Dokumentuaren akzioak
Ihauteriak hiru astez ospatzeko, Hartzaro festibala Uztaritzen
Duela hogeita hamar urte inguru sortu zen Uztaritzeko Hartzaro Festibala, «ihauteriak kolorez betetzeko asmoz», mendeetako tradizio eta sorkuntza artistikoak uztartzen dituena. Hartzarok negua alde batera utzi eta udaberriari ongi etorria emateko besta proposatuko die beste behin herritarrei.
Herri Soinu elkartearen eskutik, otsailaren lehen asteburuan hasi eta hiru astez iraunen duen egitarau oparoa aurreikusi da. Orotariko artista amateur zein profesionalak arduratuko dira Ipar Euskal Herriko txokoak alaitzeaz.
Otsailak 4 larunbatean hasiko da besta, Uztaritzeko Kaskarotak izanen baitira Baionan; biharamunean, Larresoron, Uztaritzeko Kotilunen aldia izanen da.
Otsailaren 10ean izanen du jarraipena, ostiral iluntzean emanen baitzaio hastapena asteburu osoko egitarauari, Julie Roualten kontzertuarekin. Biharamunean, Kaskaroten etxez etxeko itzulia, Hartzaro dantza taldearen ikuskizunak eta kontzertuak izanen dira Uztaritzen. Bukatzeko, igandearekin, Kaskaroten itzuli gehiago eta danborrada ospatuko dira.
Ondoko asteburuan ere ihaute bestak jarraipena ukanen du. Otsailaren 17an, ostirala, 'Buhameak, historiarik gabeko jendeak?' mintzaldia izanen da lehenik, Nicole Lougarotren eskutik. Iluntzean, kontzertuez zein afterraz gozatzeko tenorea helduko da.
Hurrengo eguna Mutxikoen dantzekin hasiko da. Latsarria elkarteak Michel Labeguerieren omenez eginiko 'Egunsentia' edota Alos Quartet eta Bilaka kolektiboak elkarlanean eginiko 'Lau' ikusgarriak izanen dira arratsaldean zehar. Borobiltzeko, otsailak 19 igandearekin, txilindron sukaldaritza txapelketa, ihauterietako bazkaria eta txarangak gozatzen ahalko dira.
Asteburuak ez ezik, egun gizenak ere ospatuko dira. Otsailaren 16a izanen da ostegun gizena: TUTAK izanen dira 19.00etan eta aperitifa ostean. Hilaren 21ean, berriz, astearte gizena. Batukada, desfilea, zanpantzarrak, erromeria... musikarik ez zaio faltako ihauteriak ospatu eta udaberria agurtzeko festibalaren azken egunari.
Egitarau osoa ikusteko klikatu hemen.
Dokumentuaren akzioak