Dokumentuaren akzioak
Ikuskizun eredugarria
Zamalzain
Euskaldunok erabat bizigarritzat har dezakegu Zamalzain zuberotarrak egin diguten oparia. Modaz kanpo dagoen generoa urria da nazioartean, eta arriskutsuagoa da eta zinez txalogarriagoa, Zuberoako artistek egin duten ahalegin handia musikalari eusteko eta erronka horretan irabazle geratzeko. Egia esateko, argudioa ez da originala, baina bai unibertsala: gure euskal Romeo West Side Story-ko Tonyren antza ere badu eta Julieta Aragoitik lanera datorren Maria etorkina baino ez da. Bertako eta kanpoko langileen artean liskarrak sortzen dira bi kulturek topo egiten dutenean.
Baina irakaspena baikorragoa da. Horretarako Jean Dominique Espil zuzendariak erabili dituen baliabideak ugariak izan dira pertsonen aldetik, eta eskasagoak dramatizatzeko keinuak. Apenas dekoraturik gabe borrokarako taberna lekuak, argiztatze arrunta eta partaideen dramatizazio urria, non zegoen lanaren indarra? Zuberotarren dantza eta abesti ohikoetan eta berrietan. Guretzako eszenarik lortuena bi taldeen arteko erronka eta borroka izan zen dantzen bitartez azaldua Inauteri eta jota dantza indartsuak kriskitinekin, orkestrak jazz, musika zelta eta txalaparta afinatua jotzen zituen bitartean. Zirraragarria!
Koreografia bikaina
Koreografia nabarmendu behar dugu. Zuberoako dantza ohikoetan oinarritua, goi mailako baletaren pauso fin eta ikusgarriak eskaini zituzten. Makalenak agian, bikoteen arteko harremanak adierazteko keinu, dantza eta mimoak izan ziren. Pastoraletik hartu zuten ez soilik pertsonaien parada laburra jazz latinoaren laguntzarekin, baita kantuen bidezko ekintza-etenak ere. Jean Paul Berzaizen lana ere ezin aipatu gabe utzi, idazlearen obra eta emanaldirako propio egindako musika. Berriz, epelagoak ziren bakarka abesten ziren batzuk ikuskizunaren tentsioa behera botatzen baitzuten. Aipatzekoa da Karlos Gimenez musikariak mestizaiaren alde egin zuen ahalegina: jazz eta pop latinoaren arteko nahasketa. Akats gabe eraman zuen musika zuzendaritza: tronpetaren desafinoaz aparte musikariek ondo jo zuten. Koloretsuak ziren Xinglar Zaragozako taldeak ekarri zituen jotak eta jantziak. Indarrez aritu ziren dantzariak eta gitarra jotzaileak. Zuberotarren joan den mendeko jantziak ere ez ziren nolanahikoak. Euskal Herrian nahiz atzerrian erakusteko obra aproposa.
Dokumentuaren akzioak