Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ikeda: «Dantzan nire azken helburua barne araztasuna aurkitzea da»

Dokumentuaren akzioak

Ikeda: «Dantzan nire azken helburua barne araztasuna aurkitzea da»

Carlotta Ikeda koreografo japoniarraren «Togue» ikusgarria aurkeztuko dute gaur Biarrizko Gare du Midi aretoan, arratseko bederatzietan.

Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2004/09/07

Carlotta Ikeda sortzez japoniarra da. Duela 20 urte Ariadone deituriko dantza taldea sortu zuen Bordelen, eta talde horrekin butô dantzan oinarrituriko sorkuntzak zabaldu ditu munduan zehar. Egun Carlotta Ikedak 63 urte ditu, eta 1960. urtean Japonian sortu zen butô dantzaren erreferentzia izaten jarraitzen du.

2002. urtean, Ariadone konpainiarekin, “Haru no Saïten” lehen sorkuntza aurkeztu zuen Maitaldia jaialdian. Bi urte iragan dira geroztik, eta Japoniako koreografoak forma guztiz berritzailea azaltzen duen “Togue” izeneko ikusgarria aurkeztuko du gaur.



2002an sortutako oren bateko ikuskizuna da “Togue”, eta, bertan Ikedak butô dantza eta tekno-rock industriala emanaldi bakar batean elkartu ditu. «Teknoa indar asko duen musika da. Butô dantza berez barneko dantza bat da, baina, azken batean, indar handikoa ere bada. Nire lehen helburua, ikusgarri honetan, musika eta dantzaren artean energia bate-ratzailea atzematea izan da», adierazi zuen koreografoak.



Barne sentimenduak



Carlottaren esanetan, butô dantza bere «bizia» da. «Nire barne sentimenduak kanporatzen laguntzen didan dantza da, eta ildo horretatik, bizitza jarraitzen laguntzen dit», gehitu zuen.



Butô estiloa eta tekno doinu gogorrak elkartu nahi izan ditu azken sorkuntza horretan Ikedak, baina, bere esanetan, duela 20 urte hasitako ikerketa artistiko baten jarraipena baizik ez da “Togue”. Izan ere, azterketa horren azken helburua «araztasuna» aurkitzea da.

«Togue ikusgarriak ez du istorio zehatzik kontatzen. Musika eta dantzaren indarrak elkartuz sortu da ikuskizuna. Nolabait, dantza mota horrek nire bizia adierazten duenez, ikusgarrian nire barnean dauden sentsazioak kanporatzen ditut. Butôarekin dudan harremana Budismoarekin alderatu nezake. Garrantzitsuena bakoitzaren barne ibilbidea atzematea da», erran zuen Ikedak.



Gaur arratseko bederatzietan, beraz, konpainiako bost emakumeak Gare du Midi aretoko agertokian izango dira. Berekin hain ezaguna ez den Bordeleko Spina tekno taldeko musikariak agertuko dira.



Hiroshimaren ondorioz sortutakoa

BIARRITZ

1978. urtean emakumez osaturiko lehen butô taldea sortu zuenetik, 1960. urtean sortu zen dantza mota horrekin etengabeko bilakaera bilatzen aritu da. Izan ere, butô mugimendua 1959. urtean, atomo bonba Hiroshiman erori ondoren, Tatsumi Hijikata izeneko dantzariak sortu zuen. “Ilunpeko dantza” izendatua, Japoniaren gainbehera eta Ameriketako Estatu Batuen kolonialismoaren aurka sortu zen.

«Butô dantza ez da tradizionala. Urtez urte bilakaera handia izan du, eta egun, Japonian ikusten diren mota horretako ikusgarriek ez dute deus ikustekorik 1980. urtean egiten zuten harekin. Helburuak, hala ere, berbera izaten jarraitzen du; gizakiaren barne sentimenduak adieraztea, alegia», argitu zuen Carlotta Ikedak. Hori dela-eta, 1980.eko hamarkadan, butô dantzak arrakasta handia ukan zuen Europan. Garai horretan Carlotta Ikeda Estatu frantsesera bizitzera joan zen. «Japonian butô gutxi ikusten zen garai horretan. Egun, aldiz, butô dantzan oinarritutako ikusga-rriak geroz eta ugariagoak dira, baina modu modernoago batean eginak dira», erran zuen Ikedak.

Dokumentuaren akzioak