Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Ikusleak eragin handia du dantzariongan"

Dokumentuaren akzioak

"Ikusleak eragin handia du dantzariongan"

Egilea
Sara Medrano
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Amasa-Villabona
Mota
Albistea
Data
2021/03/10
Lotura
Aiurri
Gorka Duran billabonatarra eta Maitane Irurzun adunarra.

Maitane Irurzun eta Gorka Duran dantzariak dira. Adunarra eta billabonatarra dantza estilo ezberdinetan trebatu dira, eta gazteak izanik ere eskarmentu handia metatzen ari dira. Dantzan aritzea eguneroko bilakatu dute, biek ala biek

Noiztik eta nondik datorkizue dantzarako grina?

Gorka Duran: Amak eragin handia izan du, txiki-txikitatik bultzatu ninduelako dantza egitera. Lau urte nituela hasi nintzen, gaur arte. 

Maitane Irurzun: Nire kasuan ere antzeko, gutxi gora-behera hiru urte nituela eman zidaten dantzan hasteko aukera eta geroztik dantzan nabil. Urteak pasa ahala, geroz eta gogokoago dudan zerbait dela konturatu naiz. 

Zer nolako presentzia du dantzak zuen egunerokotasunean?

M.I. Handia, azkenean nire egunerokotasunaren parte handia hartzen du dantzak. Eta pandemiak horretaz jabetzeko balio izan dit.  

G.D. Egunero buruan dudan zerbait da, gehiago edo gutxiago baina beharrezkoa bilakatu zaidana. Gainontzeko gauzetatik aldentzeko balio dit, barrua hustutzeko, askeago sentitzeko. Esate baterako, konfinamenduan dantzatzeko beharra sentitzen nuen eta nahiz eta gela txikia izan, bertan sartu eta dantzan hasten nintzen. 

Zein estiloetan murgiltzen zarete gehienbat?

M.I. Biak ere Euskal dantzarekin hasi ginen. Ondoren dantza taldean garaikidea ikasteko aukera izan dugu, eta orain gustukoen dudan estiloa da. Balleterako jauzia eman dugu duela gutxi, eta dantza neoklasikoarekin ere ausartu gara. 

Zein estilotan sentitzen zarete erosoen?

M.I. Momentu honetan dantza garaikidean sentitzen naiz erosoen. Oinkari dantza taldean garaikidea eta euskal dantzak uztartzen ditugu, eta gustura aritzen naiz estilo horien uztarketan. 

G.D. Ni ere berdin gertatzen zait. Aukeran dantza garaikidea aukeratuko nuke, gainontzeko estiloetan gustura aritu arren. Hala ere, nahiago izaten dut emanaldietan estilo bakarrean aritzea estiloak nahastea baino. Uztarketa horietan egia da gauza politak ateratzen direla eta oso ondo pasatzen dudala, baina bi estiloak ezberdinduko bagenitu mami gehiago aterako geniokela iruditzen zait. Estiloak indartuko genituzke. 

Talde giroan, bikote edota bakarlari moduan. Zer nahiago duzue?

M.I. Bakarka dantzatzen aurresku txapelketetan ikasi dut, taulagainera bakarrik ateratzea erronka bat da eta denen aurrean jartzeak errespetoa ematen du. Baina hori ere ikasi egiten da, eta egia esan, dantza saio bakoitzarekin disfrutatu egiten ditut. Bat aukeratzekotan, taldekoa aukeratuko nuke. Eramangarriagoa da, taulagainean jende gehiago elkartzen garelako eta motibazioa ere handiagoa izaten delako. Baina binakakoan eta bakarkakoan ere izugarri disfrutatzen dut. 

G.D. Oroitzen dut eszenatokira bakarka lehen aldiz igo nintzen unea, Sagarrondotik izeneko emanaldian. Gogoratzen dut Agurtzane Intxaurragak aipatu zidan bezala, mundua erori zitzaidala gainera eta oso urduri jarri nintzen. Dantza garaikideari lotutako saio bat zen, orduko hartan ohitura handia ez nuen estiloan.

Horrenbeste saioren ondoren, urduritasuna alde batera uzten ikasi duzue?

M.I. Gauza berria izanik, beti jartzen zara urduri. Gogoan dut nire lehen txapelketa Beasainen izan zela, eta hankak dardarka nituela. Esango nuke txapelketetan ibili ostean, lasaiago joaten naizela emanaldietara. Hala ere, urduritasun hori txikia bada ere beti dago presente. 

G.D.Txapelketak beti ematen du errespetua, eta urduritasun horrekin aritzen zara. Bestelako saioetara beste pentsaera batekin zoaz eta ez zara horren urduri jartzen. Aitortu behar da, espazioak eta eszenatokiak ere baduela bere eragina, ezberdina da leku garrantzitsu batean dantzatzea edota herriko eszenatoki batean dantzatzea. 

Gazteak izanik eszenatoki ugari zapaldu dituzue. Zein eszenatoki edota emanaldi dituzue gogoan?

M.I. Emanaldi bat aipatzekotan, Korrontzirekin Palentzian eginikoa, Hornillos de Cerrato herrian. Publikoaren aldetik jaso genuen erantzuna izugarria izan zen eta giro ederrean egon ginen, oso polita izan zen. 

G.D. Bi emanaldi aipatuko nituzke. Batetik, Parisen egin genuen “Laida pilota” ikuskizuna. Sekula ikusi dudan eszenatokirik handiena zen, eta izugarri disfrutatu nuen. Eta bestetik, Julen Alonsorekin Aian egin genuen estreinaldia. Bertan bi emanaldi eskaini genituen. Bigarrenean sekulako giroa sortu zen, eta oroitzapen onak gordetzen ditut.

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 578. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Dokumentuaren akzioak