Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ikerfolken "Dantza Ganbara" saioak arrakasta handia lortu du Bilboko Kafe Antzokian

Dokumentuaren akzioak

Ikerfolken "Dantza Ganbara" saioak arrakasta handia lortu du Bilboko Kafe Antzokian

Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
1999/06/15

Urbeltzek azaldu duenez askok hanka bat eta bestea non daukaten ere ez zekiten, baina hasierako lotsa eta beldurra galduta primeran pasa dute. Eta udako oporrak hartu aurretik, bihar dute denboraldiko azken saioa Bilboko Kafe Antzokian, iluntzeko zortzietatik aurrera. Bizkaiko hiriburuan eman dute lehen pausoa Ikerfolkekoek, baina ekimena zabaltzen joateko asmoa dute. Besteak beste, Aretxabaleta eta Oñatin egin dituzte saioak, baita Laudion ere. Argia taldeak Donostian duen aretoan ere antolatu nahi dituzte. "Hemendik hamar urtera 'Dantza Ganbara'k nonahi egingo dira", esan du Juan Antonio Urbeltzek.

Beretzat garrantzitsua da jendeak harremanak dantzaren inguruan egitea, baina bada beste lokarri bat ere, euskara. "Dantza tresna oso baliagarria da euskara erabiltzera animatzeko", argitu du. Hori dela eta, Urbeltzek hilabeteotan izan dituen dantzarien artean Bizkaira euskara ikastera hurbildutako katalanak aipa daitezke. Lagunarteko giroa sortzen da eta barre eta txantxa artean, ia konturatu gabe, esaterako, Nafarroa Behereko Muxikoa dantzatu dutela konturatzen dira partehartzaileak. Zuzeneko musika izaten dute lagun dantzariek, Juan Antonioren emazteak, Marian Arregik, eskusoinua jotzen baitu eta bien semeak, Mikelek, biolina. Gainera, Argia taldeko bi dantzari aritzen dira irakasle lanetan Urbeltzekin batera, Jokin Otamendi eta David Villalba.

Integrazioa

Era honetako lehenengo esperientzia izan da guztientzat eta Urbeltzek irribarre artean dio "gu erabili gaituzte beraiek froga gisa, ez alderantziz". Urbeltzentzat garrantzitsua da gustura dantzatzea eta horrekin batera euskaldunen arteko loturak eta integrazioa bultzatzea. "Norbait Nafarroa Beherera badoa eta han dantzariak ikusten baditu, jakin dezala zer ari diren dantzatzen ­azaldu du­. Eta herrialde hura erreferentzia bihurtzen da era horretan, mugak hautsiz. Kultur ikuspegitik bateratze prozesua ematen da, gure kulturatzat ez ditugun elementuez jabetzen laguntzen baitigu euskaldunoi".

Pantxoa Etxegoien bera ere joan zen behin saio bat ikustera eta esperientzia gisa asko gustatu zitzaiola adierazi du Urbeltzek.

"Dantza zailtasunarekin lotzen da, baina Leitzako Ingurutxoan gertatzen den moduan, adibidez, danbor erritmoan plazara sartzea ere dantza da. Ildo horretan, dantzariei gauzak erraztu nahian badute ideia berririk ere. "Irakasleek pauso zailenak egingo dituzte, errazenak ikasleei utzita. Era horretan guztiek gozatuko dute dantzaz", esan du. Udako atsedenaren ostean urrian ekingo diote berriz "Dantza Ganbara" Ikerfolk elkarteko kideek, pieza berriak ikasteko aukera eskainiz.

"Nafarroa Beherekoak oso dantza kaotikoak dira"

"Gaur egun dantza produktu estetikoa da, baina Greziatik hasita, forma fisiko onean egoteko modua zen dantza; gazteek helduen mundura pasa ahal izateko egin beharreko iniziazio erritoa zen. Horregatik dantza batzuk bortitzak dira eta pauso zailak dituztenak", azaldu du Urbeltzek.

Gazte haiek gorputza sasoi betean zutela erakutsi behar zieten zaharrei, baina kirola egitea baino zerbait gehiago da dantza. "Gorputz erritmoa da eta erritmo horrek markatzen du beste guztia", adierazi du.

Eta gorputza egoera onean mantentzeaz gain oroimena lantzeko bidea zen dantza. "Gizarte tradizionalek memoria dute ardatz, ez dokumentu idatziak. Eta ikuste-oroimena lantzen da dantzaren bidez. Hori gordetzea ere inportantea da gaur egun".

Aintzinako kultura artzain eta baserritarrena zen eta jokoei lotuta zegoen. "Esku pilota zen horietako bat eta dantza ere fisikoki indartsu egoteko bidea zen", gaineratu du.

Nafarroa Behereko dantzak hautatu dituzte, euskal dantzen artean bereziak direlako. "Kaosa da nagusi, baina barne-egitura bat dute, bestela ezin liteke dantzatu; oso interesgarriak eta politak dira, Europan ez dago antzekorik", gaineratu du. Saio hauetan irakasten dituzten dantzak sinpleak dira, zailtasun gutxi- koak. "Edozein adin eta forma fisiko duenak dantza ditzake. Guk gizarteratzeko errazenak direnak aukeratu ditugu, ez guztiak".

1968. urtean hasi ziren Argia taldekoak Nafarroa Behereko dantzak plazetan eskaintzen. "Marian eta biok joan ginen ikastera. Garai hartan ia galduta zeuden bertakoen artean dantzak; ez zitzaizkien inori interesatzen. Eta gero etorri da dantza horien berpiztea. Hego Euskal Herrian gu izan ginen hango dantzekin hasi ginen lehenak", esan du. Muxikoa, garai hartan ikasi zituzten Jauziak, Sokadantza eta Kadrilak bezalako piezen urratsak irakasten dizkiete orain "Dantza Ganbara" saioetara hurbiltzen direnei. Horien artean artean izaten dira exekutiboak, Bilboko Kafe Antzokira iristearekin batera maleta albo batera utzi, korbata eta txaketa kendu eta Juan Antonio Urbeltzek agindutako pausoak egiten hasten direnak. Biltzen diren guztiek dantzan era atseginean ikasteko gogoa medio gainditzen dute ezagupen edo abilezia falta.

Dokumentuaren akzioak