Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ikerne Mendieta Uskola: "Twerka LGBTIQ+ komunitateak dantzatzen zuen euren zapalkuntzatik ihes egiteko"

Dokumentuaren akzioak

Ikerne Mendieta Uskola: "Twerka LGBTIQ+ komunitateak dantzatzen zuen euren zapalkuntzatik ihes egiteko"

Egilea
Nahia Martinez Gondra
Komunikabidea
Hiruka
Tokia
Getxo
Mota
Albistea
Data
2024/02/26
Lotura
Hiruka
14 ikaslegaz batera, Getxoko Jabekuntza Eskolan 4 twerk saio ematen dihardu Mendieta.

Getxoko Emakumeen Jabekuntza Eskolan twerk ikastaroa gidatzen du Ikerne Mendieta Uskola dantzariak. Psikopedagogian espezializatua, bere esanetan, twerkak duen berezitasuna da "lurrarekin, aldakekin eta pelbisarekin duen konexioa". Hala, bere klase batera batu gara hurbiletik ezagutzeko zeintzuk diren dantza honen berezitasunak, baita erritmoak ere.

Zein da twerkaren sorrera?

Hiru adar nagusi ditu: afrikar dantza tradizionalak; hip-hop-a edota dantza urbanoak, batez ere, New Orleans eta Atlantan, eta stript-dance edota klubetako dantza sentsualak. Sorrera, alabaina, afrikar dantza tradizionaletan dago, baita afro-amerikarretan ere. 1990ean, New Orleansen, underground mundu horretatik kokatzen hasi zen. Afrikar migratzaileen kaleko dantza gisa ezarri zen, betiere hip-hop eta klubetako dantzen nahasketa horrekin batera.

Halaber, gogoratu behar da errepresioari erdiko atzamarra ateratzeko bide gisa ere sortu zela dantza hau. LGBTIQ+ komunitateek dantzatzen zuten euren zapalkuntzatik ihes egiteko; euren gorputzetik adierazten zuten kokoteraino zeudela eta euren gorputza eurena zela. Horregatik, polizien aurrean hasten ziren ipurdia astintzen, esanez bezala, “hau naiz ni, atxilotu nazazu ipurdia mugitzeagatik”. Aldarrikatzeko dantza bat da eta hori garrantzitsua da berreskuratzea. 

Nola definituko zenuke twerkinga?

Bizitasuna, poztasuna eta energia ematen didan dantza da. Bere berezitasuna da lurretik konektatzen gaituela gure aldakekin eta pelbisarekin batera. Afrikar dantzetan oso garrantzitsua da lurra, beraz, beti gaude lurrera tolestuta eta aldakak astintzen. Horrek, konfiantza, indarra, sustraitzea eta errotzea ematen ditu. Aldi berean, pizten digu erdiguneko bizi energia edota sua, aldakan dagoena: sexualitatea, gozamena, desioa, jolasa, indarra... Energia hori gorpuz osora zabaltzen da eta poztasun handia ematen du. Gainera, komunitatean egiten den dantza da, kaleko dantza soziala, alegia.

Nola egin zenuen topo dantza honegaz?

Kasualitatez. Ez nuen espero inondik inora ere honetan aritzea. Dantza garaikideko dantzaria naiz eta nire formakuntzan interes handia piztu zitzaidan dantza afrikar eta urbanoen harira. Garai luze batez aritu nintzen Cassamancen (Senegal) ikasten eta bizitzen. Bertan jada zerbait nabaritu nuen nire gorputzean; zerbait esnatzen ari zen. Beranduago, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) twerka ezagutu nuen dantza afrikarren ikastaro batzuetan nengoela. Frogatu eta asko gozatu nuen. Harrezkero klaseak jasotzen ibili naiz leku ezberdinetan. Hasieran, aurreiritzi asko nituen dantza honekin, baina egin dudanean, guztiak erori zaizkit. 

Horren harira, twerkingaren inguruan beti egon da estigma handia. Zergatik uste duzu daudela hainbeste aurreiritzi?

Jatorria eduki behar dugu kontuan: beltzen eta afrikarren mundua, hip-hop-a eta striptis klubak. Sorburu hori gogoan izan behar dugu, bestela, oso erreza da bideoklipetan eta sare sozialetan jasotzen dugun irudi sexualizatu eta estereotipatua izatea. Pop musika eta reggaetoiarekin, twerketik heltzen zaigun irudia da gorputz zuri eta normatiboena. Eta hori da twerkaren zati bat, ez guztia. Gauza gehiago daude.

Twerka sortu zenetik gaur egun arte garatzen joan da eta nire ustez desitxuratzen ere. Gauza bat da bideoklipetan jasotzen duguna eta beste bat kalean dantzatzen dena. Gozamena eta aldarrikapena erdigunean jartzen ditugu ikastaroan. Horregatik, gustuko dut nire klaseetan twerka nondik datorren azaltzea, soilik itxuran ez gelditzeko. 

Zein izaten da ikasleek duten zailtasunik handiena klaseetan?

Lotsa eta autoepaiketa izaten dira oztoporik handienak. “Nik ez dakit, nik ezin dut, nik ez dut ipurdirik..." bezalakoak entzuten ditut.

Gizonezkoak ere daude twerk munduan?

Berez, dantza soziala eta herrikoia da, kalean egiten dena. Beraz, egiten dute dantza gazteek, nagusiek, umeek, gizonek, gorputz argalek, lodiek, generotik haratago doazen identitateek… Ahalduntze eskoletan ematen ditudan klaseez gain, emakumeentzat bakarrik ez diren twerk klaseak ere irakasten ditut. Bertan, pare bat gizon animatu dira. Azkenean, gure gorputzak duen indarrarekin konektatzeko teknika bat da eta hori denentzako da. 

Halere, egia da emakumeei bereziki onura egiten diela zoru pelbikoaren lanketan. Oso modu organikoan lantzen du zoru pelbikoa, eta ez da bat ere agresiboa: nahiz eta astinduak egon eta intentsuak izan, beti gaude gure oinen oinarrian. Beraz, pelbisa beti dago oso erlaxatuta. Halaber, eskola batzuetan haurdun dauden emakumeekin twerka egiten dute zoru pelbikoa malgu eta indartsu mantentzeko. 

Dokumentuaren akzioak