Dokumentuaren akzioak
Igor Calonge dantzari eta koreografoa Errenterian izango da
A cielo raso bere konpainiaren 'Pereza' lanaren xehetasunak emango ditu hilaren 15ean
Hitzordua hilaren 15ean izango da iluntzeko 19:00etan Errenteriako kulturguneko entsaio gelan. Sarrera doan izango da, baina mugatua, beraz bertan parte hartzeko interesa dutenek izena eman beharko dute dantza@kukai.info helbidera idatziz.
Cielo Raso konpainiak urriaren 25ean estreinatu zuen Calongek zuzendutako 'Pereza' lana, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Pertsonen ekintza, hitz eta keinu bakoitzak duen edertasuna, eta haien transzendentzia eta zama dira sorkuntzaren gai nagusia.
Igor Calonge dantzari eta koreografoak hogei urtetik gora daramatza dantzaren munduan. Ballet klasikoa eta garaikidea landu ditu eta, besteak beste, Iñaki Landa eta Maria Martinez izan ditu irakasle, eta dagoeneko hainbat koreografia egin ditu. Lan berri honetan Beñat Urretabizkaia dantzariarekin ariko da. Testu honen bidez aurkeztu dute 'Pereza': " Natura zabalean, berdean eta beltzean etzanda, nire gorputz osoari etekina azken tantaraino aterako liokeen baso batean, etsi egiten du nire gorputzak, nire muskuluak dilatatu egiten dira, lurraren ukimena gero eta gehiago sentitzen, hezurrak karraskatzen dira gero eta barrurago, erroak hemen bertan bota ditzakedala sentitzen dut, datorren udaberrian zuhaitz bihurtuta lora naitekeela, belar gisa".
Dokumentuaren akzioak