Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ibon Huarte errenteriarrak irabazi du Euskadiko Aurresku Txapelketa

Dokumentuaren akzioak

Ibon Huarte errenteriarrak irabazi du Euskadiko Aurresku Txapelketa

Aritz Iglesias eta Jon Ibarguren gelditu dira bigarren eta hirugarren. Txapelduna Kukai eta Ereintzan ari da

Egilea
Felix Ibartgutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Pasaia
Mota
Albistea
Data
2008/06/01
Ia bizi guztia dantzan eman duena da Ibon Huarte. Sei urte zituela hasi zen jaioterriko Ereintza taldean eta orain ere hor darrai. Atzokoa bigarren aldia da Euskadiko Aurresku Txapelketa irabazten duena, 2006an ere gailendu bai-tzen. Iaz min hartuta zegoenez ez zuen parte hartu, eta Aritz Salamancak eraman zuen txapela. Lehia ederra izango zen Salamanca eta Huarteren artekoa, baina atzokoan Aritz zegoen min hartuta, berriz, eta ezin izan zen jardun.

Kukai dantza taldeko kide ere bada Ibon Huarte, hasieratik gainera. Sei urte daramatza, beraz. Orain hirugarren ikuskizuna ari da eskaintzen. «Estreinaldi ofiziala uztailaren 11n izango da, Tabakaleran, Donostiako antzerki feriaren barruan. Orain aurreestreinaldi batzuk ari gara egiten, eta atzo Zornotzan izan ginen. Joseba Sarrionandiaren olerki batzuk ditu oinarrian. Izenburu hau dauka ikuskizunak: Hnuy illa».

«Oso pozik» zegoen dantzari errenteriarra atzoko saioa bukatutakoan. «Oso ondo aurkitzen nin-tzen, uste dut Kukaiko entsegu eta emanaldi horiek lagundu didatela. Gaurko azken dantzan, zortzikoan, nork bere koreografia propioa aurkez zezakeen, eta ohikoa egin dut, aurrera joan ahala zailduz dihoan koreografia eskaini», adierazi zigun.

Hamar dantzarik emana zuten izena txapelketarako, baina azkenean Atarrabiako Iker Larunbe ezin izan zen azaldu, lantokian baimenik eman ez ziotelako. Lehiaketa honetan ohiko aurpegia da Larunbe eta antolatzaileak atsekabetuta zeuden. Gauzak horrela, iazko hamabi partaideetatik aurtengo bederatzietara pasatu da txapelketa.

Laugarren tokian Egoitz Irazabalbeitia donostiarra gelditu zen, bosgarrenean Ander Diaz lezoarra eta seigarrenean Jokin Oria legazpiarra. Beste dantzariak honako hauek izan ziren: Joseba Gurrutxaga (Legazpi), Iñigo Oiarbide (Beasain) eta Xiker Hidalgo (Ordizia). Epaimahaian, berriz, Jesus Mari Garate, Jose Luis Vallejo, Dorleta Fernandez eta Xabier Mendizabal jardun ziren, azkeneko hau Euskal Herriko Dantzarien Biltzarreko lehendakaria.

Lehiaketa antolatzen duen Alkarkide taldeak izen bereko saria sortu du, dantzaren aldeko urteetako lana saritzeko, eta lehenengo edizio honetan Nekane Olideni eman zaio. Aurresku txapelketa hau sortu zenean, orain 28 urte, Pasai Antxoko alkateorde zen eta postu horretatik asko lagundu zuen.

Bestalde, Gazte Mailako Gipuzkoako aurresku txapeldunei eta Euskadiko Neskatxena Txapelketako irabazleek ere egin zuten dantza atzokoan. Batetik, Aritz Olarte oiartzuarra eta Aitor Arrieta errenteriarra; bestetik, Ane Urkia oiar-tzuarra eta Nekane Besada pasaitarra.
Ibon Huarte errenteriarrak irabazi du Euskadiko Aurresku Txapelketa
Dantzarien Biltzarreko lehendakari Mendizabal eta Huarte. [arizmendi]

Dokumentuaren akzioak