Dokumentuaren akzioak
"Sari hau urte askotako lanaren emaitza da"
Ibon Huarte, Euskadiko gipuzkoar aurresku txapelduna
Lehiaketa garrantzitsua da aurresku txapelketa. ¿Sari hau jasotzeak alaitasun berezia eragiten al du?
Kristoren poza ematen du. Aurreko bi urteetan bigarren geratu nintzen, eta gogoan neukan aurrera pauso bat gehiago emateko.
Dantza egiteko modua perfekzionatzeak lan handia suposatzen al du?
Dedikazioa eskatzen du, bai. Izan ere, ez da txapelketarako prestatzea bakarrik; urteak daramatzagu asko entseatzen. Eta saria urte hauen guztien emaitza bezala har dezakegu.
Aurtengo txapelketan aldaketa ugari egon dira. Zer moduz sentitu zara molde berriekin?
Dantzaria azterketa bat egiten balego bezala ez sentitzea nahi zuten antolatzaileek, eta formatu honekin lortu dute giro lasaiago bat sortzea. Baina telebista ere han zegoen, eta horrek ez du asko laguntzen. Lehen aldia da horrelako formatua erabili dutena lehiaketa honetan eta, normala den bezala, badaude hobetzeko puntuak.
Nondik datorkizu afizio hau?
Bi arreba zaharrago ditut, eta haiek dantza egiten zuten. Gurasoek txikitatik bide hori jarraitzera animatu ninduten. Hasi eta giroa gustatu zitzaidan, kirola egiten nuen, eta horregatik aurrera egin dugu.
Esan liteke zure jaioterrian, Errenterian, dantzari 'kantera' joria daukazuela.
Lan asko egiten da eta urtetako kontua da. Orain gu gaude, baina jende asko egon da aurretik ere asko saiatu dena. Horren ondorioa da gaur egun hainbeste dantzari egotea.
Zerk bultzatzen du 21 urteko gazte bat zaletasun honetan buru-belarri jardutera?
Dantza gustatu egiten zait. Gainera, taldeko giroan ere disfrutatu egiten du batek. Bestalde, gure kulturaren alde ere zerbait egiten dugunaren sentsazioa daukat. Alde horretatik ere, polita iruditzen zait.
Aspaldian ari dira dantza-taldeak beren helburuak aztertzen. Aurreskua, adibidez, betiko moldea da. Berrikuntza ala tradizioa, zein bide hartu behar luke etorkizunak?
Bi arlo jorratu behar dira: bai tradizionala, bai gu saiatzen ari garena, dantzari beste ikutu bat ematea. Bestela, beti formazio berdinak eta arropa berdinak erabiliz... azkenik jendea aspertu egiten da. Baina tradiziozko moldeak ere ez dira galdu behar, horiek direlako gure sustraiak eta gure kultura. Baina aireberritzeko ikuskizun berriak ongi etortzen dira.
Dokumentuaren akzioak