Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ihauteri herrikoien biziberritzearekin, euskara itzuli da plazara

Dokumentuaren akzioak

Ihauteri herrikoien biziberritzearekin, euskara itzuli da plazara

Pandemia garaiak antzerki herrikoia itzalpean utzi bazuen ere, 2022.urteak euskaldunen tradizioak mantentzeko sena agerian utzi du. Urtearen hastapenarekin itzuli ziren maskaradak eta libertimenduek zein kabalkadek hartu zuten segida. 2023ari begira beste hainbat herri batu dira euskarazko bestara.
Egilea
Andrea Ibarra
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2022/12/29

Bidarraikoak eman zion hasiera libertimenduen sasoiari.

Bidarraikoak eman zion hasiera libertimenduen sasoiari. (Bob EDME)

Urte hastapenean atera ohi dira Euskal Herriko plazetara aitzineko urtetik landuak diren kultur ikusgarriak. Ihauteriak dira belaunaldiz belaunaldi transmitituriko ohitura eta jakintzak eguneratu zein kaleratzeko parada, kultura herrikoiaren biziraupenaren lekuko.

Alabaina, bizirauteak, sarri, iraupenetik du gehiago bizipenetik baino. Covid-19 pandemiak kulturaren ezeztapena ekarri zuen, beste gauza anitzen artean. 2022. urte hastapenarekin neurriak arintzeak, berriz, ihauterietako ospakizun herrikoiak biziberritzeko parada eskaini zuen.

Gisa honetan, aurtengoan herritarrek maskarada eta libertimenduen bidez eman zioten ongi etorria udaberri edo bedatseari eta kabalkada sasoiak kultura herrikoiaren berpiztearen segida hartu zuen. Hamaika herritan izan diren ikusgarriak ez ezik, hurrengo urteari begirako beste hainbat sortu dira ere.

Maskaradak, arrakastatsu bezain indartsu

Covidarekin, besteak beste, maskaraden egutegia antzaldatu ondotik, Barkoxe izan zen 2021eko udan ospakizunari berrekiteko deliberoa hartu zuena. Ezohiko moduan eta ezohiko datetan, barkoxtarrek errituala atxiki eta lekukoa Atharratze eta Alozeko gazteei pasatu zien 2022ra begira.

Gazteek egutegi aberatsa eskaini zuten aurtengo urte hastapenetik, normaltasunera itzultzeko ahaleginez. Aurtengo urtarrilaren 16an, igandearekin, Xiberoko gainak elurrez beterik zirela eman zieten hastapena aurtengo maskarada saioei. Hamabi aldiz jokatu zuten osora, denetan ala denetan saio tradizional bezain ederra osatuz, plaza jendez beterik.

Azken bospasei urteotan maskaraden inguruko sare moduko bat hedatzen ari da eta berrikuntzak ere  badira tartean, Mauleko gazteak estreinakoz eramaile edo errexentarik gabe antolatzen ari baitira 2023ko maskaraden Xiberoako itzulia. 2024ari begira Lakarri, Altzai zein Pagolako gazteak ere ikuskizunak prestatzeko antolatzen hasiak dira.

Libertimendua, sei herritako karrikak berriz alaituz

Ihauteri sasoiarekin batera, otsailaren 6an heldu ziren libertimenduak Ipar Euskal Herrira. Ordutik martxoaren 13ra arte ibili ziren sei herritako giroa alaitzen.  

Bidarrai izan zen libertitzen lehena, otsailaren 6arekin. Baigurako Libertimendua izena eman zioten, Baigura mendiaren itzalpeko herrietako gazteek antzeztu baitzuten. Bukaera aldean egin dantzaren bidez, bolantak zirtzilei gailendu eta udaberriko indarraren garaipena islatu zuten herritarrek. Ondoko astean, otsailaren 13arekin, Amikuzeko libertimendua izan zen. Donapaleuko karriketatik desfilea eginez ekin zioten emanaldiari, eguzkia lagun zutela. Gazteriaren parte hartze eta protagonismoa nagusitu zen beste behin.

Otsailaren bukaerarekin iritsi zen Nafarroako hiriburura, 27an estreinakoz ezagutu baitzuten libertimendua Iruñeko biztanleek. Martxoaren etorrerarekin Baigorriren txanda izan zen, dantza, bertsuak eta antzerkiak uztartu baitzituzten martxoaren 5arekin. Hurrengo astean Hazparnek eta Oztibarrek itxi zuten libertimenduen egutegia, hurrenez hurren martxoaren 12 eta 13an. Hauekin biekin udaberriaren iragarpena finitu zuten; negu honetara arte.

Kabalkada, kostata baina arraberriturik

Kabalkadei ere ez zaizkie gorabeherak falta izan. Ortzaize dugu lekuko. 2020ko irailean bildu nahi zituzten herritarrak 'Plazatik harat' kabalkadaren inguruan, baina krisi sanitarioak bitan gibelatzera eraman zituen eta, azkenean, aurtengo irailaren 18an larunbatarekin zein 24an igandearekin bizi zituzten horrenbeste itxarondako egunak. Nahiz eta gibelapenak hiru bertsio ezberdin egitera behartu, belaunaldiak batu eta lotura berriak sortu zituen herritarren artean, 100 baten parte hartzearekin herriko plaza jendez betetzea lortzeraino.

Ortzaizekoa estreinatu baino bi aste lehenago hedatu zen Heletako albistea: herritarrak berriz batu eta euskal kultur dinamika bat sortzeko asmoz, azkenekoz kabalkada egin zutenetik 20 urte pasa ziren honetan, berri bat muntatzea erabaki zuten. Erabaki eta egin, bi ardatz nagusirekin hasi baitira heldu den urteari begira lanean. Alde batetik, «herritarren batzea» eta, bestetik, «euskal kultur dinamika bat sortzea» dituzte xede dagoeneko 2023ko uztailaren 30ean zein agorrilaren 5an finkatu dituzten bi emanaldietarako.

Arrosako herriak ere Heletako herritarren bidea hartuko zuela jakinarazi zuen, honako honek azkena egin zuenetik 100 urteko aldearekin. Izan ere, Beñat Arrabit herriko auzapezak azaldurikoaren arabera, 1923an lortu zuen «independentzia» Arrosak eta 1933an, herriak zuen «indar politiko handia» profitatuz, 10 urteak ospatzeko kabalkada egin zuten, gaur arteko azkena.

Hurrengo urtean zero bat gehituko zaio gibelean urteurren ospakizun hari. Horrela, mendeurrena ospatzeko, 2021an hasi ziren biltzen, baita kabalkada egitea erabaki ere. Aurten prestakuntza lanetan aritu dira, hiru ardatz nagusiren bueltan, 100 urteak ospatzea, euskara gailentzea eta jendea bateratzea, hain zuzen ere. Hitzorduak ere eman dituzte: 2023ko ekainaren 17an, arratseko 8ak eta erditan eta uztailaren 9an, berriz, arratsaldeko 4ak eta erditan.

Dokumentuaren akzioak