Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ihauteriak munduan zehar

Dokumentuaren akzioak

Ihauteriak munduan zehar

Europan eta munduan gaindi ez da ihauteri bat baina ihauteri batzuk, desberdintasunak baldin badira, memento berean erritu batzuk milurtekoak dira: mozorrotzea, jendartearen inarrostea, “behar ez diren” gauza batzuren publikoki aipatzea… Duela zenbait urte “Le Monde à l’envers” deitu erakusketa batek Mediterraneo hegian eta Europan gaindi diren ohidurak zein diren ongi azaltzen zuen. Jantzi eta masken bidez lekukotasun batzuk erakustera emaiten dute besta giro batean eginak baldin badira ere, ihauteriek funtzio berri batzuk badituztela.
Egilea
Menane Oxandabaratz
Komunikabidea
Herria
Mota
Albistea
Data
2019/02/20
Lotura
Herria


Ihauterien jatorria
Ihauteriek kristau egutegia kondutan hartzen dute, garizumari lotua dena. Erdi Aroan “carnem levare” erraiten zuten garizumarentzat, “haragia kendu”, emeki-emeki bilakatu dena Carnavale edo Carnasciale. Italiarrek frango fite erabali zuten hitz hori. XIX. mendean Carnaval hitza erabilia da Europako lurralde batzutan. Astearte-ihauteri edo Astearte-gizen, hauste izanez biharamunean, egun horrek parada emaiten zuen jendeek besta egin zezaten: ausarki jateko eta edateko… dantzatu, jokoetan arizan, parada emanez mozorrotzeko eta gertakizunetaz trufatzeko.
Zenbaitzuk diote ez dela elizaren ohidureri lotua, aitzin ere egiten zirela, neguaren bururatzearen seinale izanez primaderan sartzeko. Negua lotua zen hiltzeari, biziaren bukaera, negu lo (hibernazioa) eta udaberria, euskaraz hitzak berak dioen bezala, egunak luzatzen… mundua berpizten!

Ihauterien betekizuna
Interesantea da ikustea edozein tokitan eta garaitan, politika arduradunek utzi dituztela ihauteriak ospatzera. Adituek diote, sozial kontrol baten funtzioa zutela, jendarteak memento dorpeak bizi izanez, parada emaiten zutela beren kezken ahanzteko, barneko tripako minen lasaitzeko. Mundu guzian ohar berdina egina da, populazio pobrea izanez, lan gogorrak egiten zituztela eta Estatuak demokrazia eskasean izanez, ez errebelatzeko herritarreri deskantsatzeko parada emaiten zutela. Ihauterien ospatzea miserian bizi zen populuen ardiespen eskubide bat zela diote adituek eta boterearenganik gatazken kontrolatzeko.

Ihauterien sinboloa
Ihauterien erritualetan, sinboloek garrantzi handia dute, gehienetan atzemaiten da pertsonaia maskatua, lurraren ohidura zaharren indarra erakutsi nahi duena, irudikatuz abere baten aurpegiarekin. Karroak, aldaketa baten sinbolo, bilakaera bat. Pertsonaia bat, hemen Zanpantzar deitzen duguna, Europa guzian gisa berdinekoak badira, herrialdeen arabera, erretzen direnak, edo urean itotzen, beste batzutan jotzen. Sinboloa delarik urtea bukatu dela eta berri bati buruz abiatzen dela, gauza ezkorrak gibelean utziz. Munduko ohidura guzietan alkoholaren gehiegikeria agertzen da, gizon-emazteen rol aldatzea bereziki mozorrotzean.

Munduko ihauteriak
Ezin dira aipatu munduan zehar diren ihauteri guziak, hemen aipatzen ditugunak munduan ezagutuenetarik diren batzuk dira.
Brasil, Rio de Janeiro: gertakizun mitikoa, hiri oso bat mobilizatzen duena, antolaketak urte bat irauten du. Samba eskolen eta beren dantzarien garaipena erakutsiz, mundu guzian ezagutuak.
Belgika, Binche: UNESCOk ihauteri hauek deklaratuak ditu humanitatearen ondare goi-obra bezala. Ezagutua da bereziki Bincheko tradiziozko maskak dituztelakoz bai eta ere ohi den joko batentzat deitzen dutena trouille de nouille nun ezagutu behar duten mozorrotoa den pertsona.


Italia: ihauteri ohidurak dituen munduko herri ezagutuenetarik bat da, Venezia, Viareggio, Erroma, Naples, Ivrea… Ospakizun handiak antolatzen dituzte. Italian antzerkiak lekua badu ere bere ohiduretan, Commedia dell’Arte herrikoi mezuak pasatzeko espresioa zen, ihauterietan ere erabilia dena. Arlecchino, Pulcinelle, Colombina, Pantalone… pertsonaiak mundu guzian ezagutuak dira.
Amerikar Estatu Batuak, Nouvelle-Orléans: sei astez iragaiten dira, desfile eta besta giroan. Ezagutua da bereziki Zulu Social Pleasur Club, antolatzen baitu Zulu desfile handia, jatorriz afro-amerikar kulturari lotua. Azken urte hauetan kontestatua izan da, beltzeri buruz emana den karikaturazko itxuragatik.
Erresuma-Batua, Notting Hill: Londres hiriburuko auzo batean kokatzen da, agorrilean iragaiten dira, Antilles ugartetatik etorri populazioek ekarri ohidura da atxikia izan. 1980ko hamarkadan gatazka handiak izan ziren poliza eta immigraziotatik etorri gazteen artean, frogatuz ihauteriek ere aldarrikapen funtzioa dutela.
Frantzia, Niza: hiru asteburuz iragaiten da, ezagutua da karroen desfile handi eta ospetsuentzat. Loreek leku handi bat badute bai karroen apainduretan bai eta ere lore botatzeak egiten baitira.

Dokumentuaren akzioak