Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Icíar Bollaín, Isaki Lacuesta, Rodrigo Sorogoyen eta Carlos Vermut, Zinemaldiaren Sail Ofizialean

Dokumentuaren akzioak

Icíar Bollaín, Isaki Lacuesta, Rodrigo Sorogoyen eta Carlos Vermut, Zinemaldiaren Sail Ofizialean

Enrique Urbizuk eta Jorge Doradok "Gigantes" telesaila aurkeztuko dute, eta Telmo Esnalek "Dantza" bere azken lana

Icíar Bollaín, Isaki Lacuesta, Rodrigo Sorogoyen eta Carlos Vermut zinemagileak irailaren 21etik 29ra ospatuko den 66. Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango dira. Gainera, Enrique Urbizuk eta Jorge Doradok zuzendutako "Gigantes" telesailak lehiaketaz kanpo parte hartuko du, eta Telmo Esnalen "Dantza" eta José Luis Cuerdaren "Tiempo después" filmak proiektatuko dira Sail Ofizialean.
Komunikabidea
Deia
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2018/07/20
Lotura
Deia

Donostia Zinemaldian ikusi ahal izango diren Espainian ekoitzitako 19 film aurkeztu dira ostiral honetan, Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan, Madrilen. José Luis Rebordinos zuzendariak eta Ruth Pérez de Anucitak Komunikazio arduradunak jakinarazi dituzte Sail Ofizialean eta New Directors, Zabaltegi-Tabakalera eta Perlak sailetan aurkeztuko diren filmak.

Horrela, Icíar Bollaín (Madril, 1967) hirugarren aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko, "Yuli" filmarekin. Sail Ofizialean aurkeztu zuen "Te doy mis ojos" (2003), eta Laia Marull eta Luis Tosar protagonistek bi Zilarrezko Maskor eraman zituzten. Ondoren, "Mataharis" (2007) aurkeztu zuen, eta aurten, "Yuli" filman, Londreseko Royal Ballet-eko dantzari nagusi bihurtu zen lehen beltzaren historiari heldu dio, Paul Laverty-k Carlos Acostaren "No Way Home" kontakizun autobiografikoa oinarri harturik idatzitako gidoiarekin.

Isaki Lacuesta (Girona, 1975) ere hirugarrenez lehiatuko Urrezko Maskorra lortzeko, baina laugarrenez parte hartuko du Sail Ofizialean, "Murieron por encima de sus posibilidades" lehiaketaz kanpo aukeratua izan baitzen. Lacuestak irabazi du Zinemaldiko sari nagusia, "Los pasos dobles" (2011) filmari esker. Orain "Entre dos aguas" aurkeztuko du, "La leyenda del tiempo" bere lehen filmetako batean nerabe zirenean agertzen ziren bi anaia ijitok protagonizatutako filma.

Halaber, Carlos Vermutek (Madril, 1980) ere Urrezko Maskorra dauka irabazitako sarien zerrendan, "Magical Girl (2014)" bigarren filmarekin lortu baitzuen. Berak ere idatzitako "Quién te cantará" obran, Najwa Nimri, Eva Llorach, Carme Elías eta Natalia de Molina aktoreak bildu ditu eszenatokietara itzuli baino apur bat lehenago oroimena galduko duen abeslari baten istorioa kontatzeko.

Gainera, Rodrigo Sorogoyen (Madril, 1981) bigarren aldiz sartu da Sail Ofizialeko aukeraketan. 2016an, "Que Dios nos perdone" lanari esker, Gidoi Onenaren Saria eraman zuten zuzendariak eta Isabel Peñak. "El Reino" da bere lan berriena, eta Antonio de la Torrek protagonizatzen du, ustelkeria konplot batean nahastutako politikari bat hezurmarmituz.

Bestalde, bigarren urtez jarraian, telesail bat sartu da Sail Ofizialeko hautaketan. Alberto Rodríguez-en "La peste" lanaren ondoren, Enrique Urbizuk (Bilbo, 1962) eta Jorge Doradok (Madril, 1976) zuzendutako "Gigantes" aurkeztuko du Donostia Zinemaldiak, lehiaketaz kanpo. Urbizu Sail Ofizialean lehiatu zen 2012an "No habrá paz para los malvados" bere azken filmarekin, eta oraingoan ere José Coronado zuzenduko du.

"DANTZA"
Halaber, proiekzio berezien atalean Telmo Esnalen azken lana izango da: "Dantza". Glocal in Progress Industria sariaren irabazle izan zen Europan hizkuntza ez hegemonikoetan egindako ekoizpenetarako jardueraren lehen edizioan.

Esnalek (Zarautz, 1966) lehenengo aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean. Aurretik, New Directors sailerako aukeratu zuten, Asier Altunarekin batera zuzendutako "Aupa Etxebeste" (2005) eta "Urte berri on, amona" (2009) filmei esker. Lehenengoarekin, gainera, Gazteriaren saria irabazi zuen.

Orobat, proiekzio berezien artean sartuko da José Luis Cuerdaren (Albacete, 1947) laugarren parte hartzea Sail Ofizialean, "Pares y nones", "El bosque animado" eta "La lengua de las mariposas" aurkeztu ondoren. Zuzendari, gidoilari eta ekoizle espainiarrak "Tiempo después" estreinatuko du, "Amanece, que no es poco" obraren sekuela. Hain zuzen, bere film ospetsuenetakoa da "Amanece, que no es poco".

BESTE SAILAK
Sail Ofizialeko parte hartzeari New Directors sailean jadanik iragarri diren Espainiako ekoizpenak gehitu behar zaizkio: Koldo Almandozek (Donostia, 1973) "Oreina" bere bigarren film luzea aurksztuko du;Elías León Siminianik (Santander, 1971), "Apuntes para una película";Celia Rico Clavellinok (Sevilla, 1982) "Viaje al cuarto de una madre";eta Francisco Marisek (La Plata, Argentina, 1985) "Para la guerra".

Halaber, Ikusmira Berriak egonaldi programaren lehenengo edizioan parte hartutako Xacio Bañoren "Trote" eta Federico Veirojen "Belmonte" filmekin batera beste hiru lan sartu dira Zabaltegi-Tabakalerako programazioan: Lola Ariasen (Buenos Aires, 1976) "Teatro de guerra" film luzea eta Maddi Barberren (Iruñea, 1988) "592 metroz goiti" eta Elena López Rieraren (Orihuela, Alacant, 1982) "Los que desean" film laburrak.

Azkenik, Perlak sailean aurretik jakinarazitako Raúl de la Fuente eta Damián Nenow zuzendarien "Un día más con vida / Another Day of Life" eta Luis Ortegaren "El ángel" filmei, Jaime Rosalesen (Bartzelona, 1970) "Petra" gehitu zaie.

Icíar Bollaín eta Juan Gordon Zinemaldiaren aurkezpenenan

Icíar Bollaín eta Juan Gordon Zinemaldiaren aurkezpenenan (EFE)

Dokumentuaren akzioak