Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ikasmahaitik oholtzara salto

Dokumentuaren akzioak

Ikasmahaitik oholtzara salto

Derrigorrezko hezkuntzan arte eszenikoei askorik erreparatzen ez zaien arren, antzerkiaren aldeko apustua egiten dute zenbait ikastetxetan: eskola orduetan sartuta edo eskolaz kanpoko jarduera gisa. Eskola horien arduradunek diote hezkuntzari ekarpen handia egin diezaioketela.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/03/06
Lotura
Berria
<b>OREKARI EUTSITA. </b>Iruñeko Jaso ikastolako ikasleak, maiatzean aurkeztuko duten musikala prestatzen.
OREKARI EUTSITA. Iruñeko Jaso ikastolako ikasleak, maiatzean aurkeztuko duten musikala prestatzen. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

Foku baten azpian sentimenduak lehertu litezke. Publikoaren aurrean edo eskolan, ikaskideen begiradapean, antzerkiak badu halako magia bat. Derrigorrezko hezkuntzak alde batera utzi ohi duen arte diziplina da antzerkia, baina badira teatroaren aldeko apustua egiten duten ikastetxeak. Irakasleek ohartarazi dute, baina, ordu gutxi izaten dituztela, eta antzerkiak lan handia eskatzen du. Uste dute eskolako antzerkiaren bidez haur eta nerabeen heziketa prozesua osatu litekeela, eta askori, oihala igotzearekin batera, mundu oso bat zabaltzen zaiela begien aurrean.

«Arte eszenikoek, oro har, leku handia eta eragina dute ikasleen formakuntza pertsonal, intelektual eta kulturalean; beraz, dudarik ez da behar direla txertatu curriculumean». Arantxa Hirigoienek argi du. Axut konpainian aritzen da, eta bera arduratzen da ikastetxeetan eskaintzen dituzten saio eta tailerrez. Axut Ipar Euskal Herriko hamar ikastola eta eskolatan ari da lanean: batzuetan, eskola orduetan; beste batzuetan, eskolaz kanpoko jarduera gisa. 12 urtetik gorakoekin aritzen dira, eta 13 orduko proiektuak egin ohi dituzte.

«Antzerkia dastatzea» da helburua, baina prozesu osoa lantzen dute: idazketa tailerrekin hasten dira, gai batetik abiatuz, eta gero hori jokora eramaten dute, idazketatik ahozkora dauden urratsak ikusteko. «Helburua ez da inondik ere ikusgarri bat muntatzea; izan daiteke, eta egiten ditugu horrelakoak, baina besteak du garrantzia».

Donostiako Zurriola ikastolan eskarmentu handia dute antzerkiarekin. Oihana Maritorena da antzerki eskolaren koordinatzailea, eta bera arduratzen da Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara eskaintzen dituzten eskolez. Antzerkiaren alorrak lantzen dituzte; maila bakoitzean, bat: mimoa, clowna, pertsonaia istorioan sartzea, testua, inprobisazioa, gorputz adierazpena eta obra bat sortzea. Eskola haietatik aktore ezagunak ere atera dira; are, Maritorena bera 15 urterekin hasi zen Zurriolako ikastolako antzerki eskolan.

Donostiako Zurriola ikastolako ikasle batzuk clowna lantzeko antzerki saioan. . Jon Urbe / Foku

Debagoienean (Gipuzkoa) Iufala proiektuak eramaten du antzerkia irakastokietara. Iurgi Etxebarriak zuzentzen du, eta eskualdeko bost ikastetxetan aritzen da lanean. Heldu den urtean ikastetxe guztietara zabaltzeko asmoa dute. Harentzat garrantzitsuena sentimenduak lantzea da, nahiz eta haurren buruan helburua antzezlana prestatzea den. «Horretan datza; sentimenduen irakasgai bat da», esan du Etxebarriak. Sentimenduak: haurrenak eta haien pertsonaienak.

Barrutik kanpora

«Sentimenduak hasi dira garrantzia hartzen gure bizitzan: konturatu gara erabakiak hartzeko arrazoi gehienak sentimenduak izaten direla, eta bizitzarako hain garrantzitsua den ikasgai hau 10 urterekin poliki-poliki lantzea antzerkigintzarekin garrantzitsua da». Gaiaren mamira zeharka iristen dira: pertsonaien sentimenduez eta gertatzen zaizkien gauzek sortzen dizkieten sentipenez hitz egiten dute; hori antzezten dute, eta hortik hausnarketak egiten dituzte.

10 urtetik gorako haurrekin egiten du lan Etxebarriak, eta testuak bazter utzi ditu, inprobisazioaren alde: «Hasieran, sekulako testu luzeak sartzen nizkien, eta ezin zituzten ikasi; antzezlana pikutara joaten zen». Orain, hiru esaldi ematen dizkie; agerraldi bakoitzeko, bat. Gainera, obretan ez dago protagonistarik: hainbeste ikasle, hainbeste pertsonaia. Horrela lortzen du batzuk ez geratzea denbora luzez deus egin gabe eta besteei begira.

Pertsonaiak ere eurek osatzen dituzte. Izen neutroak dituzte, generorik ez ezartzeko, eta egoera bat ematen die, sentimenduei lotutakoa. Hortik tiraka, inprobisatzen osatzen dute narrazioa guztien artean, ideia batzuk bazter utziz, beste batzuekin aurrera eginez, eta, batzuetan, ideia batzuk eraldatuz.

Eskola orduetan aritzen da Etxebarria, baina hogei egunez baizik ez. Antzerki irakasleek denbora falta azpimarratu dute: «Usu borroka da orduak non sartu; gehienetan, euskarazko eskoletan ematen dira. Luzarora begira, edozein ikasgai bezala txertatu beharko litzateke», esan du Hirigoienek. Zaila ikusten duen arren, Maritorenak ere argi du: «Zalantzarik gabe curriculumean sartu beharko litzateke, baita beste arte batzuk ere: gorputza, dantza... Askotan, kirola sartzen da bakarrik, baina gorputzaren bidez sentimenduak hain ongi azaldu daitezke. Onura asko ekarriko lioke jende askori».

 

 

Iurgi Etxebarria Arrasateko Herri Eskolako (Gipuzkoa) ikasleekin antzerki emanaldia prestatzen.Monika Del Valle / Foku

Eskolaz kanpoko jarduera denean, denbora gehiago izaten dute. Iruñeko Jaso ikastolan denbora anitz eskaintzen diote urtero udaberrian aurkezten duten musikalari. Aurten bederatzigarrena prestatzen dabiltza, eta maiatzean aurkeztuko dute. COVID-19a dela-eta, aurten zailtasunak izan dituzte, ezin izan dutelako egunero ahotsa lantzeko saiorik egin.

Jaso ikastolan Imanol Jacines gorputz heziketako irakasleak sustatu zuen proiektua. Bere eskoletan proiektu «zoragarriak» egin zituzten ikasleek, akrobaziak, musika eta antzerkia uztartuz, eta hortik tira egitea pentsatu zuen. Musika irakaslearekin hitz eginda, ipuintxo batzuk egokitu zituzten, eta Irantzu Zabalza irakaslea ere batu zen proiektura, dantzaria baita. Horrela sortu zen Txanpon baten truke.

Ikasleentzako tresnak

Musikalak alor asko ditu, ez bakarrik arte eszenikoei dagokiena: musika, dantza, antzerkia... baina baita ere atrezzoa, argiak, multimedia, sare sozialak... «Proiektu honen gakoa da haiek dena egiten dutela: gaia aukeratu, gidoia, koreografiak... Orduan, beraien proiektua da», azaldu du Zabalzak. Irakasleak gidari dira, baita ikasle zaharrenak ere, haien arteko transmisioa egiten delako. 12, 13 eta 14 urteko ikasleek parte hartzen dute musikalean.

Zabalzak uste du autonomia horrek frustrazioa zer den ikasten laguntzen diela: «Egun batzuk oso emankorrak dira, baina beste egun batzuk oso txarrak. Koreografia edo jarrera bat prestatzean ikusi behar dute egun batzuetan ez zaiela ezer bururatzen. Hori oso ona da haien heziketarako». Eta, horrekin batera, beste hamaika sentimendu: «Arlo emozionala astintzen du: autoestimua, harremanak; burua irekitzen die; zer sentiarazten dien; nola ikusten duten gai direla inoiz pentsatzen ez zuten zerbait egiteko, eta lotsa galdu... Fisikoki ere eragiten die; emanaldia bukatzean, zer negar, nola ateratzen duten estres hori guztia».

Eta, gero, irakasleek eskolara eraman dezakete aipatutako guztia. Hirigoienek ohartarazi du kolegioetan ahozko azterketa asko egiten dizkietela gazteei, eta antzerkiak horri aurre egiteko tresnak ematen dizkiela. Etxebarriari irakasle batzuek esan diote ikasle batzuek ziurtasuna lortu dutela antzerkiaren bidez, eta horri esker aurrera egin dutela beste alor batzuetan ere. Maritorenak aipatu du derrigorrezko hezkuntzaren ondorengoa: «Ikasle ohi batek esan zidan antzerkiak asko lagundu ziola unibertsitate garaian eta talde lanak egiteko orduan».

Zurriolako antzerki irakasleak uste du teatroak denerako balio duela: heziketa prozesuan eta hortik kanpo, bizitzan oro har. Harremanetarako ere onuragarria da, haren ustez. Eta Etxebarriak ikusi du eskolako harremanetan ere eragina duela: «Klaseko liderrari antzerkigintzan, guztien begien aurrean, gorputza aldatzen zaio; tontakeria bat dela uste du; erresistentzia pila bat jartzen ditu. Aldiz, irudimena barra-barra duena, beti isilik egon dena, halako batean, eszenatokian puztu egiten da, poliki-poliki. Taldeari dagokionez, ikastetxeentzat hori da antzerkigintzak egiten duen onik handienetako bat».

Euskaraz gozatzen

Aipatutako proiektu guztiek badute beste ezaugarri komun bat: euskara. «Guretzat inportanteena da euskaraz ongi pasatzea; beraiek sentitzen dituzten gauza on horiek guztiak euskararekin lotzea. Euskarazko gauza erakargarriak aurkeztu behar dizkiegu, horien falta dutelako gazteek», esan du Zabalzak. Bide horretan, Etxebarria ez da aritzen ikasleen euskara etengabe zuzentzen. «Euskararekin zailtasunak dituztenei antzerkiak esparru bat ematen die euskaraz askatasun osoz hitz egiteko. Agian erabakiko dugu pertsonaia horrek horrela hitz egingo duela, eta pertsona hori babestua sentituko da».

Arantxa Hirigoien Ziburuko (Lapurdi) ikastolan, antzerki eskolak ematen. Guillaume Fauveau

Gorputzaren hizkuntzarekin batera, hitza ageri da oholtzan; kasu honetan, euskara. Eta horri lotuta hamaika tresna talde lanean aritzeko, sentimenduak identifikatu eta kudeatzeko, harremanak izateko, adierazten ikasteko, lotsa galtzeko, norbera izateko... Antzerki irakasleek onura anitz aipatu dituzte, eta dena biltzen duen beste bat: kultura. Maritorenarena da azken hausnarketa: «Kultura hausnarketarako bidea da, eta, txikitatik hori jasoko bagenu, antzerkizaletasuna sustatuko litzateke, horrek dakarren guztiarekin heldutasunera begira. Antzerkiak ezinbestekoa izan beharko luke».

Dokumentuaren akzioak