Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gerlen gainetik, Afrika aldatu nahi duen gazteria kontziente bat ere bada»

Dokumentuaren akzioak

«Gerlen gainetik, Afrika aldatu nahi duen gazteria kontziente bat ere bada»

Ibrahima Ndiaye 'Kaolack' - Dantzaria

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2008/10/31

«Dantzaren bidez bizi gara, eta beraz, dantzaren bidez garaituko dugu», horretan sinesten du buru-belarri 26 urteko Pape Ibrahima Ndiaye Ndiaye Kaolack dantzari senegaldarrak. Eskola aspaldian bazterturik, ura saltzen handitu dela, karrika izan du hezitzaile nagusi. Agian, karrikatik etorri zaio dantzaz mintzatzeko orduan ageri zaion gosea.

Dantza maite du, dantzan aritu nahi du eta dantzaz erresistitu nahi du. «Gure kultura zoragarria da. Eta, beraz, artista gisa, bil dezakedan informazio guztia bilduko dut nire heriotzaraino ahal bezain artista handia izateko. Zurginak, harginak, irakasleak, garbitzaileak, den-denek egin dezakete gauza bera. Ez da azpilanik. Bakoitzak bere lana egin eta bere maneran erresistitu dezake sistemaren aurka. Pobrea beti pobre izaten segitzera behartzen duen sistemaren aurka. Beti eskean ibiltzera behartzen gaitu Europak, eta aldi berean gure aberastasuna ebasten segitzen du».

Karrikako ur saltzaile izatetik egin du bide Kaolack-ek. Betidanik artista izan nahi zuela jakin eta, familia azkenean konbentziturik dantza ez dela neskentzat bakarrik, Dakarren hasi zen dantza ikasten. Laster Germaine Acognyren Harearen Eskola handian sartu eta, horri esker, munduan zehar dabil orain.

Gaur, Miarritzera J'accuse izeneko bakarkako dantza ekarriko du. 20:30ean Gare du Midi aretoan izanen da, Hego Afrikako Inzalo D.T.C. eta Kongoko Baninga konpainiaren ondoan. Guztiak, Danse Afrique Danse izenburuko Afrika eta Indiako Ozeanoko koreografien 7. trukaketen irabazleak dira. Sariak eskaini aukera bereziki beste afrikarrekin nahasteko aukera bezala ikusten du Kaolack-ek: «Hegoafrikar, senegaldar eta kongoarrak nahasirik gaude. Politikariak hori ezin lorturik dabiltza. Argazkian denak elkarrekin irriz ikusten dira, baina dena faltsua da. Ez dute elkar maite. Beti afrikar batek du beste afrikarra hiltzen. Dantzariok, aldiz, elkarrekin gabiltza. Gauero indar baikorra barreiatzen dugu. Badela besterik erakusten. Telebistan ikus daitezkeen gerla eta horrelakoen gainetik Afrika aldatu nahi duen gazteria fresko bat badago. Kontziente den gazteria. Guztiak ez gara bortxatzaile sadiko kriminal batzuk. Afrika guztia ez du ihesak kutsatua».

Haurride afrikarrei mintzo

Kanpokoei erakutsi eta barnekoak inarrosi: «Haurride afrikarrei frogatu nahi diegu ez dugula Europaren beha egon behar, guhaurren esku da gure herrien garatzea». Anartean, obra hau Europan gaindi ematen ari dela, Afrikan ezin emanez dabil, nehork ez du gonbidatzen. Etsitu gabe, berdin segitzen du Kaolack-ek, arrunt bereganaturik oraino egitekoa duen bideaz. Noizbait agian, bere dantzak eta bere besteenak erakusteko leku bat sortuko duelakoan, «egiazko espazio bat eta ez orain bezala egiten diren kopiatze huts horietakoa», J'accuse obrarekin (Akusatzen dut) hori guztia eta gehiago esaten dabil: «Egiazki gertatu zitzaidan istorio batetik abiatu zait ideia. Marokon Visa bat eskuratu behar nuen Italiara dantzatzera joateko. Baina ez naute joaten utzi, nire pasaportea faltsua zelakoan. Nonbait, jarrera hori ulertzen du. Europaren mugan diren herri horiek beldurtuta daude, Europak gaztigatzen ditu alimaleko isunak ordaintzera behartzen dituztelako. Zuriak ez du ezagutzen nor den nor. Beltz bat ikusten du. Agian, nik Kaolack gisa gauza baikor bat egiten badut, behar bada zuriak nire haurridearen baitan ere zerbait baikorra ikusiko du».

Dokumentuaren akzioak