Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ihoteak Sakanan

Dokumentuaren akzioak

Ihoteak Sakanan

Garai batean, neguaren amaiera ezinbestekoa zen. Bizitza berri bat zekarren udaberriak. Horregatik, neguari amaiera emateko, lurra esnatzeko eta udaberriari ongi etorria emateko festa bat ospatzen zuten: Inauteriak. Janariz, edariz eta zarataz beteriko festak ziren, eta hauetan zenbait erritu eta sakrifizio betetzen ziren ere.
Komunikabidea
Guaixe
Mota
Albistea
Data
2022/02/15
Lotura
Guaixe
Ihoteak Sakanan
Garai batean negua urtaro zaila zen. Azaroan prestatutako txerrikia pixkanaka bukatzen ari zen, baita udaren bukaeran jasotako uzta ere. Beraz, gosete eta hotz garaia zen negua. Neguaren amaiera ezinbestekoa zen haiendako. Bizitza berri bat zekarren udaberriak. Horregatik, neguari amaiera emateko, lurra esnatzeko eta udaberriari ongi etorria emateko festa bat ospatzen zuten: Inauteriak. Janariz, edariz eta zarataz beteriko festak ziren, eta hauetan zenbait erritu eta sakrifizio betetzen ziren ere. Erritu hauekin sinesten zuten lurra esnatu eta ernalduko zutela. Hau da, garai hobeak iritsiko zirela. Inauteri garaiak ere egunerokotasunarekin apurtzeko aukera eskaintzen zuen.
Aurten ospatuko ez diren inauteriek, ihoteek, karnabalek edo aratusteek jatorri paganoa dute. Erromatarren garaiko Saturnalia Saturno jainkoaren omenez egiten ziren festak oinarri direla diote askok. Festa hauetan asko jaten eta edaten zuten, eta esklabuei askatasun apur bat ematen zieten. Hala ere, urtean zehar ospatzen ziren festa ia gehienak bezala, erlijio katolikoak bereganatu zituen eta, gaur egun, garizumaren aurreko egunak direlakoan ospatzen da mozorroak nagusi diren festa.
Erlijio kristauaren arabera, Aste Santuaren aurretik fededunek berrogei eguneko baraualdia eta sakrifizio egunak bete behar dituzte. Horregatik, sakrifizio garaia hasi aurretik, askatasun pixka bat ematen zitzaien. Antxon Agirre Sorondo Euskonews-erako egindako artikulu batean aipatzen duenez, baliteke kristautasunak Garizumarekin garaiko eskasiaren sakralizazioa egin izana.
Gosete eta hotz garaia amaitzeko, lurra esnatzeko eta udaberriari ongietorria emateko hainbat erritu egiten ziren inauterietan, gaur egungo inauterietan islatzen eta errepresentatzen direnak. Erritu hauek egiteko mozorroak erabiltzen ziren. Ekaitz Zilarmendik Argia.eus-en publikatutako artikulu batean azaldu zuenez, euskaraz modu asko daude mozorro esateko. Alde batetik, disfraz edo maskara izan daiteke. Baina mozorro ere zomorro edo intsektua izan daiteke. Eta Sakanako inauteriak hitzaren azken adiera honekin zerikusi handiagoa dauka; hortaz, inauterietan metamorfosi bat gertatzen da, herritarrak intsektizatzen dira, zomorro bihurtzen dira: mozorro, moxorro, momotxorro, mamuxarro, zamarro… dira. Mozorroek lurrak kaltetu dezaketen zomorroen kontra lurrak garbitzen dituzte.
 
Image
Image
Image
Image
Image

Berreskuratzen

1936ko gerran herri inauteri gehienak desagertu ziren. Unanuko mamuxarroak eta muttuak izan ziren denboran iraun zuten ia bakarrenetarikoak. Besteak pixkanaka berreskuratzen joan ziren 1970ko hamarkadatik aurrera. Esaterako, 1982. urtean herriko talde batek eta Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak egindako ikerketa lanari esker Altsasuko inauteriak berreskuratu zituzten eta 1992. urtean herriko talde batek Olaztiko inauteriak berreskuratu zituen.
Ziordian gehiago itxaron behar izan dute, baina 2019an herri inauteriak berreskuratu zituzten: zomorroa, pezkinak eta artzainak. Herriko zortzikoa berreskuratu zuten ere. Uharte Arakilen 2020an Herri desagertuen dantza ospatzen hasi ziren, eta suaren inguruan euskal inauterietako mozorroekin dantza egin zuten.

Egunerokotasunarekin haustura

Inauteriak egunerokotasunarekin apurtzeko festak ziren eta, horregatik, gaur egun garai bateko nekazal giroko bizitza erakusten dute ere; iraganeko elementuak erabiltzen dira. Izan ere, festa horietarako herritarrek eskura zituzten jantziak eta elementuak erabiltzen zituzten: Narruak, zakuak, trapu zaharrak, animalien hezurrak eta burezurrak, mahoizko prakak, artilezko galtzerdiak eta abar.
Olaztiko inauterietan garai bateko bizitzaren errepresentazioa egiten dute: apaiza, medikua, almirantea eta basozaina konpartsaren parte dira. Ziordiko artzainak ere garai bateko artzainez jantzita doaz, baina aurpegia zikidunta du eta danborra edo saski bat darama du eskuetan.
Image
Image
Image
Image
Image
Image
Image
Image
Image
Image

Garbikuntza eta emankortasuna

Lurra esnatu eta ernaldu behar da, uzta oparoa izan dadin. Horretarako, mozorroek makilak edo sardeak eskuetan egurra ematen dute. Makilarekin lurrean jotzean natura esnatu ez ezik, ernaltzen dute ere.
Unanuko mamuxarroek urritzarekin eta Lakuntzako zatamarruek, Arruazuko moxorroek, Arbizuko eta Etxarriko txatarrek, Urdiaingo momoxorroek makilekin lan hau egiten dute. Kamarroek Bakaikun zaparrak deitutako makil bat daramate.
Altsasuko momotxorroek ere eskutan daramatzaten sardearekin izua sortu ez ezik, lurra esnatzen dute eta ernaltzen dute. Gainera, goldaren bidez lurra lantzen dute ere, nekazari batek hautsa botatzen duen bitartean. Olaztiko zamarroek gurdi batetik ongarria, lokatza eta hautsa botatzen zuten ere. Ihabarko moxorroek erratzarekin jendea jo eta errautza botatzen diete, alde batetik, izpiritu gaiztoak eta izurriteak kanporatzeko eta, bestetik, lurrak ernaltzeko. Ziordiko pezkinek ere pertz batean errautsa darama eta botatzen doa.

Ajustiziatuak

Ihabarren aitexarko, Hiriberri Arakilen aitittarko, Irañetan atxon zarkoa, Arbizun aittun aundiya eta amiñ txikia, Etxarri Aranatzen kixkimau pintto… Hainbat herritan inauterietako azken egunean, astearte inauterietan orokorrean, pertsonaia edo panpin bat erretzen da. Aitexarko eta atxon zarkoaren kasuan lapurrak ziren, eta horregatik mozorroek harrapatzen dituztenean erretzen dituzte. Ihabarren Landarra niniarekin aitexarkoaren atzetik doa, exekutatuko dutelako negar egiten. Papin hauekin herriak urteko bekatu eta frustazioak erretzen zituen, aro berria dagokion moduan hasteko. Bestetik, zaharra erretzeko ere erabiltzen dira papin hauek. 
Image
Image
Image
Image

Lurra esnatzea

Tulun-tulun. Klak, klak. Pum! Ttakun, txakun. Danba! Lurarren kontrako makil eta sarde kolpeak, joare hotsak, oihuak eta abar euskal inauterietako beste elementu batzuk dira. Zarata lurra esnatzeko erabiltzen da, eta, bide batez, negua amaitutzat emateko.
Hots hauek sortutako zaratak, gainera, izua sortarazten dute eta, aldi berean, mozorroak identifikatzeko eta bere norakoa ezagutzeko aukera ematen dute ere. Hortaz, joareen hotsak eta kolpeak zentzu garbitzailea dute ere: izpiritu gaiztoak eta izurriteak alde egiteko zarata egiten da.
Sakanako hainbat herritako mozorroek zarata sortzen dute; esaterako, Irurtzunen joaldunak ateratzen dira, Unanuko mamuxarroek zintzarriz betetako gerriko bat daramate, Iturmendiko jitomoxorroek herritik zarata egiten dute eta Altsasuko momotxorroek joareak daramatzate.
Neguko loaldiaren ondoren hartza esnatzen da Ihabarren, aro berriaren adierazle. Izpiritu gaiztoak uxatzeko jendearen artean izua sortzen du Hartz handiak ere.
Image
Image
Image
Image
Image

Puska biltzea

Neguaren amaieran jakiak urriak izaten hasten ziren, beraz, herriko gazteek puska biltzea egiten zuten. Baserriz baserri eta etxez etxe jatekoa eta edatekoa hartzen zuten, eta horrekin bazkari edo afari bat egiten zuten. Inauteri garaiak puska biltzea egiteko azken aukera eskaintzen zuen.
Gaur egun, elikadura falta ez dagoen arren, puska biltzea inauterietako ohituretako elementu garrantzitsu bat da Sakanako hainbat herritan, esaterako, Ihabarren, Hiriberri Arakilen, Irañetan, Lizarragan baita Altsasun ere.
 
Image
Image
Image
Image

Aro berri bat

Zaharra erre edo kendu, bizitza berriari lekua egiteko da inauterietako errituen beste helburuetako bat. Sakanako hainbat pertsonaia horri lotuta daude, esaterako, Altsasuko maskarita eta ezkontza. Maskaritak ohe oihal zahar bat darama, zaharra kanporatzeko adibide bezala eta ezkonberriek bizi berri bat adierazten dute.

Dokumentuaren akzioak