Dokumentuaren akzioak
Ibili, dantzatu ordez
Aupa Aritz! Folklore jale baten an-dantzak
Izan ere, prozesioan, protokolo zorrotza dago dantzariei dagokienez. Santua kalean badago, ezin gara dantzatu. Eta mutilek txapela kendu behar dugu, eta neskek xala jarri behar dute.
Niri berezia egiten zait prozesioa. Ez kontu erlijiosoengatik -izatez, meza orduan hamaiketakoa egiten dugu-, baizik eta sanferminetako ekitaldi garrantzitsua izanik gu hor gaudelako.
Gazteago ginenean, gaupasa eginda joaten ginen prozesiora. Garai hartan, prozesioak bi zati zituen, hamaiketakoaren aurretikoa eta ondorengoa. Ondorengo aurpegiak ez ziren aurretikoak bezain ilunak. Baina, azken urteetan, zahartu garelako edo, nahiago izaten dugu lo pixka bat egin. Nik txupinazo egunean parranda egin nuen, noski. Eta, ohi denez, oso parranda gogorra izan zen. Baina gaueko hiruretarako ohean nengoen. Horrela, aiseago jasaten da prozesioa, ia bost orduko kontua baita.
Luze egiten da. Oso luze. Batez ere bukaeran. Goiza akitzeko izugarrizko gogoak dituzunean, betikoen riau-riaua izaten da. Nahiko jende eskuindarra da, eta bidea trabatzen digute, prozesioa are gehiago luza dadin. Oso astuna izaten da hori.
Aurten ere, gutxi batzuek bota dizkigute loreak. Esan nahi baita, Barcinari gehiago esaten diote «eder hori!» guri baino. Baina beti izaten da dantzari ohiren bat, senideren bat edo lagunen bat lausengu egiten diguna. Eta, zera, batzuek ere txistu egiten digute, baina haiei ez diegu kasurik egiten.
Aurten ere, ez dugu ikurrina atera. Kontu korapilatsua da. Baina nik uste dut esan behar dela ikurrinaren aferak UPNren jarreran duela oinarria, ez gurean. Udaletan ikurrina kendu duten gisara, kendu ziguten guri, mehatxu bidez. Baina ikurrina ateratzeko aukera balego, aterako genuke berriz.
Dokumentuaren akzioak