Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Igarotze erritu bat

Dokumentuaren akzioak

Igarotze erritu bat

Maialen Galarza urdiaindarrak herriko kintoei buruzko ikerketa egin zuen ikasketen Gradu Amaierako Lanerako. Ospakizuna igarotze erritu bezala aztertu zuen, eta nesken eta mutilen arteko desberdintasunak azaleratu zituen.
Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Urdiain
Mota
Albistea
Data
2021/02/10
Lotura
Guaixe

Igarotze erritu bat

Antrolopologia ikasketak egiten ari zela, bigarren edo hirugarren mailan, irakasle batek Santa Agedaren inguruan behaketa lan bat egin behar zutela esan zien. Maialen Galarza urdiaindarrak herrian ospakizuna bi modutara ospatzen zela esan zion. "Berak zerbait bazekien, baina esan zidan kintoei buruz oso ikerketa gutxi zeudela. Ez da azaltzen zer ohitura duten, nola ospatzen duten egun osoa, jantziak eta abar". Irakasleak kintoen inguruko behaketa lana egiteko esan zion. Urdiaingo kintoen ospakizunak Santa Agedarekin bat egiten du, eta hiru egunez ospatzen dira: ostirala, larunbata eta igandea. Hortaz, Galarzak irakasleari klasera faltatu beharko zela azaldu zion, "eta irakasleak justifikatuko zidala esan zidan. Ikerketa egiteko". Hortaz, kintoak oinarri hartuta behaketa lana egin zuen. Ondoren, eta gaiaren inguruan lan gutxi zeudela kontuan hartuta, ikerketarekin jarraitzea erabaki zuen, eta Urdiaingo kintoak izan zen bere ikasketen Gradu Amaierako Lanaren gaia.

Lana egiteko hiru egunez Urdiaingo kintoak behatzen aritu zen Galarza. "Erraza izan zen ezagutzen nituelako". Ospakizuna "igarotze erritu moduan" ikertu zuen, eta hasiera batean ez zuen generoaren gaia sartu nahi, ikasketetan asko landu zuten arren, ez zuelako bere burua "oso gai" ikusten. Baina ikerketa egiten ari zen bitartean, konturatu zen "ezinezkoa" zela gaia ez lantzea. Igarotze errituaren faktoreak kontuan hartuta, "emakumearen desberdinkeriak faktore horiek guztiak zeharkatzen zituen". Hau da, faktore guztietan emakumea kanpo gelditzen zen. Beraz, GrALean kintoen ospakizunak oinarri hartuta generoen arteko desberdintasuna faktore bat izan zen. Ondoren, Nafarroako Dantzarien Biltzarrak antolatuta Emakumeen garrantzia Urdiaingo errituetan hitzaldia eman zuen, eta bertan kintoen ospakizunak eta San Juango Kantaitan errituak aztertu eta alderatu zituen. "Kasu honetan generoa oinarri izan zen".

Igarotze erritua
"Gazteak kintoetan sartzen direnean haurrak dira, gero kintoak daude eta ateratzerakoan helduen kolektiboan sartzen dira". Galarzak ospakizuna igarotze erritu moduan ikertu du. Urdiainen hiru urtez ospatzen dira kintoak, eta urte horiek prozesu "liminal" bat dira, trantsizio momentu bat. "Herriak ikusten du momentu hori pasa beharreko zerbait dela". Behin kintoak pasata gainontzeko helduekin ospatzen da Santa Ageda. "Zure kintoekin bazkaltzera joaten zara eta besteekin ospatzen duzu". Kintoak diren azkenengo egunetan edo bukatu direnean "tabernara etortzen zara, pote bat hartzen duzu, besteekin hitz egiten duzu… pertsona horrekin beste harreman bat sortzen da".

Herriak kinto guztiak berdin ikusten ditu: "Denak kintoak dira". Janzkerarekin ere uniformetasun modu bat dago, "hemen tradizioa baserritarrez jantzita joatea da". Kaletik ikusten dituztenean, beraz, identifikagarriak dira. "Ez zara pertsona jakin batean finkatzen, agian ezagunen bat baduzu bai, baina bestela hor daude kintoak esaten duzu". Hiru urtez ospatzen direnez, "kategorizazio" bat ematen da ere: kinto gazte, kintoak eta kinto zaharrak; hamazazpi, hemezortzi eta hemeretzi urteko kintoak, hurrenez hurren.

Iniziazio frogak
Errituaren barruan hainbat faktore aztertu ditu Galarzak. Hiru urteko prozesu bat denez, kinto gazteek "iniziazio frogak" pasatu behar dituztela ondorioztatu zuen urdiaindarrak. "Ez da zerbait ofiziala. Ez da inon esaten pasatu behar dituztela kinto bihurtzeko, baina modu inkontzientean egiten dira". Froga hauek "alkoholarekin eta arriskuarekin" zerikusia dute, eta kintoek eta kinto zaharrek garatzen dituzte eta kinto gazteek pasatzen dituzte. "Kinto gazteak pasatzen joan behar dira. Kinto onak izan nahi badute, froga pasa beharko dute. Esaterako etxajua hartu eta arrisku asko ekartzen duen erokeria bat egingo du. Alkoholarekin lotzen baduzu eta ahalik eta alkohol gehiago kontsumitzen baduzu eta arrisku gehien duen zerbait egiten baduzu, kinto hobea izango zara". Kinto gazteen urteak "nolabait" kinto garai guztia markatzen du. "Zure ekarpenak kontuan hartuko dira. Urteak pasa ahala, oraindik ere, kintotan egin zituzten gauzak gogoratuko dituzte lagunek".


Urdiaingo kintoak 2016. ARTXIBOA

Iniziazio froga hauek aztertuz nabaritu zuen antropologoak mutilen eta nesken arteko lehenengo desberdintasuna: Froga horiek arriskuarekin zerikusia dute, eta, beraz, maskulinitatea eta birilitatea erakustearekin elkartzen direla azaldu du. "Emakumeak kanpo gelditzen dira, eta zerbaitetan parte hartzen badute edo zerbait egiten badute, ez da hain arriskutsua izango; ez da ondoren gogoratuko". Emakumeek ez dute festa "kontuan hartzen". "Kinto gaztea nintzenean, azken egunean, beste neska batekin nengoen eta beste guztiak kinto mutil zaharrak ziren. Azkenak gelditu ginen eta oso harro sentitzen ginen. Ardoaren bota hartu genuen eta lokala margotu genuen". Handik egun batzuetara margotu behar izan zuten. Ez du inork oroitzen, "eta mutil batek egingo balu, gogoratuko zen". Momentu honetan "tontakeri bat" egin zutela uste du, baina momentuan "harrokeri puntu hori" izan zuen: "kintoa zara". "Beraiek badakite emakumea kanpo gelditzen dela. Gauza horiek erabiltzen dituzte erakusteko ez dela gure lekua. Etxajuak eta petardoak botatzen hasten badira badakite ez zaikigula, orokorrean, gustatzen. Eta orduan zuri botatzen dizkizute, hanketara".

Herriaren onarpena
Kintoetan ematen den beste faktore bat herriaren onarpena da. "Herriari gustatzen zaio jakitea kintoak non dauden, hiru egunez musika topera egoten da eta parranda egiten da, eta herriak kintoak direla ikusten du, pasa beharreko etapa bat dela". Etxean ere "normalean" onartzen diren egoerak eta jarrerak onartzen direla azaldu du Galarzak: "Etxera goizeko zortzietan iritsi, lo gutxi egin, eta hamabietarako berriz kalera atera". Egin beharrekoa bezala ulertzen da. "Ez zara haurra, ez heldua. Kintoa zara". Behin garai hori pasata "etapa horretan egiten zenuena" ezin dela berriz egin aipatu du urdiaindarrak.

Euskal Herrian kuadrillen zentzua oso handia da. Kuadrilla bat betidanik eta betirako izango da, eta lagun horiek "zure benetako lagunak" izango dira. "Harremanak oso mugatuak daude". Baina kintoetan laguntasun berri bat sortzen dela ondorioztatu zuen Galarzak. "Kintoen arteko harremana sortzen da. Egiten duzun laguntasun hori betirako izango da: beti izango da kintoena". Kintoekin egiten den harremana oso estua izango dela azaldu du antropologoak: "Kinto garaian asko elkarbizitzen duzu. Egun osoa pasatzen duzu zure kintoekin, eta miseriak ere pasatzen dituzu: boletoak saldu, dirua eskatu, euria…". Baina egin beharrekoa da. "Pertsona horiekin zaude".

Horren ondorioz "zeharkako laguntasuna" deitutako harremana sortzen da: "Agian kinto batek ez ditu beste kuadrillako batekin kintoak egin, baina bai kuadrilla horretako beste pertsona batekin. Ondorioz, bi pertsona horiek ere harremana izango dute".


Urdiaingo kintoak 2016. MAIALEN GALARZA

Faktore honetan ere emakumeak kanpo gelditzen dira. "Josepa Cucó i Ginerrek azaldu zuen laguntasuna maskulinoa zela. Giro sozialean ematen den zerbait da, eta emakumea giro horretatik kanpo egon da". Ondorioz, laguntasuna maskulinitatearekin eta lehialtasunarekin lotzen da. "Laguntasunak iniziazio frogekin zerikusi handia dauka: nik hau egin nuen, lehiala naizelako. Biok bizi izan dugu. Horrekin erakusten dizut zure laguna naizela". Gizonen eta emakumeen arteko laguntasun hori ez da "hain indartsua". "Sare hauek ez dira berdin lotzen".

Soldaduska
Kintoen festaren jatorriaz ikertzeko Galarzak Julian Etxeberria urdiaindarrarekin hitz egin zuen. "Kintoak soldaduskarekin lotu nituen. Desberdin ospatzen ziren". Etxeberriak azaldu zion garai bateko soldaduska, Santa Ageda eta kintoak. "Talla egunean Iruñera joaten ziren neurriak hartzera, eta orduan bueltatzerakoan bazkari edo afari bat egiten zuten. Betiere emakumerik gabe". Gero, Santa Ageda ospatzen zuten. "Herriko ezkongabeek egiten zuten, eta kristoren festa zen. Oso garrantzitsua". Ezkondu ondoren ospatzeari uzten zioten, eta lanagatik beste herrietara joaten hasi zirenean festa hori galduz joan zen. "Gero intsumisioaren garaia iritsi zen. Ez zuten soldaduska egiten, eta orduan kintoak ospatuko zituzten edo ez?".

Kintoak gaur egun ezagutzen diren bezala ospatzen hasi ziren. "Hiru egunetan ospatzen ziren ere". Larunbatean bazkaltzera joaten ziren, "eta orduan erabakitzen zuten emakumeak kafera gonbidatu edo ez. Emakumeek itxoin behar zuten". Egunean bertan erabakitzen zuten, eta kinto guztien kontsentzua behar zuten. "Bestela, ez zituzten gonbidatzen".

Zortzikoa
"Banderari zin berri" moduan izendatu du Galarzak zortzikoa. "Soldaduskan banderaren zin egiten dutenean benetan soldadu bihurtzen dira". Zortzikoarekin antzekotasunak ikusten ditu: "Zortzikoa da kintoa benetan kinto bihurtzen den monumentua. Herriari erakusten dio benetan kintoa dela, duina dela kinto izateko". Herriari eskerrak emateko modu bat da ere zortzikoa.


Urdiaingo kintoek dantzatzen dute zortzikoa, kinto gazteak laguntzaile direla. ARTXIBOA

Zortzikoa oso une garrantzitsua da. Kintoek, hemezortzi urte betetzen dutenek, dantzatzen dute eta kinto gazteak laguntzaileak dira. Jende kopuruaren arabera zaharrek ere laguntzen dute, baina normalean haien egitekoa bete dute. "Momentu horretan herriak ikusten du nor den kinto, eta rolen edo mailen identifikazioa suertatzen da". Jendeak identifikatzen ditu kintoak, gazteak eta zaharrak.

Gaur egun neskek dantzatzen dute. Baina nahiko berria da. Sarabe Arakamak dantzatu zuen lehenengo aldiz 2016an, eta lehenengo neska eta bere urtean bakarra izan zen. "Orain arte identifikazio hori emakumeetan ezin zen eman". Emakumeak plazara ateratzen ziren, "jarri hemen" esaten zieten eta gero herria ateratzen zen. Ardo banaketarekin ere desberdintasunak nabariak direla azaldu du Galarzak: "Katilua gizonak hartzen du, emakumeari pasatzen dio, edaten du eta gizonari itzultzen dio".

Arazoak
"Bere momentuan arazo asko egon ziren emakumeak dantzatzearen harira". Galarzak gogoratzen duenez, bere garaian kinto zahar batek dantzatzea proposatu zien. "Bere garaian neska batek dantzatu nahi izan zuen, eta ez zioten utzi. Azkenean, ez zuen dantzatu". Neskak haserretu ziren eta horregatik kinto horrek galdetu zien. "Guk ezetz esan genuen. Bere garaian ajearekin dantzatu behar genuela eta lehenengoak izango ginela pentsatzen genuen. Orain beste modu batera ikusten dut". Baina denborarekin ikusita, "beti hor" izango dutela aitortu du. Arakamaren kintadako emakume bati elkarrizketa egin zion, eta eskaini zioten arren hark ere ezetz esan zuen: "Beldurra, jendearen zeresanak, lehen neska izatea… sentimendu asko egon ziren". Barruan bazuela aitortu zion ere.

Lehenengo emakumeak dantzatu zuen arren "egitura" ez zela aldatu aipatu du Galarzak. "Oso berandu gertatu zen, eta ikusi nuenean asko poztu nintzen. Baina gero pentsatuta ez zuen zentzurik". Laguntzaile guztiak gizonak ziren, antolaketak maskulinoa izaten jarraitzen zuen. "Zein puntutaraino eman zen aldaketa?". Gaur egun nahi duenak dantzatzen du, eta egitura mistoa da. "Hitzaldia prestatzen nengoenean pentsatu nuen: nork du legitimitatea esaten dantzatu ahal dudan edo ez? Sarabe lehenengoa izan zen utzi ziotelako". Onarpen bat jaso behar izan zuen. Norbaitek, gizonek, ikusi zuten logikoa zela emakumeak dantzatzea. "Desberdinkeri sozialen aurrean zapalduak beti aurrerapausoak ematen ditu pribilegiatuak ikusten duenean aurrerapauso horrek logika duela". Emakumeek ere ez dute erabaki; baimena eman diete. "Hori ikusi nuen". Zortzikoan hastapenak eman diren arren, asteburuan gertatzen dena "berdin" jarraitzen duela esan du Galarzak.

Emakumeen papera
"Nik esango nuke ez duela paperik". Zaintza lanarekin lotu ditu bai kintoak bai Santa Joan Kantaita. "Emakumea historikoki arriskutik aldendu da, orduan, kintoetan hartzen duen rola bigarren plano batean zaindari lana da. Zaintzen ematen ditu egunak. Hau ez egin, hau arriskutsua da…". Besteen ongizatea begiratzen dute. "Neskak mozkortzen dira, baina besteak mozkortzen direnean ere ezinean daudenean, mutila aterako da esango dio oso ongi eta animo eta parrandara itzuliko da. Neska berarekin geldituko da, ura eskainiko dio, etxera lagunduko du…".


Maialen Galarzak Urdiaingo kintoak eta San Juango Kantaita aztertu ditu. ARTXIBOA

Erritu gutxi daude emakumeak protagonista dituenak. Haietako bat San Joan Kantaita da. "Berezia da protagonismoa izatea, eta aztertu nahi izan nuen zergatik duen emakumeak protagonismoa erritu horretan". Kantaita eskaera bat da; uzta ona izateko eskaera. "Urte osoan elikadura izatea eskatzen da". Emakumeek erritu honen bidez herri osoaren "ongizatea" bilatzen dute.

Kintoetan gazteen identifikazioa egiten da, aldiz, Kantaita erritu "izkutua" da. "Emakumeei ez zaie aurpegia ikusten, jantziekin ezkondua edo ezkongabea den kategorizatzen zaie…". Emakumeek ez dute protagonismoa emakume bezala.

Protagonismoa
Herriko bi erritu oso garrantzitsuak dira kintoak eta Kantaita. "Herriaren nortasunean zeresan handia dute". Galarzak haien inguruan hausnartzea nahi du. "Kantaita egiten dugunean, ez dugu planteatzen. Herrirako zerbait garrantzitsua egiten duzula uste duzu. Eskari bat bazela, baina ez genuen planteatzen zer ari ginen eskatzen". Zaindari lana egiten ari ziren, azkenean. Kintotan ere "ez genekien zein zen gure rola. Hor geunden eta ospatzen genuen". Hein handi batean, zaindariak ziren ere.

Emakumeek dantzatu nahi zutela esaten hasi zirenean, "beraien mehatxua zen: eta nik Kantaitan egiten badut? Egin nahi baduzu. Ni ez naiz inor ezetz esateko". Baina gizonek ez dute egin nahi. "Ez dute protagonismo hori konpartitu nahi; ez da protagonismo duin bat. Zaintza da, erritu femenino bat. Ez dute horretan parte hartu nahi". Olatz Gonzalez antropologoak, Galarzaren GrALaren tutoreak, protagonista hitzaren jatorria azaldu zuen: "Proto eta agonista esan nahi du, hau da, agonerako lana egiten duena. Agonerako duina den pertsona, eta agona gerra da". Beraz, protagonista gizona da, agonerako duina delako. Agona egiten duelako. "Kantaitan protagonistak emakumeak dira, baina emakume hori zeihartasun bat bihurtzen da. Inpertsonala da". Ez dute aurpegirik. Kolektibo bat da, "protagonismoa galtzen dute. Herria lagundu behar dute eta ez dute nabarmendu nahi". Kintoak "guztiz" kontrakoa dira. Besteak beste, Celia Moros, Van Gennep, Victor Turner eta Bourdier antropologoen lanetan oinarritu da.

"Antropologoa naiz eta tradizioak eta errituak izugarri gustatzen zaizkit. Baina aldatu daitezke eta aldatzeagatik ez du esan nahi lehen zuten garrantzia hori galtzen dutela". Errituak eta tradizioak gizarte eta ziklo baten isla direla azaldu du Galarzak: "Errituak gizartea eraikitzen du eta gizarteak erritua eraikitzen du". Hortaz, antropologoak festa hauek ospatzean "kontziente" izatea nahi du, "zertan parte hartzen ari diren eta nola parte hartzen duten konturatzea". Bestetik, "gizona izateko" ez direla gauza "horiek" egin behar esan du: "Ez da behar petardo bat estolda batean sartzea gizona zarela erakusteko". Baina hori ikustea zaila da. Jarrera kritikoa izatea nahi du: "Gazteak nik uste kritikoagoak direla, baina guk ere hausnartu behar dugu. Zaintza ez da berez txarra, baina muga horretatik aldentzea oso zaila da".

Dokumentuaren akzioak