Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Igandean hasiko dira maskaradak

Dokumentuaren akzioak

Igandean hasiko dira maskaradak

Aurten bai. Gamere-Zihigako gazteriak aurten bai maskaradak emanen ditu igande honetan Zihigan hasirik. Joan den urtean herrian ezbeharra izan eta maskaradak prestatzeko lanak gelditu zituzten, lekua ikastoletako ikasle ohiei utzirik. Joan den igandean berriz bildu ziren azken mustraka (errepika) egiteko, eta igande honetan hasiko dute neguko ibilbidea.
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2013/02/08
Lotura
Iparraldeko Hitza

"Izugarri kontent gara maskaradatik hurbiltzen ari garelako, bazen urte bat behar genuela egin, baina maluruski malur bat ukan genuen herrian... Hor egiazki plazer egiten du berdin urte batez utzirik, heldu baikara gazteen arrajuntatzera. Saiatuko gara gure hoberenaren egitea momentu on baten iragateko". Mathieu Tauzinen hitzak horiek ziren, joan den igandean, Altzaiko plazan egin duten azken mustrakaren ondotik. Kabana Handiaren rola betetzeaz gain, taldearen dinamizatzaile lanetan ere ari izan da.

Gazte saldo txikia bildu dute gamerearrek. Doi-doia behar dena pertsonaia guztiak betetzeko gisan. Kanpoko batzuen beharra ere ukan dute, Gamere-Zihiga herri euskalduna bada ere biztanle gutxi direlako. "Badira hiru Iruritik horra direnak. Uste dut orain herri orotan izanen dela zer egin maskarada baten egiteko herritarrekin baizik. Gure herrian bezala, Gameren, behar da jakin ehun biztanle baizik ez garela eta hor 30 gazte gara juntatzen, orduan familiakoak eta oro bildu ditugu, ez da nehor ere bazter egoten".

Garai berrietako antolaketa

Kabanak aipatzen duena ez da bere herrira mugatzen, azken urteetan agertu den fenomenoa baita. Biztanle gutxiago, eta gazte gutxiago bada maskaradetara abiatzeko. Azken urteetan, hainbat herritan euskaldunak ere ments baitziren, auzoengana joaten ziren Pitxu, Kabana edo buhame jaun baten xerka.

Gamere-Zihigan, berriz, gutxi izanik ere, gazte gehienak euskaldunak dira, beltzetan bereziki. Buhame jauna (Benoit Tauzin), Kabana eta Pitxuz (Michel Garikoitz) gain, beltzerian gehienek ontsa menperatzen dute euskara. Horren froga da beste herrietakoak xorrotxen jokoan edo dantzan ariko direla, hots, euskara menperatu behar ez den roletan. Baina igandean, beltzek ez zuten erakutsi euskaraz ihardukitzeko duten gaitasuna, oraino elkarren arteko jokoa ondu behar baitute, igandez igande.

Maskaradaren pertsonaia guztiei bizia emateko, jadanik maskarada bat baino haboro egin dutenengana ere jo dute. "Jauna Serge Ager Bagaia da; maskarada bat baino gehiago egin ditu, eta horietarik batean Kabana Handia izan zen, Ligiko maskaradetan". Mathieu Tauzin buru ukanen duen kauter taldean ere, jaunaren adin berdintsua duen Nicolas Urruti ariko da.

Xorrotxak, kasketa gainean urtxintxa bat duten kantariak, Maider Larrori eta Justine Ager izanen dira. Tauzinen erranetan, azkenaldiko aldaketei segida emanez: "badira urte batzuk orain, mutilek betetzen zituzten rolak neskek haien gain hartu dituztela, beharbada mutiko gutxiago badelako herrietan; baina berdin ongi egiten dute, eta ongi da hori hola izan dadin".

Talde txikia ukaiteak baditu bere lanjerrak; igandean bat falta zitzaien: "Kherestu [pertsonaia biarnesa] batek min hartu du lanean; beraz, ez du bere rola betetzen ahalko, baina ordezkatu dugu buhame batekin; bi rolak bete beharko ditu".

Plazara abiatzeko prest

Azken mustraka, gehienetan bezala, hutsez eta dudaz tartekatua izan zen. Buhame jaunaren lagunetan ausardia ments, dantzari batzuek zein urrats dantzatu jakin gabe, eta Jean-Louis Aranburu Bidabe-k ondu kantua berrikusi behar. Horrela izaten dira gehienak. Lehen maskaradetan joanen dira finkatzen denak, azkenetara konfiantza handiagoarekin heltzeko.

Igandean hasiko dute, beraz, Zuberoan gaindi eginen duten herriz herriko ibilbidea. Zihigan hasiko dira, Gameren emateko azkena. Igandean 10:00etan ezarri dute hitzordua barrikadekin hasteko, eta hitz eman dute arratsaldean plazako jokoa tenorez hasiko dutela: 15:00etan Zihigako plazan.

Orotara, 13 maskarada eginen dituzte Zuberoan, gehi beste bat Hondarribian, maiatzean. "Gazteek badituzte bestalde kirolak edo azterketak, baina bukatua izanen dugu azterketentzat". Pausarik egin gabe ariko dira, beraz, igandeetan Ligin, Arrokiagan, Atharratzen, Barkoxen, Zalgizen, Alozen, Urdiñarben, Larrainen, Altzain, Ozaze-Züharan eta azkena, Gameren, maiatzaren 5ean.

Dokumentuaren akzioak