Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ikasi ahala argazkilaritza pasio bihurtu zait»

Dokumentuaren akzioak

«Ikasi ahala argazkilaritza pasio bihurtu zait»

Egilea
Imanol Garcia Landa
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Altzo
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/10/01
Lotura
Ataria
Maider Agirre argazkilari altzotarra. I.G.L.

Maider Agirre altzotarrak argazkilaritza arte bat dela dio eta bere ofizioa da egun. Ikasketak egiteaz gain, lanbide horretan norberak bere bidea egin behar duela azaldu du.

Donostian eta Bartzelonan egin ditu argazkilaritza ikasketak Maider Agirrek (Altzo, 2001), baina lana bere jaioterritik egiten du. Moda eta ezkontza argazkiak ateratzen aritzen da bereziki.

Nola hasi zinen argazkilaritzaren munduan?

Tolosan egin nuen Batxilergoa, eta hori bukatu eta gero, Donostiara joan nintzen argazkilaritzako modulu bat ikastera bi urtez. Handik Bartzelonara joan nintzen beste urtebetez. Modako argazkilaritza asko gustatzen zait, eta horretan zentratu nintzen. Handik itzuli nintzen eta hemen pixkana joan naiz lan munduan sartzen eta ezagutarazten.

Nahiko garbi zenuen argazkilari izan nahi zenuela?

Batxilergoan beti izaten zara pentsatzen ea zer egingo duzun gero. Batzuek garbi dute, beste batzuek ez dute ideiarik. Nik esan nuen probatu egingo nuela, gustatzen zitzaidala eta ea nola joaten zen. Baina ideia garbirik gabe; sartu nintzen probatzeko eta pila bat gustatu zitzaidan. Aurrera egin nuen eta ondo doa oraingoz.

Ikasketak egin aurretik aritzen zinen argazkiak ateratzen?

Gustatzen zitzaidan, baina ez datorkit txikitatik. Etxean bagenuen kamera bat, baina ez nuke esango sekulako pasioa nuela. Ikasi ahala argazkilaritza pasio bihurtu zait.

Argazkilaritza ikastera Bartzelonara joan behar da?

Hemen Donostia eta Bilbo oso ondo daude, baina Bartzelonan eta Madrilen beste mundu zabalago bat dago, irekiagoa. Nik uste dut ondo dagoela horrelako hirietara joatea, edo Londresera adibidez; ate asko zabaltzen zaizkizu, jende asko ezagutzen duzu.

Zenbat denbora daramazu argazkilaritza ofizio moduan duzula?

Autonomo bezala urtebete daramat. Aurretik egiten nituen lan txikiak, baina serioago hartuta urtebete. Ikasten nengoela lanak egin nituen, baina ez gaur egungo seriotasunarekin.

Horrelako lanetan bidea ireki behar izaten da. Nola ari zara bide hori egiten?

Fundamentu askorekin, dena norberak egin behar baitu. Ez zaizu inor etorriko esanez bere enpresara joateko bost urterako kontratu bat eskainiz. Zuk bidea egiten joan behar duzu, zure izena ezagutarazten. Instagramen hasi nintzen, eta egia da indar handia eman behar zaiola horri, ia dena hortik ateratzen delako. Garrantzia handia du lan honetan, eta gustatzen zait. Bi kontu ditut, @maideragirre_ eta @maider.wedding, lehenengoa modari eta nire bidaietako kontuei enfokatuta eta bigarrengoa ezkontzei begira. Ikusten nuen jarraitzaileen beharrak oso ezberdinak zirela, eta horregatik bi kontu ezberdin ditut. Webgunea lantzen ari naiz, eta ea urte bukaerarako martxan dudan. Hori ere garrantzitsua da eta beste profesionaltasun maila bat ematen dizu.

Aipatu duzu moda gustatzen zaizula. Zer gustatzen zaizu mundu horretaz?

Galdera zaila da. Betidanik gustatu izan zait ikustea arropa berriak, moda berriak, eta erabaki nuen hortik joan nahi nuela. Pila bat ikasi nuen Bartzelonan, eta beste ate bat ireki zitzaidan. Arropan arreta handia jartzen dut, eta hori argazkilaritzan islatzea gustatzen zait.

 

«Arropan arreta handia jartzen dut, eta hori argazkilaritzan islatzea gustatzen zait»



Eta zer ezberdintasun dago moda argazkiak eta ezkontzetako argazkiak egitearen artean?

Modakoa beti izaten da askoz prestatuagoa. Beraiek ateratzen dute bilduma edo arropa jakin batzuk, eta enpresek edo denda horiek oso ondo pentsatuta izaten dute zer transmititu nahi dieten bezeroei, egin nahi duten saioa non egin nahi duten, parte hartuko duten modeloak... Askoz pentsatuagoa da dena. Eta ezkontzak erabat ezberdinak dira, askoz espontaneoagoak; badaude une batzuk posatuagoak direnak, baina berez da momentuan gertatzen dena harrapatzea. Berdin haurdunaldi saioekin edo familia saioekin. Hori da ezberdintasuna.


Ezkontza bateko argazkia. M.AGIRRE


Modako argazkilaritza egiterakoan, zeinek kontratatzen zaitu?

Orain arte egin ditudan lanetan arropa markak berak kontaktatu du nirekin. Beste aukera bat da portfolioa norberak bidaltzea. Kanpainak egiten hasi zaitezke horrela. Udako bildumarena edo negukoarena, suertatzen dena. Agentziek ere eskatzen dituzte argazkilariak, baina ez da nire kasua izan. Hemen inguruan markak berak kontaktatzen du; Bartzelonan-eta bakoitzak bere agentzia du eta hor mundu zabalagoa dago. Ni azkenaldian bi saio egin ditut Skfkekin, eta Felix Munduani ere saioak egin dizkiot.


SKFK arropa markarako egindako argazkia. M. AGIRRE


Ezkontzetako argazkietan ez da beraz prestatutako argazkirik izaten?

Hori gaur egun asko aldatu dela iruditzen zait. Orain dela urte dezente argazkiak prestatuagoak ziren, zerbait konkretuagoa lortu nahi zen, baina orain libreagoa da. Bai gidatu behar dituzula, baina azkenean hori ere oso natural egiten dugu, bikoteari beraien artean ateratzen zaiona eta listo. Gero argazki politenak ere horrela ateratzen dira.



Eta leku jakin batzuetara joaten zara beraiekin?

Lehen hori ere gehiago egiten zen, udaletxean edo elizan zeremonia bukatzen zenean, jatetxerako bidean lekuren batean geratzen ziren argazkiak ateratzeko. Orain askotan bikoteak berak esaten dizu denbora gehiago pasa nahi duela ezkontzan, lagunekin eta familiarekin, eta argazkitan ez duela nahi denbora asko pasa. Orduan, jatetxean bertan egiten ditugu normalean; belardi zabalak izaten dira, eta hantxe egiten dugu saioa 15 edo 20 minutuan, eta berriro ezkontzara. Oraingoz ez zait tokatu ezkontza aurreko saiorik egitea. Hori ere aldatzen doala ikusten da.

Modako argazkiak egitea, kanpotik begiratuta erraza eman dezake. Modeloak daude, arropak... Bertara joan eta argazki kamera aurrean jarri besterik ez dela behar pentsatu daiteke.

Ez da horrela izaten. Aurretik bilerak daude, logistika eta beste gauzak pentsatzeko. Komunikazioa oso garrantzitsua da markak zer nahi duen jakiteko; gero zuk zure estiloa bilatu behar duzu. Horren aurretik lan asko dago. Ez da ikusten lan hori, eta ematen du bertara joan, lau ordutan argazki batzuk bota eta buelta egiten duzula, eta ez da horrela. Gainera, ondoren edizioan ere lan dezente dago. Beraz, ideia bat bilatu edo adostu egiten duzu beraiekin, gero erreferentziak bilatu, modeloak, makillajea... Dena ondo ateratzeko lan dezente dago atzetik.

Modeloekin edo ezkontideekin aritzeak bere aldea ere izango du.

Modeloak oso ohituta daude horretara, bere lana da, baina beraiei ere esan egin behar diezu zer nahi duzun. Lan mota pila bat egiten dituzte, eta bakoitza oso ezberdina da. Ezkontzetan hasieran beldurtuta egoten dira beraiek, baina gero erraz ateratzen da, eta nahiko erraza izaten da. Bai batean zein bestean, konexioa lortu behar da argazkiak ateratzen dizkiozun pertsonekin; beraiek eroso sentitzea, hori gero nabaritu egiten da eta.

Estudiorik baduzu bertan argazkiak ateratzeko?

Ez daukat leku jakin bat. Gaur egun sare sozialetatik geroz eta gehiago mugitzen da eta hori handituz doa, datorren belaunaldia, gurea, horretan hezi baikara. Nik etxetik egiten dut lan, eta ez daukat estudio berezi bat; nire gelatik egiten dut lan ordenagailua baliatuta, eta oraingoz horrela jarraitzeko asmoa dut.

Esan duzu pasioa bihurtu zaizula argazkilaritza. Zer du zuretzako? Azken finean, arte bat dela esan daiteke?

Bai, arte bat da. Bakoitzak modu ezberdin batera ikusten du. Ez nuke jakingo esaten zer den, baina asko disfrutatzen dut. Eta askotan beharra ere sentitzen dut; bidaia batera joan eta kamera ekarri behar nuela pentsatzea, edo argazki jakin bat ateratzeko gogoa izatea. Gero argazki horiek denak bilduta ikustea ere oso sentsazio polita da.

Zure lana batez ere pertsonei argazkiak ateratzea da.

Ezkontzetan denetik egiten dugu. Pertsonak oso garrantzitsuak dira, baina bestelako argazkiak ere ateratzen ditugu: zapatei, loreei... Orain istorio bat kontatzen duzu, hasi etxean edo leihotik ikusten dutenari argazkiak ateratzetik, parte hartzen duten pertsonak bitarte. Orain oso biribila izatean da. Albumetan harago joaten gara: paisaiari edo etxean dauden objektuei ateratzen dizkiegu argazkiak, horiek ere istorio asko kontatzen dituztelako. Eta geroz eta gehiago ateratzen dira horrelako argazkiak.

Eta oraindik albumak fisikoki eskatzen dituzte?

Berriro ere gehiago eskatzen hasi direla esango nuke. Izan da garai bat mugikorrekin eta ordenagailuekin pila bat galdu dena argazkiak fisikoki izatearena, eta berriro ere bueltatzen ari da eskaera hori. Estra moduan eskaintzen dugun gauza bat da.

Orain ezkontzetan 'argazkilari' asko izango dira, bakoitza bere mugikorrarekin. Gero argazki horiek ere sartzen dituzue bilduman?

Ez, guk gure lana egiten dugu. Badago jendea asko baloratzen duena zuk egiten duzun artea eta zure lana, eta beste batzuek ez dutena hori ikusten eta mugikorrekin ateratako argazkiekin nahikoa dutena. Hori bakoitzak ikusi behar du. Bestalde, zu argazkiak ateratzen ari zarela, inguruan beste zortzi mugikor ikusten dituzu, eta horretara ere ohitu egiten zara. Askotan gonbidatuak hezi egin behar direla esaten dugu, eta ezkontideek esan behar dutela zein den argazkilaria bere lana egiten uzteko. Gero ere argazki batzuk ateratzen ditugu jendea argazkiak ateratzen; hori ere istorioaren parte izaten da.


Felix Munduan markarako argazkia. M. AGIRRE


Bidaietan joaten zarenean, gehiago gustatzen zaizu paisaiak-eta ateratzea edo pertsonak?

Denetik esango nuke, estetikoa iruditzen zaidana. Begia joaten zait, zerbait estetikoa edo zerbait pertsonala ateratzeko.


Maider Agirreren autorretratua. M. AGIRRE


Beste proiektu batean sartuta zaude, Felix Munduan izeneko arropa markan, hain justu. 

Hor hiru gaude, Urki, Sara eta ni, eta Altzon dugu gure estudioa, ukuilu zahar bat moldatuz. Hor diseinuak egiten ditugu, eta gero horiek eskuz estanpatzen ditugu jertse eta nikietan. Azoketara joaten gara, Instagram kontua dugu... lan dezente dago. Hor hirurok denetatik egiten dugu, eta argazkiak atera behar badira, hori nire egitekoa izaten da.

Bestalde, euskal dantzak erakusten dituzu.

Altzon haurrei ematen dizkiet klaseak eskolaren azpian dagoen udal lokalean, eta beste herri batzuetan gazteei ematen dizkiet, hamasei-hamazazpi urtekoei. Nik ere klaseak jasotzen ditut Alurr dantza taldean, Ibarran. Txikitatik hasi nintzen ikasten, Altzon; pila bat gustatzen zait eta horregatik jarraitu egiten dut, bai klaseak jasoz eta bai emanez.

Eta euskal dantzak eta argazkilaritza uztartu dituzu?

Ez gehiegi, baina orain gutxi Alurr dantza taldeak emanaldi berri bat atera zuen, Laia izenekoa, eta horko argazkiak ateratzeko eskatu zidaten.

Ikasketak egiteko mugitu zara batera eta bestera, baina lana egiteko Altzon zaude.

Bai, etxera itzuli naiz, eta oso gustura nago hemen. Bartzelonan nengoela jende askok esaten zidan modan aurrera egin nahi banuen bertan geratzeko, ate gehiago irekiko zitzaizkidala, baina nik argi nuen hona bueltatu nahi nuela. Oso ondo bizi naiz hemen, eta herri txiki batetik ere lana egin daiteke.

Argazkilaritza munduan sartu nahi duen norbaiti zer aholku emango zenioke?

Ikasketak egitea, baina berak ere bere kontu gauza asko ikasi behar dituela kontuan hartzea. Eskola batean teknika arloan ikasiko ditu gauza pila bat, baina gero berak bilatu behar du bere bidea, eta lan asko egin beharko du horretarako. Ez zaio inor hasieran etorriko ate joka, eta orduan berak ireki behar ditu ate horiek. Beraz, ikasteko gogoa eta interesa izatea.

Dokumentuaren akzioak