Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ikusgarritasun beroa

Dokumentuaren akzioak

Ikusgarritasun beroa

kritika, Miarritzeko Baleta

Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2001/10/18

Sentsualitatea, bizitzaren aurrean baikortasuna eta gorputzaldia azaldu zituzten Miarritze Baleteko dantzari gazteek errusiar balletei eginiko omenaldian. Haien dantza egiteko modua gogora ekarri baino gehiago, haiek sortutako gai eta musika sendoak omendu zituzten. Thierry Malandainen koreografiak, gaur egungo dantza modernoan oinarriturik, asmatu du Stravinskiren Pulcinella-n. Modu errazean ondo lotu baitzituen comedia dell’arte-ko pertsonai eta pasadizuak collage-dun musika indartsuarekin. Eskenaratze eta argiztapen minimaletan lekutua, balleta-pantomina hau ikuspuntu barregarri eta erotiko-sentimenduzkoa bilakatu zuen: ondo orekatuz gorputzaren adierazgarritasun berezkoa pausu eta dantza hutsarekin, bai bakarka (Tartaglia trabestitua zein Pulcinella) bai binaka edo taldean. Guretzako lanik orekatuena eta lortuena izan zen.



Indar fisiko handia



L’apres-midi d’un faune, edo iratxo baten lo kuluxkan, Debussyren musika sentsual eta lasaiari eta Nijinskiren bertsioari, Malandain-ek iratxo narzisoa kontrajarri die: hau da, opari kaxatik irteten duen izakia bere buruaz maitemintzen dueneko, berriro opari kaxan estalia izateko gorputzaren bihurrikatze eta gurpenak egin eta gero. Indar fisiko handiko lana da, Mallarméren gaineko bertsio propioa.



Pas de deux-en antzeko dantza zuzen egin zuten, eta Carl Maria Von Weber-ren Le spectre de la rose Ravel gure aberkidearen Bolero-arekin bukatu zuen. Lau bionboren artean atxiloturiko dantzariek –nahiz eta pausu, dantza, ariketa fisiko desberdinak egin– ezin izan zuten musika obsesibotik alde egin... doinua amaitu arte. Askatasunaren bilaketaren gainean egindako hausnarketa dantzaria izan zen. Ideiak, dantza moduak eta entrega fisikoa, publikoaren atseginekoak izan ziren, txaloek salatu zutenez.

Dokumentuaren akzioak