Dokumentuaren akzioak
Igartzara, Beasain dantzara
Aurten, atal berria erantsi diote ikuskizunari. Trokel, arku eta makila dantzak egin dituzte, Oria errekaren gainean bi ertzetara kokatuta. Jose Inazio Antsorenaren bi pieza, eta Aitor Furundarenak moldatutako beste zortziko herrikoi batzuk erabili dituzte.
Izan ere, dantza tradizioaren iragana eta oraina, etorkizunarekin uztartzea da Igartzako ezpatadantzarien erronketako bat. Lehenaldian katigatu gabe, baina aurrerantz suabe eginez. Mikel Sarriegik egokitzen ditu dantzak, eta Aitor Furundarenak musika. “Bai dantzak, bai musika, berriak eta tradizioanalak uztartzen ditugu. Baina sortzen ditugun berriak lehengokoen itxurakoak egiten saiatzen gara, bilakaera naturala egiteko. Ohiturek oinarri herrikoiak baldin badituzte, errazagoa da segitzen. Bestela, gauza berritzaile batek behin funtziona dezake, baina luzarorako etena ere ekar dezake”, azaldu du Furundarenak.
Igartzako dantzarien egunaren sustraitzea, lekuko. Hamabigarren ekitaldia izan du gaur. “Betikoa badirudi ere, berria da. Horixe da lortu nahi dugun sentsazioa”.
Garateri omenaldia
Apirilaren 15ean joan zen Jesus Mari Garate Mujika dantzari goierritarra gogoratu dute, gaur, bereziki Igartzan. Kontxi Naldaiz emaztea eta Aizpea Garate alaba aurrean zirela, Agurra eta dantza pare bat eskaini dizkiete dantzariek. 2015ean Joseba Juarez zena omendu zuten.
Eguzki betearen azpian, Beasaingo bandera eta dantzariena Igartza jauregiko leihoan kokatu dituzte. Mikel Sarriegi kapitaina buru zutela, kalejira alaian jauregiaren barruan bukatu dute saioa dantzariek eta musikariek.
Dokumentuaren akzioak