dioten edota esku batzuk gorantz korapilatzen diren artean, oharkabean xuxurlatuko dizute belarrira «ilargiaren su zuria».