Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ikusi, entzun... udazkena...

Dokumentuaren akzioak

Ikusi, entzun... udazkena...

Egilea
Arantzazu Ezkibel
Komunikabidea
Goiena.net
Tokia
Bergara
Mota
Albistea
Data
2011/11/10
Lotura
Goiena.net

Dantza taldekoen ideia izan zen halako ikuskizun bat egitea: "Ikusten genuen gure ekitaldi batzuek argazkia sartzea onartzen zutela. Hala, erabaki genuen pausoa ematea, ideia hor zegoen-eta. Behin dantzak aukeratuta, Benito Canterorengana joan ginen eta ea parte hartzeko prest zegoen galdetu genion", azaldu du Amaia Agirrek, Musiraka dantza taldeko kideak.

Uxue Agirrek ere uda partean jaso zuen olerkiak idazteko gonbidapena: "Aukera ona zen, eta, noski, pozik hartu nuen gonbidapena!". Proposamena onartu bezain azkar, dantzek izango zituzten izenak eta erabiliko zituzten musika piezak pasatu zizkioten, eta, gutxi gorabehera, horretan oinarritu ditu olerkiak Agirrek: "Udazkenarekin lotuta daude, baina saiatu naiz denok ezagutzen dugun naturarekin lotuta dagoen udazken horretatik haratago joaten, urtaro hau ikusteko beste modu bat topatzen, esan dezagun", dio.

300 argazki 11 saiotan

11 saiotan banatuko dute zapatuko ikuskizuna. 300 argazki inguru erakutsiko dituzte argazkilariek. Argazkilari hauek parte hartuko dute: Agustin Gurrutxaga, Imanol Mondragon, Pedro Mari Arregi, Juan Jose Lopez Azurmendi, Joseba Leturia eta Benito Canterok. "Udazkena da argazkien oinarria, baina oso argazki ezberdinak daude: basoak, elurra, herriak...", dio Canterok.
Agirrek zortzi olerki errezitatuko ditu, batzuk musikaz lagunduta eta beste batzuk bakarka.

Oinarrian, euskal dantza tradizionala

Argazkiak saio guztian proiektatuko dituzte, bai Musiraka taldea dantzan dabilenean eta baita Agirrek olerkiak errezitatzen dituenean ere. "Uxuek gure dantza bakoitzeko aipamen txiki bat egingo du", azaldu du Agirrek, dantza taldeko kideak.
12 dantzarik, sei argazkilarik eta Uxue Agirrek parte hartuko dute ordubete inguru iraungo duen ikuskizunean. Lehenengo aldia da dantza taldeak horrelako ekitaldi bat egingo duena: "2009an dantza taldearen ikuskizuna egin genuen Zabalotegin; iaz, Ramon Arantzabalen Munibeko gau magikoak ikuskizunean parte hartu genuen; eta guk antolatutako ikuskizuna egingo dugu orain", dio Agirrek.
Euskal dantza tradizionalean oinarritzen da Musiraka dantza taldea, baina dantza garaikidea ere sartzen dute emanaldietan. "Gure berezko dantzak fandangoa eta arin-arina izaten dira, baina poliki-poliki saiatu gara zer edo zer originala eta ezberdina egiten", dio Agirrek. Gaineratu du dantzari beste ikuspuntu batetik begiratzen asko lagundu dutela Jon Maia eta Edu Muruamendiaratz dantzariek.
Udazkena ikusteko eta entzuteko beste modu bat erakutsiko dute, bihar, zapatua, 22:30ean, Udal Pilotalekuan. Udazkena oinetan dugula sentitzeko aukera izango da.

Osintxuko Musiraka dantza taldea.

Dokumentuaren akzioak