Dokumentuaren akzioak
"Ikuslea lokartzea da okerrena"
Pantxika Telleria, Begiraleak-eko dantzari ohia
Dantza hain elitista ez balitz…
Nik ez dut horrela bizi, baina egia da artistok gure obrak intelektual gisan aurkezten ditugula, eta egunerokotasunetik anitz moztu dugula gorputzak proposatzen duen bizitza.
Gorputzak bizitza proposatzen baldin badu...
Zer da dantza? Energia, emozioa, bizitza... Eta hori edozeinek ematen ahal dizu. Emozioa ez du preseski teknikoki ongi apaindu eta txukundutakoak sortzen.
Segur kontserbatoriotik pasa zarela?
Dantza mundua oso mikrokosmos bortitza da eta dena zen lehia, teknika perfekziora nork eramango, interpretazioari kasu gutxi eginez. Dantzaren esentziaren funtsa galarazten dizute. Eskola horietan ez da plazera transmititzen.
Has zaitez plazera transmititzen hain mundu prekarioan!
Nik suertea daukat, beharra sentitzen dudalarik egiten dut lan. Sorkuntzetan ez naiz zinez sartu eta horrek prekarietatea dakar. Baina oso zaila da askatasunari eustea.
Ez dirudi batzuei askatasuna anitz axola zaienik.
Harrigarria da. Koreografo batek zerbait proposatzen du, eta funtzionatu badu, handik hamar urtera gauza bera proposatzen segitzen du, erakundeek berdin-berdin lagunduko dutela jakinik.
Hori bai, hamar urteren buruan ez da hastapeneko dantzaririk gelditzen!
Dantzari baten karrera laburra dela esaten delako. Baina dantza ez da gazte eta atletikoak direnentzat bakarrik. Dena den, gaur egungo munduaren isla dela uste dut. Beti egon behar duzu topera, eta esperientziak ekartzen dituen lasaitasuna eta maila ez dira anitz kontuan hartzen.
Aizu, ez zara dantzaren esentzia txuria komunetik behera botatzen ariko, ezta?
Dantza garaikideak ere paper bat bete behar du. Baina paper hori onartzen dut desegiteko, eta justuki, jendearengandik hurbilago izateko.
Ez esan, artea eman nahi diozu herriari!
Uste dut arteak ekartzen ahal diguna bizitzaren sublimazioa dela. Nola? Manera anitzez, baina ez beti gauza autentikoekin, performance-ekin… Nire ustez zerbait sakonagoa behar du.
Sakonagoa?
Arrakasta teknikoa oso erraza da. Oso. Aski da dantzari onak hartzea. Baina nik nire dantzariak interpreteak izatea nahi dut. Jendea “zu” ikusteko heldu da. Ordaintzen du, badator, indar bat egiten du. Ezin duzu indiferentzian utzi, hobe da gorrotatzea. Lokartzea da okerrena.
Dokumentuaren akzioak