Dokumentuaren akzioak
Igandean Donostiako Ilunben Euskal herriko hamaika dantza taldek ikuskizunaeskainiko dute
2.500 dantzari bilduko ditu Dantzari Egunak, etorkizuna ziurtatu nahian
EUSKAL dantzaren gaineko hainbat arlo aztertzen hasi dira jada Dantzari Egunaren bueltan Donostian. Atzo, tradizioaren egungo ikuspegia eman zuten hainbat adituk, eta ostiralera bitartean hainbat gai izango dituzte mintzagai. Izan ere, dantzaren etorkizuna ez dute ziurtatzen dantza saioek, tradizioari buruzko ezagutza oso kaskarra da, eta egin beharrekoen inguruan gogoeta beharrezkoa dela diote dantzaren munduko ordezkariek, kezkagarria baita egoera, diotenez. Era berean, Euskal Herriko txoko guztietatik joango dira Donostiara, Dantzari Egunera, 2.500 dantzari, dantzaz euskal kulturaren arlo horren garrantziaz ohartaraztera.
Urtero herrialde baten esku egoten da Dantzarien Eguna antolatzea, eta iaz Araban izan ondoren (Laudion), aurten Gipuzkoaren txanda da. Hain zuzen, Donostiako Ilunbe zezen plazan eta Anoeta inguruan izango dira egun nagusiko ekitaldiak. Bezperan Donostiako Alde Zaharrean izango diren ikuskizunak izango dira egun handiaren iragarle.
Igandea topagune nagusia
Igandean 11:00etan hasiko da eguna dantzarientzat eta zaletuentzat Donostian. Araba parketik Anoetako jaigunera kalejira egingo da, eta 12:00etan izango da ekitaldi nagusia Ilunbeko zezen plazan. Dantza taldeeek tokian tokiko berezitasunak eskainiko dituzte, eta Larrain dantza, Fandangoa eta Arin-arina eskainiz amaituko dute 14:00etan ekitaldi nagusia. Bazkalostean, erromeria izango da jaigunean, trikitilari, txistulari, dultzainero eta txarangekin batera.
Atzo egin zuten Donostian aurkezpena, Euskal Dantzarien Biltzarreko (EDB) lehendakari Maribel Ortiz Zaratek eta Gipuzkoako EDBko lehendakari Xabier Mendizabalek. Mendizabalek esan zuenaren arabera, «Oraindik izena ematen ari dira taldeak, baina 2.500dik gora izango dira parte hartzaileak. Ilunben bilduko den kopuru horri esker, ikuskizuna erakargarria izango da, oso koloretsua».
Aurtengo kartela Eduardo Txillidak egin du, eta aurkezpenera joateko asmoa bazuen ere, Mendizabalek esan zuenez, «gaixorik dago eta ezin izan du hona etorri». Antolatzaileek eskertu zuten Txillidak egindako lana.
1967an egin zen lehen Dantzari Eguna Miarritzen. Harrezkero hamaika herri izan dira topagune. Ordutik lau urtean egin du huts, gehienetan eguraldiaren eraginez, baina aurten ez da arazo hori egongo, Mendizabalek esan zuenez: «Eguraldia ez da jendea gerturatzeko oztopo izango. Txarra eginez gero ere Ilunben ez baitago arazorik» 2.500dik gora dantzariez gain, datorren igandean dantza zaletu anitzek ekitaldietan parte hartzea espero dutela adierazi zuten atzo antolatzaileek.
Dokumentuaren akzioak